Dimisioak Herrikoa-ko zaintza batzordean

Herrikoa sozietateko zaintza batzordeko zazpi kidek dimisioa aurkeztu dute urriaren 13an iragan zen bilkura baten ondotik. Herrikoa-ren zuzendaritzak misoginia akusazioak gezurtatu ditu

Herrikoa sozietatearen egoitza iragartzen duen panela, haren sarreran. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Kalapita sortu da Herrikoa-ko zaintza batzordean. Urriaren 13an egin zuten bilkura baten ondotik, zazpi kidek dimisioa aurkeztea erabaki dute; horien artean da Peio Bellan batzordeko lehendakaria. Marie Pierre Arrieta, Nadine Gastanbide, Caroline Philipps, Amaia Bizkai, Peio Bellan, Beñat Jauregi eta Paxkal Oxandabaratz dira dimisioa aurkeztu dutenak. Lau emazteek dimititu zuten lehenik, eta hiru gizonezkoek ondoren. Urriaren 13an izandako bilkura«agresibo» eta «konplikatuan» parte hartu zuten batzuek BERRIAri adierazi diote, dimisioak esplikatzeko, emazteen kontrako adierazpen sexistak izan zirela bilkuran. Herrikoa-k «argi eta garbi» gezurtatu du ohar batean:«Ez da neholako misoginiarik izan».

Ipar Euskal Herriko aurrezkia bildu eta harekin enpresen sorrera laguntzen duen arrisku kapitaleko sozietate bat da Herrikoa. Hemen elkarteak sortu zuen, duela berrogei urte, eta ordutik kasik 20 milioi euro inbertitu eta 366 enpresa lagundu ditu

Hiru eta hogei kide artean izan ditzake Herrikoa-ko zaintza batzordeak, eta sozietateko akziodunen batzarrak hautatzen ditu urtero. Herrikoa sozietatearen kudeaketa ikuskatzea eta araudi etikoa errespetatua dela zaintzea da haien funtzioa. Orain arte hamasei kidek osatzen zuten, baina urriaren 13aren ondotik lehertu egin zen. Bellanek BERRIAri aitortu dio gaia konplikatua dela, «isilik egoteko betebeharra» dutelako berez. Honela kontatu du Zoom plataformaren bidez egin zuten bilera: «Izan ziren eztabaida konplikatuak, eta adierazpen sexistak izan ziren; edo gutxienez emazteen kontrakoak. Emazteek dimititzea erabaki dute. Normala iruditzen zait». Ez du gehiagorik erran nahi izan. «Zur eta lur» gelditu zirela azaldu du. Jauregirekin eta Oxandabaratzekin «iritziak trukatu» eta haiek ere dimititzea erabaki zutela azaldu du. Heldu den urtarrilean egitekoa dute Herrikoa-ko akziodunen biltzarra, eta zaintza batzorderako kide berriak bozkatzeko aukera izanen dute bertan. Bellanek erran du ez dela berriz aurkeztuko.

Diskrezio berarekin mintzatu da Beñat Jauregi, Herrikoa sozietatea sortu zuen Hemen elkarteko presidentea. «Herrikoa-n ezin gara mintzatu barnean pasatzen diren gauzez, hori da gure politika. Bilkuraz geroztik aritu naiz barnean gauzak argitzen. Eskatu dudana da Herrikoa-k gure kideei esplikatzea zer pasatu den, bakoitzak jakin dezan eztabaida zer den. Ez nuen nahi baitezpada publikoa izan zedin». Urtarrilean iraganen den biltzar nagusiaren ondotik gauzak «argiago» errateko aukera izanen dela erran du.

Caroline Philipps enpresaburua mintzatu da argien. «Biziki agresiboa izan zen», kontatu du. «Bi pertsonak erran ziguten emazteak zaharregi ginela. Eta ez ginela ordezkari hoberenak; kontseilua gaztetu behar zela. Baziren beste hamabi gizon kontseiluan, baina suposatzen dut haiek ez direla zaharregi», adierazi du. Zehazki, «adin muga» pasatua zuela erran zion gizonetako batek Philipps-i, eta bere ordezkoa bazuela. Ez du izenik eman nahi izan, baina «planifikatua» zutela uste du; «biziki arraroa» izan zela dio. «Nire kasua izan zen lehena; gero, Andere Nahia atakatu zuten». Gertatutakoa «biziki gaizki» hartu zutela erran du. «Oso harrituak ginen. Han ginen han izatea eskatu digutelako». Dimititu duten gainerako kideekin mintzatzen saiatu da BERRIA, baina ez du haiekin harremanetan sartzea lortu.

«Ez da solas misoginorik»

Zaintza batzordean gertatutakoaz galdetuta, horri buruz sozietateak zabaldu duen agiria bidali du Marie Claire Salaberri Herrikoa-ko zuzendari nagusiak. «Herrikoak argi eta garbi gezurtatzen ditu dimisioa eman duten batzordeko kide batzuek egin adierazpenak», idatzia da bertan. Bi ohar ere egiten ditu. Batetik, Herrikoa-k «etnia, erlijioa, politika edo sexu irizpideetan» oinarritutako diskriminazio oro «errefusatzen» duela. «Hori bere araudi etikoan idatzi baloreetarik da, sozietateak kasu guzietan zorrozki errespetatzen duena». Bestetik, zaintza batzordeko kideen betebeharra dela «bilkuretara erregularki jin eta bertan aktiboki parte hartzea», eta hango solasen «konfidentzialtasun osoa» errespetatzea.

Halaber, zehazten du zaintza batzordeko kide emazteei ez zaiela «sekula» eskatu beren lekua beste emazte gazteago batzuei uztea. Agiriaren arabera, batzorde horretan izan diren desadostasunak «belaunaldi desberdinen ordezkatzeari buruzkoak» izan dira. «Bereziki aipatu da ez dagoela 20 eta 50 urte arteko pertsona fisikoa den batzordekide bakar bat ere. Hori da gauza ona, eta Herrikoa-rentzat Euskal Herriko errealitate ekonomikoarekin hozka handia izateko arriskua dakar».

Agirian gehitu dutenez, bilkuraren ondotik «agerian» eman da dimisioa eman duten pertsonetako batzuek ez zutela eskatu den jarraitutasun minimoa errespetatzen, «bilkuren erdiak baino gehiago» huts egin baitituzte. Azkenik, azpimarratu duteazken hamabi hilabeteetan 122 enplegu sortzen lagundu duela Herrikoa-k. «Norabide estrategikoei buruz, kudeaketari buruz, eta politikari buruzko funtsezko desadostasun bihirik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.