'Aita Mari' ontziak 47 etorkin erreskatatu ditu erdialdeko Mediterraneoan

«Gutxieneko eskifaiarekin» dago ontzia, Pasaiara itzultzekoa baitzen. Maltako mediku batek artatu ditu migratzaileak. 55 errefuxiatu daramatzan beste ontzi bat dago galduta

PABLO GARCIA / BESTEAK.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aita Mari itsasontziak 47 migratzaile erreskatatu zituen atzo, Maltako kostaldetik 50-70 bat itsas miliatara. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontziko iturrien arabera, erreskatatutako etorkinen ontziak lau egun igaro ditu noraezean, eta barruan daudenetik sei korderik gabe aurkitu zituzten, atzo goizean. Haurrak daude ontzian, baita haurdun dagoen emakumezko bat ere. Maltago Gobernuak arratsaldeaneman zion ontziari horiek guztiak erreskatatzeko baimena. Mediku bat ere bidali zuen, helikopteroz, ontziaren posiziora, erreskatatutakoen osasun egoera aztertzeko. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik, herenegun Siziliatik (Italia) Pasaiarantz (Gipuzkoa) abiatu zenean ez baitzuen erreskaterik egiteko asmorik, Italiaren debekuak direla eta. Horregatik, «gutxieneko eskifaiarekin» dago. Orain bertan, Aita Mari da Mediterraneoan erreskate lanak egiten ari den ontzi bakarra.

Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak jakinarazi duenez, 55 migratzaile daramatzan beste ontzi bat noraezean dabil Erdialdeko Mediterraneoko uretan, eta litekeena da 85 etorkin zeramatzan hirugarren ontzi bat hondoratu izana. Oraindik ez dute baieztatu, ordea. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren kide Daniel Rivasen esanetan, 55 migratzaile daramatzan ontzia topatutakotik mendebaldera dago, baina ez dakite zehazki non dagoen. Aita Mari-koek ez dakite hura bilatzen ahalegindu ahal izango duten ala ez. «Maltak erabakiko du zer egin behar dugun: erreskatatutakoekin beste ontziaren bila abiatu, edo erreskatatutakoak Maltan porturatu».

Bestetik, herenegun eta atzo artean ia berrehun migratzaile gomazko bi txalupatan iritsi ziren Siziliako (Italia) kostaldera. Rivasen hitzetan, «esaten den bezala, modu autonomoan ailegatu ziren».

Ohartarazi du Aita Mari-n orain ez dutela «gisa horretako egoera bati» erantzuteko nahikoa elikagairik. Itsasontzia Sizilian zegoen porturatuta herenegun goizera arte, eta, koronabirusak herrialdean eragin duen egoeragatik agintariek erreskate lanerako irteerak debekatu dituztenez, etxeratzea erabaki zuten, Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea. «Ontziaren mantenu lanak merkeagoak dira Pasaian».

Egoerak «ezustean» harrapatu ditu. «Siziliako punta gurutzatzen ari ginenean, abisatu ziguten hiru ontzi uretan zeudela. Horiek erreskatatzeko operaziorik ez zegoenez martxan, gure betebehar morala eta legala da haien bila joatea». Baina «gutxieneko eskifaia» darama ontziak: zazpi lagun. «Gure asmoa ez zelako erreskate lanak egitea, Pasaiara bueltatzea baizik».

GKEko kidearen ustez, gertatu denak erakusten du «Europaren koordinazioaren eraginkortasunik eza», baita, zehazki, erdialdeko Mediterraneoaren bueltako herrialdeena ere, Italiarena eta Maltarena. «Duela hiru egunetik zekiten pertsonak zeudela uretan, eta ez dute ezer egin». Aurreikusitakoa alboratu eta «ziztu bizian» jo zuen Aita Mari-k etorkinen ontziak bilatzera.

Migratzaileen berrogeialdia

Sea-Eye Alemaniako GKEaren Alan Kurdi itsasontziak joan den astean egindakoak ziren, atzo arte, Mediterraneoan egindako azken erreskateak. Rivasen arabera, 150 bat lagun erreskatatu zituzten zenbait ontzitatik. Orain Siziliako kostaldean porturatuta dago Alan Kurdi. «Italiako agintarien aginduen zain daude; berrogeialdia igaro dezaten ontzi barruan daude migratzaileak Italiako ontzi batera lekualdatuak izan zain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.