Gidari bako taxi hegalaria

Tecnaliak aerotaxi bat garatu du, eta lehen hegaldi proba egin du Donostian. Hiriko etorkizuneko garraiotzat aurkeztu du: elektrikoa da, eta autonomoa.

Aerotaxira sartzeko atea ibilgailuaren atzeko aldean dago. A. CANELLADA / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako zezen plazako harmailetan, atzo goizean, Tecnaliako ikerlariek plastikozko betaurreko handi batzuk banatu zituzten. Ez ziren 3D betaurrekoak, errealitate areagotua ikusteko; ez zeukaten graduaziorik, etorkizunari behatzeko. Nahikoa zen betaurrekoak kentzea, begi kolpe batez ikusteko zezen plazaren erdian aireratzen gurpilik, hegorik, gidaririk eta —deigarriena— bidaiaririk gabeko taxi bat. Betaurrekoak ez ziren etorkizuneko garraioa izango ei dena gaur ikusteko, baizik eta ikusle sinesgaitzen begietan ez sartzeko lau dronek aireratutako aerotaxiak harrotutako hondar guztia. Aukeran, aurikular batzuen falta sumatu zen, oraingoz zarata handia egiten baitu taxi hegalariak.

2035ean 32.000 milioi eurora iritsiko da aireko taxien negozioa, Porsche Consultingen kalkuluen arabera. Tecnalia, ostera, baikorragoa da, Agustin J. Saenz Tecnaliako merkatuko zuzendariordeak atzo apustu egin baitzuen «bost edo zazpi urte barru» horrelako aireontziak «errealitate» izango direla merkatuan eta zenbait hiritako zeruan. Lasterketan lehen postuetan egon nahi du Tecnaliak, eta fin ari dela zioen Saenzek: «Orainaldiaren eta geroaren arteko mugan gaude». Ezin bizkorrago ibili.

Munduan sei bakarrik

Ez dirudi, gainera, negozio makala izango denik. Gaur egun, droneei lotutako zerbitzuen negozio bolumena dagoeneko 121.000 milioi eurokoa da munduan; bada, gertuko sektore batekin konparatzeko, datorren urterako espero da makina-erremintaren munduko negozio bolumena 120.000 milioira iristea.

Mundu osoan sei aerotaxi prototipo daude bakarrik; horietako bat, Euskal Herrian. Europan, hiru taxi hegalari baino ez daude.

Tecnaliarenak minutu eskas bateko hegaldia egin zuen atzo. Frogatuta geratu zen badakiela bakar-bakarrik hegan egiten, baina lehen taxi hegalariaren bidaiariari ezin galdetu zer sentitzen den adimen artifizialaren besoetan egonda lurretik hamar metrora, azpian sarerik gabe eta bizkarrean paraxutik gabe.

Ezin galdetu, ez zegoelako bidaiaririk. Baina ez boluntario faltagatik, baizik eta araudiak oraingoz ez duelako ahalbidetu. Bidaiaria barruan dutela, lehen hegaldiak datorren urtean egingo dituzte zenbait aerotaxik, Los Angelesen, Dallasen, Dubain, Singapurren eta Tokion.

Aerotaxia hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko diseinatu dute. Pertsona bakarra edo 150 kilogramora arteko kargak garraiatzeko prestatu dute.Hamabost bat minutuko distantziak egin ditzake, gehienez ere hamabost kilometrokoak.

Aerotaxiekin, munduko hirigune guztietako garraio beharren %85 beteko lirateke. Joan-etorriak orduko 90 kilometrorainoko abiaduran egingo lirateke, baina gehienez orduko 190 kilometro har ditzake. Hegaldiaren garaiera, berriz, 100-300 metro izan daiteke. Dena dela, aerotaxien funtzionamendua baimentzeko sortu beharko den araudiak zehaztu beharko ditu bai abiadura muga, bai gehienezko garaiera.

Taxi baten prezioan?

Prototipoaren arduradun Joseba Lasak azaldu zuenez, Tecnaliaren ibilgailuaren berritasuna eta«abantaila lehiakorra» da lau drone burujabe direla propultsioa egiten dutenak: «Dronez osatutako drone bat da». Kontrol aurreratuko sistema bati esker, era independente baina koordinatuan mugitzen dira droneak. «Egonkortasuna, efizientzia, doitasuna eta kabinaren kontrolagarritasuna hobetzen dira; baita kabinako konforta ere».

Helikoptero itxura badu ere, ez da helikopteroa. Lasak esplikatu zuen seguruagoa, egonkorragoa eta moldagarriagoa dela hirian ibiltzeko. Hasteko, hamasei motor dituelako —drone bakoitzak lau dauzka—, «haize eta euri bortitzak ere jasan ditzakeelako», eta ez duelako heliporturik behar. Saenzen esanetan, «espazio estuetan lurreratzeko eta aireratzeko gai izango da, esate baterako autoen aparkaleku batean».

Taxi hegalariarekin, hirietako bi arazo leundu nahi ditu Tecnaliak: batetik, trantsizio energetikoarena, ibilgailu elektrikoa delako; bestetik, mugikortasunarena, lurrekoa arindu dezakeelako. Saenzek, gainera, ez du uste elite batentzako garraioa izango denik: «Orokortzen denean, taxien antzeko prezioa izango du: 30-40 euro bidaiako». Uste du Uberrek autoekin eskaintzen duen zerbitzuaren antzekoa izango dela taxi hegalariena etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.