Langile kopuruak krisia hasi zeneko maila gainditu du, lehen aldiz

Nafarroan inoiz baino langile gehiago kotizatzen ari dira, eta Hego Euskal Herrian 11.000 falta dira goia jotzeko. Behera jarraitzen du langabe kopuruak, gizonen artean batez ere

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Krisi aurreko kopuruetara itzultzeko beste urrats bat egin du Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Krisiaren lehen hotsak 2007ko udan iritsi ziren, baina beste urtebete behar izan zen Euskal Herrian lehen eragin serioak izateko, 2008ko irailean Lehman Brothers lehertu eta munduko finantza sistema seko geratu zenean. Hamar urte baino gehiagoren ondoren, amaitu berri den maiatzean azkenean lortu du landunen kopuruak ospe txarreko hilabete horretako kopurua gainditzea: batez beste, 1.258.414 lagunek kotizatu zuten Gizarte Segurantzan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 2008ko irailean baina ia 3.000 gehiagok. Egia da urte horretako urrian orain baino mila kotizatzaile gehiago izan zirela, udazkenean afiliazioek gora egin ohi dutelako, baina, orduz gero, ez da oraingo kopuruetara hurbildu. 2014ko urtarrilean jo zuen behea, eta orain ia 150.000 kotizatzaile gehiago daude; goia, berriz, 2008ko maiatzean, 1.269.581.

Hego Euskal Herri osoan oraindik 11.000 enplegu gehiago sortu beharko dira maila historikoa gainditzeko, baina Nafarroan jada gertatu dela nabarmendu zuen atzo Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariordeak. «Egoera soziala hobera doa, oraindik erritmo motelean, baina aurrera doa», esan zuen, eta beste datu bat eman zuen: urtarriletik maiatzera 7.721 lagunek eskatu dute errenta bermatua, iaz baino %3,9 gutxiago.

Gustura azaldu da Confebask,betetzeko modukoa ikusten baitu urte osorako egindako iragarpena: 14.000 enplegu gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oraingoz, duela urtebete baino 17.000 lagun gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen.

LANGABEZIA
Ohi bezala, behera

Langabe kopuruak jaisten jarraitzen du: maiatzean, 145.316 zeuden erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren, apirilean baino 3.089 gutxiago, eta iazko maiatzean baino 11.001 gutxiago. Kopururik txikiena da 2018ko abenduaz geroztik, baina 2008ko maiatzean baino ia 40.000 gehiago dira. 2013ko martxoan jo zuen goia langabe kopuruak (235.827).

Maiatza hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat —krisirik garai gorrienean ere enplegua sortu duen hilabete bakarra da, ekainarekin batera—, eta aurten bereziki positiboa izan da Bizkaian(-1.336) eta Nafarroan (-1.218). Gipuzkoak du, ordea, langabezia tasarik txikiena (%8,9). Nahiko urrun du Nafarroa (%10,1) eta are urrutiago Araba (%11,7) eta Bizkaia (%12).

Apirilean zerbitzuek egin zioten tira behera langabeziari, Aste Santuak ostalaritzari lotutako lanpostuak ekarri zituelako. Orekatuagoa izan da maiatza: zerbitzuetan 2.165 lagunek utzi zioten langabe izateari, eta 483 industrian, 375 lehen sektorean eta 321 eraikuntzan.

Oreka gutxi dago, berriz, emakumeen eta gizonen artean. Emakumeak dira ia hamar langiletik bat (%58), nahiz eta langileen %48 baizik ez diren. Ondorioz, haien artean langabezia tasa %12,9 da, gizonen artean baino 4,2 puntu handiagoa (%8,7). Maiatzak, gainera, desoreka handitu du: langabe izateari utzi diote 1.897 gizonek, baina soilik 1.192 emakumek.

KONTRATUAK
Lan erreforma, ezbaian

Dena ez da urre lan merkatuan, inondik ere. «Prekaritatea lan munduaren errealitatea da oraindik ere», ziurtatu du ELAk, eta datu bat aipatu du hori esateko: maiatzean sinatu diren kontratuen %92,45 behin-behinekoak izan dira, « azken hilabeteetako kopururik handiena». LABek azken lan erreformei egotzi die aldi baterakotasun handiaren errua: «2012ko erreformaren aurretik Hego Euskal Herrian Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden langileen %53,7k lanaldi osoko lan harreman mugagabea zuten. Orain, %50era egin du behera kopuru horrek». Sindikatu horrek gogorarazi duenez, lehen aldiz Espainiako Gobernuko presidente hautatu zutenean, Pedro Sanchezek agindu zuen erreforma baliogabetuko zuela, baina ordutik atzera egin du; «langile klaseari egindako beste iruzur bat». Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko buruak ere esan du presazkoa dela lan erreformaren «alderdi kaltegarrienak» baliogabetzea.

LANGABEZIA SARIA
900 eurotik behera

Lan merkatuaren beste alde beltz bat da langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela babesik. Laurdenek baino gutxiagok jasotzen dute langabezia sari arrunta, eta beste %15,5ek subsidioarekin moldatu behar dute. Batez beste, 875 euroko saria dute langabeek Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 900 eurokoa, berriz, Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.