Eurostatek eskualdekako datuekin egiten dituen mapetan, kolore oso desberdinekin agertzen da Hego Euskal Herria. Langabezia neurtzen duenean, hegoaldeko kolorea nagusitzen da, langabe gehien dituzten eskualdeen artean agertzen baitira Euskal Herrikoak ere. Aberastasuna neurtzen duenean, ordea, erdialdeko eta iparraldeko Europan ohikoagoak diren koloreak erabiltzen dituzte Euskal Herria margotzeko.
Desoreka hori argi ikusi da azken asteetan EBko estatistika erakundeak banatutako bi mapatan. Langabeziarena kaleratu zuen atzo, eta datu argigarri bat eman zuen: Europako Batasuna 280 eskualdetan banatzen du (Nuts 1 deitutako banaketa), eta horietatik berrogei eskualdek soilik dute %10etik gorako langabezia, Hego Euskal Herriko bi erkidegoei ematen diena.
2018ko urteko batez besteko datua da, eta erakusten du jaitsi egin dela langabe kopurua: %10,2tik Nafarroan, eta %11,3tik, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ipar Euskal Herria pixka bat hobeto legoke, kontuan hartuta Eurostatek Akitaniari %9,3ko datua ematen diola.
Datuak txarrak dira, batez ere kontuan hartuta EBn %6,9koa dela langabezia tasa ofiziala. Eta okerragoak dira 15-24 adin tarteko datuak: %15,2 daude lanik gabe EBn; %25,8 EAEn, eta %26,2 Nafarroan. EBn, langabe guztietatik %43,2 dira aldi luze bat lanik gabe egin dutenak; Nafarroan, %39,2, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %42,1.
Kolonietan, okerren
Langabezia tasarik handienak kontinentetik kanpoko eskualdeetan daude: Frantziaren menpeko Mayotte uhartean, Afrika ekialdean, %35,1 daude lanik gabe, eta %29 dira Ceutan, Afrika iparraldeko hiri espainiarrean. Grezia osoko eskualdeek eta Espainiako eta Italiako hegoaldekoek osatzen dute sailkapen hori.
Langabe gutxien dituztenak, berriz, kontinentearen erdialdean daude: Praga (%1,3), Txekiar Errepublikako hego mendebaldea (%1,5), eta Alemaniako Mittelfranken (%1,8) dira, hurrenez hurren. Oro har, eskualde aberatsak dira horiek. Pragak, esaterako, 56.200 euroko barne produktu gordina du; hau da, EBko handienetan zazpigarrena —EBk ehun izanez gero, 187 lituzke Pragak—. 2017ko datuak dira horiek, Eurostatek eskualdeko BPGari buruz kaleratutako azkenak.
Euskal Herria ez dabil oso atzean lurralde aberatsenen artean. Euskal Autonomia Erkidegoa EBko 280 eskualdeetatik 50.a izango litzateke aberastasuna kontuan izanik, 36.300 euroko per capita errentarekin (121), erosteko ahalmenaren arabera moldatuta (PPS).
Nafarroak, berriz, 59. postua izango luke, 34.000 eurorekin (113). Beherago leudeke Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, Akitaniako 27.400 euroak haiei ere aplikatuz gero (92).
Langabe gehiago
Antzeko aberastasuna dutenen aldean, oso langabezia tasa handiak dituzte Euskal Herriko erkidegoek. West Vlandereenek Nafarroaren mailako per capita BPG-a du (34.400), eta langabe gutxiago: laurdenak (%2,6). Alemaniako Niederbayernek EAEren mailakoa du (36.400), baina bost aldiz langabe gutxiago.
Beste aldetik neurtuta, Hego Euskal Herriko langabezia tasa bera duen eskualde bat (%10), Belgikako Hainaut, heren bat pobreagoa da; beste hainbeste gertatzen zaio Frantziako Lorrenari (%10,1).
Soilik EBko 40 eskualdek dute Hegoaldeak baino langabe gehiago
Eurostaten arabera, 240 lurralderen langabezia tasa txikiagoa da Hego Euskal Herriarena baino. Aldiz, EAE eta Nafarroa batezbestekotik oso gora daude 'per capita' BPG-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu