Langabe kopurua duela hamar urteko mailara jaitsi da Hegoaldean

Martxoak 2.057 langabe gutxiago eta 6.269 afiliatu gehiago ekarri ditu. Langabeen %57 dira emakumezkoak, langileen %48 izan arren. Kontratu mugagabeek indarra galdu dute

Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Urrats txikiekin bada ere, behera jarraitzen du langabeziak Hego Euskal Herrian. Martxoan, 2.057 lagun arindu da Lanbiden eta Nafar Lansaren langabe gisa ageri direnen zerrenda lodia. Guztira, 151.645 daude lanik gabe, urtebete lehenago baino 11.429 gutxiago. Hamar urte egin behar da atzera kopuru txikiago bat aurkitzeko —2009ko urtarrilean 146.468 ziren—, baina erritmo honetan jarraituz gero, oraindik hiruzpalau urte beharko dira krisi aurreko kopuruetara iristeko —2008ko martxoan 106.174 langabe erregistratu zeuden—.



Landunen kopurua ere gerturatzen ari da Atzeraldi Handiaren aurreko mailara: 1.243.819 pertsona ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Kopuru hori gainditu zuen abenduak, baina, bestela, 2008ko abendura egin behar da atzera antzeko bat ikusteko. Ez da hain urrun inoizko kopururik handiena, 2008ko uztailekoa: 1.269.581.

LANGABEZIA

Genero desoreka

Ekonomiaren hazkunde erritmoa apaltzen ari dela diote azken datuek, eta iaz bai atzeman zela motelaldi bat enpleguaren sorkuntzan. Edonola ere, aurtengo martxoa iazkoa baino hobea izan da. SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo jakinarazitako datuek diote hilabete batean 2.057 lagunek utzi dutela langabeen zerrenda; 2018an, 249 baizik ez ziren izan. Orduko hartan %12,22ra iritsi zen langabezia tasa, baina orain puntu bat txikiagoa da, %11,26ra jaitsi baita. ELAk nabarmendu du tasa hori Europako Batasunekoa baino 4,7 puntu handiagoa dela, eta horrek Hego Euskal Herria Europan langabezia handien duen lurraldeen artean kokatuko lukeela.

Biztanleria aktiboari buruzko inkestek diote iazko enplegu sorrera gehienak emakumeei egin ziela mesede, baina, SEPEren datuak aintzat hartuta, gizon eta emakumeen arteko desoreka oso handia da oraindik, eta ez du txikitzeko joera garbirik. Biztanleria aktiboaren %48 dira emakumeak Hego Euskal Herrian, baina langabeen %57,7. Haien artean, langabezia tasa %13,55 da, eta %9,16 da gizonezkoen artean.

Nekazaritzan eta aurretik lanik ez zutenen artean handitu da langabezia, eta jaitsi egin da beste sektoreetan. Adin tarteei dagokienez, LABek oroitarazi du 25 urtetik beherakoen artean 80 lagun gehiago ageri direla langabeen erroldetan, eta iazko martxoan baino 619 gehiago direla (+%5,7).

Lurraldeei erreparatuz gero, martxoak Gipuzkoari (-740) eta Bizkaiari (-938) egin die mesede, eta eragin apalagoa izan du Araban (-146) eta Nafarroan (-233).

AFILIAZIOA

25.000 gehiago

Langabe kopurua jaisten ari den baino azkarrago ari da hazten lana dutenen kopurua. Duela urtebete baino 25.046 langile gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Aurtengo martxoa (+6.269) iazkoaren antzekoa izan da (+6.053). Udaberriaren hasiera izanik, nabarmena izan da lehen sektorearen gorakada: 1.731 kotizatzaile gehiago daude nekazarien atalean, eta 494 arrantzale gehiago itsasoko langileetan, antxoaren eta berdelaren kosteraren eraginez. Egonkor jarraitzen du autonomoen kopuruak, 220.000ren bueltan, baita etxeko langileenak ere (36.500etik gora).

KONTRATUAK

Lautik bat, bi aldiz prekario

Egonkortasuna ere badago kontratu motetan, sindikatuek salatu dutenez. Izan ere, martxoan eginiko kontratuetan ia %92,7 aldi baterakoak izan ziren, eta %8,2ra baizik ez ziren heldu mugagabeak. Egia da urteotan goranzko joera izan dutela kontratu finkoek, baina aurtengo martxoak ez dio jarraitu joera horri, iazko martxoan baino gutxiago izan baitira (%9,1 iaz). «Baieztatu egin da enplegurako sarbidea aldi baterakoa eta prekarioa dela», baieztatu du Nafarroako CCOOk, eta azaldu du lau kontratuetatik bat aldi baterakoa eta lanaldi erdikoa izan dela.

LANGABEZIA SARIA

Zenbatekoa jaitsi da

Sindikatuen kezka ez ezik, gobernuena ere bada langabezia sarien estaldura eskasa. «Oso muga inportanteak ditu», ziurtatu du Nafarroako Gobernuak. Otsailean, langabeen %26,2k soilik zuten langabezia sari arrunta. Haren zenbatekoa jaisten ari dela salatu du ELAk: 880 eurokoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 905 eurokoa Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.