Europako Batasuneko beste eremu batzuk bustitzen dituen atzeralditik urrun, hazkunde tasa egonkor bati eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Eustatek aurreratu dituen datuen arabera, 2023ko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,5 handitu da hiru lurraldeetako BPG barne produktu gordina. Kopuru hori bera hazi zen 2022ko azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan, eta, hortaz, ez dira betetzen neguak eta udaberriak aurrera egin ahala datu apalagoak iragartzen zituzten aurreikuspenak.
Urte arteko tasari erreparatuz gero, orduan bai, moteldu da hazkundea, baina kontuan hartu behar da konparazioa hazkunde handiko urte batekin egiten dela, pandemiaren irteeraren egoera ezohikoarekin. Horrela, urte arteko hazkunde tasa %2,3tik %1,6ra jaitsi da.
Datu horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenekin. Martxoan egin zituen azken aldaketak iragarpenetan, eta BPGa urte osoan %1,5 handituko zela jakinarazi zuen. Iragarpen «kontserbadoreak eta zuhurrak» zirela azaldu zuen orduan Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, ziurgabetasuna «oso handia» delako, Ukrainako gerrak eta inflazio handiak bere horretan jarraitzen dutela eta.
Orduz gero, apaldu egin da inflazioa —%2,2ra iritsi zen ekainean, Hego Euskal Herri osoan—, baina oso goian jarraitzen dute prezio igoerek elikagaietan (%10,1), eta azpiko inflazioa ere oso handia da (%6,4).
Martxoko agerraldian, Azpiazuk ziurtatu zuen enpleguak gora egingo zuela, eta Eustaten datuek erakusten dute hala gertatzen ari dela. Lehen kalkuluen arabera, %0,7 hazi da lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %1,5 azken urtean. Datu aurreratuak dira atzo jakinarazitakoak, eta irailaren 19an osatuko ditu Eustatek.
Zerga bilketa, bere bidean
Urte erdia igaro da dagoeneko, eta zerga bilketa esperotako bidetik doa. Ekainera arte %6 handitu baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek bildutakoa, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Guztira, 6.819 milioi euro dira hiru foru ogasunek bildutakoa, Finantzen Euskal Kontseiluan ezarritako bilketa helburua baino zertxobait gehiago —%5,6 handituko dela kalkulatu zuten—. Bizkaiak bildu du gehien: 4.093 milioi euro; Gipuzkoak 1.798 milioi metatu ditu, eta Arabak 928,9 milioi. Dena den, Araban handitu da gehien bilketa urte arteko tasan: %14,7; Gipuzkoan %6,2 igo da; eta Bizkaian, %4,2.
Inflazioaren eragina zerga bilketan ere islatzen ari da azken hilabeteetan, eta kontsumoari lotutako zeharkako zergetan izandako bilakaera ona da horren adibide. BEZ zergak igoera nabarmena izan du Araban eta Gipuzkoan, %35,4 eta %14,8 handitu baita, hurrenez hurren; Bizkaian, ordea,%9,2 gutxiago bildu da zerga horren bitartez.
Inflazioa bezainbat izan ez bada ere, soldatak ere handitu egin dira, eta hori guztia errenta zergan ere islatu da: %11,4 handitu da Bizkaian, %5 Araban, eta %2,6 Gipuzkoan. Sozietate zergaren bidez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen zergaren bitartez alegia, %27,6 gehiago bildu du Bizkaiko ogasunak, %26,4 gehiago Arabakoak, eta %7 gutxiago Gipuzkoakoak.
Iaz baino astiroago, baina egonkor hazten ari da EAEko ekonomia
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %0,5 hazi da 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko bietan bezainbeste. Zerga bilketa %6 handitu da urtearen lehen erdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu