Inoizko kotizatzaile kopururik handiena du Hego Euskal Herriak

Beste 5.420 afiliatu lortu ditu Gizarte Segurantzak, eta 1,3 milioiren langa gainditu du. Apirilean, 2.297 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Kontratu berrien hiru laurdenak zerbitzuen sektorekoak dira

jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Urteko bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egingo duela dioten aurreikuspenek lan merkatua hauspotu dute. Urte hasierako zalantzak uxatu eta indartsu ari da enplegua sortzen. Baikortasuna nagusitzen ari da. Hirugarren hilabetez jarraian, behera egin du langabeziak. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 138.845 langabe daude erregistratuta: martxoan baino 2.297 gutxiago, eta iazko apirilean baino 10.135 gutxiago. Horrekin batera, lehen aldiz 1,3 milioi langileren langa gainditu du Hego Euskal Herriak. Sortutako enplegu gehienak zerbitzuen sektorean izan dira, eta gazteen artean bereziki.

LANGABEAK
Kopuru txikiena 2008tik

Langabe kopurua azken urteetako txikiena da. 2008ko abendura egin behar da atzera. Apirilaren amaieran 138.845 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Martxoan baino 2.297 gutxiago dira, eta iazko apirilean baino 10.135 gutxiago.

Apirila hilabete gorabeheratsua izan ohi da, langabezia jaisten den hilabeteak tartekatzen baitira igotzen direnekin, Aste Santuko oporraldiengatik bereziki. Aurten nabaria izan da horren eragina, kontratu gehienak —lautik hiru zerbitzuen sektorean egin baitira; ostalaritzan bereziki.

Langabezia jaitsi arren, iazko apirilean baino lan kontratu gutxiago egin dira: 6.825 gutxiago. Eta 2014. urtetik langabezia gutxien jaitsi den apirila izan da, pandemiak gogorren jo zuen urtekoa —2020koa— salbu.

Lurralde guztietan jaitsi da langabezia, baina batez ere Nafarroan (-1.106). Bizkaian, 654 langabe gutxiago daude; Araban, 311 gutxiago; eta Gipuzkoan, 226 gutxiago. SEPEren datuak INEk emandako biztanleria aktiboaren inkestarekin konbinatuz gero, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,24koa da.

SEKTOREAK
Zerbitzuak nagusi

Adin tarte eta sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua. Zerbitzuetan izan da jaitsiera handiena (-1.495), hein handi batean Aste Santuko oporraldiei begira ostalaritzan eta zerbitzuetan eginiko kontratazioengatik. Afiliazio berrien hiru laurdenak ia zerbitzuetakoak dira.

Industrian, halaber, 282 kontratu berri egin dira, azken hilabeteetako joera positiboari eutsiz. Nekazaritzan 149 enplegu sortu dira, eta eraikuntzan, 17. Aldez aurretik enplegua izan ez dutenen artean, 354 lagun hasi dira lanean.

Zerbitzuen sektorea Hego Euskal Herrian hartzen ari den pisuaz ohartarazi du LAB sindikatuak. Berriki kaleratu duen txosten batean ondorioztatu du %60tik gorako pisua duela BPGan, 2008an baino bost puntu handiagoa, eta, besteak beste, industriaren bizkar hazten ari dela. Salatu du horrek ehun ekonomikoa ahultzen duela eta langileen lan eta bizi baldintza prekarizatzen dituela.

ADINA ETA SEXUA
Kezka 50 urte bainogehiago duten langabeekin

Adin tarteei dagokienez, gazteen artean jaitsi da gehien; lana topatu duten bi langiletik batek(-1.189) 30 urte baino gutxiago zuen. Datuek erakusten dute adinean aurrera egin ahala zailtasun gehiago dituztela lan bila dabiltzanek. Adibidez, langabezian urtebete baino gehiago daramaten hamar pertsonatik seik 45 urtetik gora dituzte, eta nagusiki emakumeak dira.

Datu horretaz kezkatuta agertu dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila eta UGT sindikatua, eta gogoratu dute Elkarrizketa Sozialerako Mahaian gai hori jorratzen ari direla. «50 urtetik gorakoen kontratazioa bultzatzeko garaia da; neurri politikoez harago, enpresaburuek pertsona horien inguruan duten jarrera aldatu behar dute», azpimarratu du UGTk.

Apiril honetan antzera jaitsi da langabezia gizon eta emakumeen artean, baina genero arrakalak bere hartan dirau. Eta, denbora epe luzeago bat hartuz gero, okerrera ari da egiten: azken bi urteetan bi puntu handitu da langabeen artean emakumeek duten pisua: apirilean, langabeen %58,5 izan dira, nahiz eta biztanleria aktiboaren %47,8 baino ez diren. Emakumeen artean, langabezia tasa %12,5era iristen da; gizonen artean, %8,1era.

KOTIZATZAILEAK
Inoiz baino gehiago

Langabezia datuak onak badira, are hobea da Gizarte Segurantzan afiliatutako langileena. Izan ere, 1,3 milioiren langa gainditu da lehen aldiz Hego Euskal Herrian. Apirilean beste 5.420 kotizatzaile batu dira: 1.301.012 guztira, eta duela urtebete baino 20.936 gehiago dira. Sektore guztietan igo da kopurua. Jardueraren arabera, zerbitzuetan gehien: apirileko afiliazioen %73,2.

KONTRATUAK
Lautik hiru aldi baterakoak

2022an indarrean sartutako lan erreformak zaildu egin du aldi baterako kontratazioa. Horren ondorioz, handitu egin dira kontratu mugagabeak, nahiz eta oraindik gutxiengo bat diren. Apirilean egindako 72.026 kontratuetatik %25,4 izan dira mugagabeak; erreformaren aurretik, %7-%8 artean izan ohi ziren. Dena den, nabarmen gehiago dira behin-behinekoak, %74,6; apiril honetan halako 53.702 kontratu sinatu dira.

Era berean, behin-behinekotasuna murrizteko, lan erreformak aldizkako finkoen kontratazioa bultzatu du, sektore jakin batzuetan bereziki. Apirilean egindako kontratu guztien %3,9 izan dira, eta urtebetean 1,5 puntu egin dute gora. Kontratu mota hori emakumeen artean zabalduago dago (%5,2) gizonezkoen artean baino (%2,7). Gauza bera jardunaldi partzialekoekin: lau emakumetik batek (%25,8) du halako kontratu bat, eta gizonen kasuan, hamarretik batek (%11).

LABek nabarmendu duenez, enpleguaren kalitatea okertzen ari da, eta emakumeek dute presentzia handiagoa «prekaritatearen adierazleetan» —aldizkako finkoak, jardunaldi partzialak—. ELAren arabera, apirileko datuek erakusten dute langabezia murriztu egin dela «enplegu prekarioaren eta urtaroen araberako enpleguaren kontura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.