Industriaren arazoek moteldu egin dute ekonomiaren hazkundea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %0,8 handitu da udako hilabeteetan. Jaurlaritzak uste zuen baino gutxiago da, eta kolokan jarri du urte osorako aurreikuspena

Industriaren arazoek moteldu egin dute ekonomiaren hazkundea.
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
%0,8ko hazkunde batek gutxitan eragin du halako zapore mingotsa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, portzentaje horretan hazi da barne produktu gordina udako hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustatek aurreratu duenez. Asko izango litzateke garai gehienetan, baina aurreko hiruhileko %2,2tik urrun geratu da, eta baieztatu du indarra galtzen ari dela konfinamenduaren amaieran hasitako suspertze ekonomikoa, munduko industria jasaten ari den hornikuntza arazoen ondorioz, besteak beste.

Urte arteko tasan, berriz, erorikoa oso handia izan da: %18,6 bigarren hiruhilekoan, eta %3,8 hirugarrenean. Baina kontuan hartu behar da urteko bigarren hiruhilekoko datuari tentu handiz egin behar zaiola so, iaz sasoi horren zati handi batean konfinamendua izan zelako, eta aurtengo errebote efektuak desitxuratu egiten duelako edozein konparazio.

Edonola ere, %3,8ko datua Eusko Jaurlaritzak espero zuena baino nabarmen gutxiago da. Joan den hilean berritu zituen bere iragarpenak, eta %5,5eko hazkunde tasa bat iragarri zuen udako hilabeteetarako.

Enpleguan ere ez dira bete Eusko Jaurlaritzaren iragarpenak, baina tartea ez da hain handia. Eustatek jakinarazi du enplegua %0,6 handitu dela bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, eta %3,2 urte arteko tasan —Gasteizko gobernuak uste zuen baino hiru hamarren gutxiago—.

Eusko Jaurlaritzak berak antzeman izan du ekonomiaren hazkundea moteltzen aritu dela azken hilabeteetan. Hilero argitaratzen duen ekonomiaren termometroak maiatzean jo zuen goia, 145,5 gradura iritsita. Orduz gero ,indarra galtzen aritu da, nahiz eta oraindik «hazkunde sendoa» erakusten duen kopuruetan jarraitzen duen (100dik gora). Irailean, esaterako, 128,3 gradu markatu zituen.

Aurreikuspenak, auzitan

Urteko azken hiruhilekorako hazkunde handiagoa espero du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, %7,4koa. Bizkortze hori azaldu daiteke gogoan hartuz gero 2020ko udazkenean berriro ere neurri murriztaile asko jarri zirela indarrean, batez ere ostalaritzan, COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko. Aurten, berriz, egoera bestelakoa izango da, pandemiari aurre egiteko neurri gehien-gehienak bertan behera geratu baitira.

Urte osorako %6,7ko hazkundea iragarri zuen Jaurlaritzak. Kopuru horiei eusten die, oraingoz, baina Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak berak onartu du agian aldatu egin beharko dituztela, egoera oso aldakorra delako.

Izan ere, kalkulatu zituenean, autogintza zen hornikuntza arazoak zituen bakarra, eta Mercedes eta haren hornitzaile batzuk, berriz, fabrikak egun batzuetan itxi behar zituzten bakarrak. Orduz geroztik, zerrenda horietarabatu dira, besteak beste, Michelin, Sidenor eta Arcelor, osagai batzuen eskasiari batu zaiolako energiaren garestitze handia.

Hain zuzen ere, Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak ziurtatu du «egun gutxi barru» iritsiko dela industria handien eta konpainia elektrikoen arteko ituna, industria horiei kontratu luzeagoak eta prezio merkeagoak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.