Gobernuak «zail» ikusten du Trenasaren itxiera eragoztea

Nafarroako Ekonomia kontseilari Manu Aierdik adierazi du ez dagoela enpresari emandako laguntzak itzularazteko modurik. Langileek greba mugagabea abiatu dute

CAFek Castejonen duen lantegiko ataria. IÑIGO URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Oso denbora gutxian enpresa handi bat itxi dute Nafarroan, Agoizko Siemens Gamesa, eta beste bat ixteko bidean dira, Castejongo Trenasa. Egoerak kezka eragin du herrialdean, eta irtenbide bat emateko eskatu diote gobernuari, baina hark aitortu du ez duela eragiteko aukera argirik ikusten. Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak azpimarratu du exekutiboa «oso kezkatuta» dagoela Trenasaren iragarpenagatik, baina aitortu du «zail» ikusten duela egoera, eta Gamesaren lantegiaren kasuarekin parekatu du Trenasarena: deslokalizazioarekin, alegia.

Garraiobideen sektoreak bizi duen krisia argudiatu du Trenasaren jabe CAFek fabrika itxi eta 118 langileak kaleratzeko. Trengintzan dagoen konpetentzia handia dela eta, alor horretan gero eta urriagoak dira irabaziak, eta CAFek autobus elektrikoen ekoizpenean jarriak ditu esperantzak. Horretan ere hasiak ziren Castejongo plantan —besteak beste, gobernuak enpresari emandako diru laguntza bat tarteko—, baina konpainiak 2018an Polonian egindako inbertsioari etekina atera nahi dio, Solaris enpresa liderra erosi baitzuen.

Castejongo planta ixteko erabakia irmoa da, baina ikusteko dago enpresak kaleratzeak ez diren beste neurri batzuk proposatzen dituen. Aierdik argitu du gaurko espero dutela espedientea, eta hitz eman du zehatz aztertuko dutela. Azaldu du, besteak beste, Espainiako Sustapen Ministerioarekin eta Renferekin hitz egingo dutela, trenbide merkatuaren egoerari buruzko informazioa jasotzeko eta zehazkiCAFen eskarien zorroa aztertzeko. «Itxiera gelditzeko» lan egingo dutela esan du, baina iradoki du beste aukera batzuk ere aztertu beharko direla, Gamesaren kasuan egin zuten bezala.

Trenasako langileek, nola edo ahala ekidin nahi dute itxiera, eta greba mugagabea hasi zuten atzo; herenegun, protesta egin zuten CAFen egoitzaren aurrean, Beasainen (Gipuzkoa). Nafarroako Gobernuari ere bidali diote mezua: enpresari emandako diru laguntzak kentzeko aukera aztertzeko eskatu diote, baldin eta azkenean lantegia itxi eta iragarritako kaleratzeak gauzatzen baditu. Horren inguruan, sailburuak argitu du «bi milioitik gorakoak» izan direla laguntzak, baina azpimarratu du horietako «gehienak» duela hamar urte baino gehiagokoak direla. Aierdik uste du ez dagoela tarterik enpresa horretara behartzeko, egun zaila baita argudiatzea orduan adostutako baldintzak ez dituela bete.

ITP, Gestamp eta Alestis

Zamudioko (Bizkaia) ITP Aeroko langileek, berriz, beste greba egun bat egin zuten atzo —194 lanpostu daude kolokan—. Enpresa batzordeak deitu zuen protestara, eta ez ELAk bakarrik, aurrekoetan bezala. %80ko jarraipena izan zen ekoizpen plantan.

Ohar batean,zuzendaritzaren jarrera salatu du ELAk. Jakinarazi du kaleratzeak negoziatzen jarraitu duela ordezkari sindikal guztiak konfinatuta dauden bitartean. Zehaztu duenez, haietako batzuek positibo eman dute, eta gainerakoak etxean daude. Asteazkenean hitz egin zuten azkenekoz, eta, ELAk salatu duenez, zuzendaritzak langile guztiak kaleratzeko erabakia berretsi zuen beste behin. Greba deialdi gehiago proposatzea aurreikusten du sindikatuak.

Gestamp autogintza alorreko multinazionalak, berriz, asteartean jakinarazi zuen Zamudion (Bizkaia) dituen bi lantegi ixteko asmoa duela —Matriceria Deusto eta GTS ingeniaritza—, eta 230 langile kaleratuko dituela. Enpresa batzordeak atzo bildu ziren, eta BERRIAri azaldu diotenez, zuzendaritzaren aldetik ez dute bestelako proposamenik jaso. Hala, protestara deituko dituzte langileak: Bilbon gaur egingo duten agerraldi batean emango dituzte xehetasun gehiago.

Aeronautika alorreko Alestisen, bestalde, atzora arteko epea zuten akordio bat ixteko, baina negoziazioak luzatzea adostu dute, gutxienez beste egun batez. Enpresak 87 kaleratu nahi ditu Gasteizko Miñao Parkean duen lantegian, lantaldearen ia erdia. Espedienteak taldearen lantegi guztiei eragingo die, eta, beraz, Espainia mailakoak izaten ari dira negoziazioak. Sindikatuen arabera, enpresak erretiro aurreratua proposatu du 58 urte baino gehiago dituztenentzat, baina gainerakoan kaleratzaileei eusten die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.