«Orain da auto berria erosteko garaia». Inoiz kontzesionario batera joan denak entzungo zuen lelo hori, eta are eta indar handiagoz, ziurrenik, azken asteetan. Bi hilabetez ateak itxita eduki ostean, agerikoa da stockean dituzten autoak saltzeko beharra. Eta oro har sektore guztiak behar du hori. Bolo-bolo dabil autogintzak duen krisia, eta kate erraldoi horren azkenengo pieza da saltzaileena. Auto berrien matrikulazioa, gainera, termometro bat da ekonomiaren egoera aztertzeko, hazkunde ekonomikoa moteldu ahala moteltzen baita erosteko grina.
Eta motorra hoztu egin da; ez dabil lehen bezala. 2018. urtean erakutsi zituen lehen sintomak, eta auto saltzaileek iazkoa izan zuten urterik txarrena 2012tik. Jada argi dute aurtengoa are okerragoa izango dela. Urtea hasi zenetik, iaz baino %47 gutxiago saldu dute Hego Euskal Herrian, eta %25-30eko galerak aurreikusi dituzte abendurako. «Ez daukagu esperantzarik urteari buelta emateko. Gure helburua da merkatua normalizatzea; datozen hilabeteetan okerrera ez egitea, behintzat», azaldu du Javier Bagues AEGA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko salerosketa arloko presidenteak.
Iaz bezala, udako hilabeteetan jarriak dituzte esperantzak, eta, orduan bezala, gobernuek auto berriak erosteko bultzatutako Renove planak izango dituzte lagun. Oraingoan, gainera, lehenengo aldiz bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzak.
Gasteizko gobernuak bere plana urtarrilean abiatu zuen, eta, koronabirusaren krisiarekin batera, bikoiztu egin du aurrekontua. Hala ere, uste baino kaskarragoak izan ziren urte hasierako kanpainako emaitzak —iazko udakoak ere ez ziren espero bezalakoak izan—, eta auto saltzaileak jakitun daude oraingo egoerak sortutako ziurgabetasunak nekez animatuko dituela bezeroak. «Beldurra nabari da. Familia askorentzat, auto berria erostea inbertsio garrantzitsua da», azpimarratu du Baguesek. Berak, halere, argi du: «Hori egiteko asmoa zuenak orain du momentua. Bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, laguntza oso onak daudelako».
Maiatzaren 11n ireki zituzten kontzesionarioak, eta, ekaineko salmentak ikusita, «argi izpi batzuk» ikusten hasiak direla dio Baguesek. «Sentsazio onak ditugu». Iazko hil bereko emaitzekin konparatuta, %6,1 gutxiago saldu dute Jaurlaritzaren laguntzak izan dituzten lurraldeetan iaz ere izan zituzten, eta ekaina, oro har, hilabete «ona» izan ohi da—. Nafarroako Gobernuak ez du pizgarririk eman, eta %18,7 egin dute behera ekainean. Saltzaileek espero dute Espainiako Gobernuaren planaren eragina uztailean nabaritzea lau lurraldeetan.
Gakoa: zertarako
Baguesen arabera, jende asko Madrilen erabakiaren zain zegoen, eta, bereziki, laguntza horiek bateragarriak izango ote ziren Jaurlaritzak emandakoekin. «Sorpresa handia hartu dugu; eszeptiko geunden». Astelehenean argitaratu zen BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean. Eta oro har pozik daude saltzaileak, mota askotako autoetarako laguntzak daudelako, baina ez guztientzat. Jaurlaritzaren planarekin gertatzen den bezala, horrek «nahasmendua» sortu du haiengan eta erosleengan.
«Egia da ez dagoela motor guztientzako laguntzarik, baina aukera handia dago. Arazorik ez dago argi baduzu zer auto formatu nahi duzun eta ez bazaizu horrenbeste inporta modelo zehatza». Baguesen arabera, bi dira gakoak: «Momentua da baloratzeko auto zaharrak zenbat iraungo dizun eta auto berria zertarako erabiliko duzun». Bigarren puntu hori garrantzitsua da auto mota hautatzerakoan, eta, bereziki, alternatibo edo elektrikoen kasuan. Horien salmenta kuota egun %10,7 da Hego Euskal Herrian. «Mugimendu pixka bat nabari dugu, baina ez ekoizleek urte hasieran pentsatzen zuten neurrikoa. Bezeroak ondo informatu behar ditugu auto mota horien abantailez eta desabantailez».
Hoztu egin da motorra
Salmentetan urte hasiera txarra izan zuten kontzesionarioek, eta COVID-19ak okertu egin ditu aurreikuspenak. Gobernuen Renove planekin hasi dira «argia ikusten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu