Atzeraldirik ez du espero Europako Batzordeak, baina bai motelaldi luze bat

Hazkunde iragarpenak berriro jaitsi ditu Bruselak, industria geldotzen ari delako nazioarteko egoeraren ondorioz. Motelago bada ere, langabeziak behera segituko du

Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Sasoian sasoikoa. Udazken itxura hartu du Europako Batasuneko ekonomiak, baina ez negukoa. «Ez dugu ikusten atzeraldi baterako arriskurik; baina, aurreko aurreikuspenetan ez bezala, orain ez dugu espero ekonomiaren hazkundeak berriro gora egitea 2020an eta 2021ean». Hitz horiekin laburtu zuen egoera ekonomikoa Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak atzo, Bruselan. Udazkeneko Aurreikuspenean zabaldutako zenbakiek baieztatzen dute ekonomian udazken giroa dagoela: eurogunean %1,1 da haztekoa ekonomia aurten, eta %1,2, berriz, 2020an eta 2021ean; EB osoan, %1,4 hiru urte horietan. «Atzeraldiaren mugarekin lotzen den hazkunde erritmo bat».

Azkenaldian, Moscovicik aurreikuspenak gutxitu ditu iragarpenak egitera jendaurrera atera den bakoitzean. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Aurreko iragarpenetatik lau hilabete igaro direla, hamarren bat jaitsi du eurogunearen aurtengorako hazkunde iragarpena, eta bi hamarren 2020rakoa.

Baina kontrastea are handiagoa da duela urtebeteko iragarpenekin alderatuz gero. Orduan onartu zuen komisarioak «aldeko haizeak» baretu egin zirela, eta abiadura txikiagoa hartuko zuela ekonomiak. Denborak arrazoia eman dio, baina neurri batean bakarrik. Izan ere,%1,9ko hazkundea iragarri zuen aurtengorako EBn eta eurogunean, eta iragarpen hori oso baikor geratu zaio: zortzi hamarren gutxiago haziko dira euroguneko hemeretzi kideak, eta lau hamarren gutxiago EBko 28ak —hazkunde sendoari eusten dioten herrialde batzuk daude talde horretan, hala nola Polonia, Txekiar Errepublika eta Errumania—.

Herrialde gehienen aurreikuspenetan egin zuen huts Bruselak, baina Alemanian inon baino nabarmenagoa izan da 2018ko udazkeneko iragarpena baikorregia izan zela: %1,7ko hazkundea iragarri zuen iaz Moscovicik, eta atzo ziurtatu zuen %0,1 baizik ez dela izango. Hau da, Bruselak uste du ozta-ozta ihes egingo diola Alemaniak atzeraldiari. Aurki kaleratuko du Berlinek hirugarren hiruhilekoko datua, eta espero da negatiboa izatea, baina halaber espero da ekonomiak erritmo pixka bat hartzea berriro urtearen bukaeran.

Alemanian ikusten da ongien ekonomiaren hazkundearen galga nagusia: industria sufritzen ari da, ziurgabetasunak inbertsioa geratzen baitu. Eta zerk eragiten du enpresek inbertitzeko beldurra izatea? Ezin jakiteak zehazki zer gertatuko den Erresuma Batuarekin, eta Donald Trumpekeragindako merkataritza gerrek. Bruselaren aurreikuspena, edonola ere, AEBen eta Txinaren arteko harremanean azken egunotan gertatu den hobekuntzaren aurretik egina dago: atzo bertan. Pekingo gobernuak ziurtatu zuen muga zergak «zatika kentzea» adostu duela AEBekin. Iragarpen horrek nazioarteko merkataritza berpiztu dezake, eta mesede handia egin EBri, oro har hartuta, ekonomia esportatzailea delako —Euskal Herrikoa ere hala da—.

Ekonomiaren motelaldiak noizarte iraungo duen iragartzera ez zen ausartu Moscovici, baina erakutsi zuen baduela kezka hazkunde oso apaleko aldia luzea izateko: «Hazkundea lautada batera iritsi da, baina espero dezagun ez dela sabaia izango».

Langabeziak, behera

Barne produktu gordinaren hazkundearen motelaldiak eragina izango du lan merkatuan ere: Batzordeak dio langabeziak jaisten segituko duela, baina azken urteetan baino astiroago. Eurogunean, %7,6ra jaitsiko da aurten, eta %7,3ra 2021ean.

Atal horretan ere ez da ibili guztiz fin Brusela, zorionez. Duela urtebete, iragarri zuen langabezia %7,9ra jaitsiko zela 2019an, baina, hazkundea txikiagoa izanagatik, are gehiago jaitsi da langabezia. Horrek esan nahi du hazkunde txikiagoa nahikoa dela orain enpleguak sortzeko.

Lan merkatuarekin arazo gehien duten estatu kide guztietan jaitsiko da langabezia —Grezia, Espainia, Frantzia—, Italian izan ezik: gutxigatik ihes egingo die atzeraldiari eta %10eko langabezia tasari.

Moscovicik esan du kontu publikoak «kontrolpean» egongo direla oraindik ere. Defizit publikoa pixka bat handituko da euroaren eremuan —%0,8tik %1era—, Alemanian eta Herbehereetan superabit handiak txikitu egingo baitira, gastu programen ondorioz. Baina programa horiek oso txikiak direnez, Moscovicik bat egin zuen Europako Banku Zentralaren eskaera nagusiarekin:garai egokia dute gastu publikoa handitzeko, hartara jarduera ekonomikoa suspertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.