Eguzkitako betaurrekoak eraman ohi ditu Joriak; haien atzean ezkutatzen ditu kolore berdeko begi arrailduak. Kontrastea egiten dute haren adats luzearekin. Autoa gidatzen doa Melilla kanpoaldeko errepidetik; belarra horia da Afrika ertzeko hirian. «Barrote gabeko kartzela batean bizi gara hemen», esan du, bidetik metro eskas batzuetara altxatzen den burdinazko hesiari begiratzen dion bitartean.
Hiriaren erdigunetik pixka bat urrunduz gero, berehala ikusten da burdinazko muga; hiri osoa inguratzen du. Hondartzan bainua hartzen dutenek ikusten dute, itsasorantz zenbait metro sartzen den dikearen gainean. Joriak ere ikusten du etxetik irteten den bakoitzean; kanpoaldeko auzo batean bizi da, kolore biziak dituzten etxe batzuetan. «Hemen bizi gara familia guztia; etxeak bata bestearen ondoan ditugu», azaldu du. Langile auzoak dira kanpoaldekoak, ohikoa den bezala. Bertan jaioa da emakumea; nerabea zela alde egin zuen Melillatik, eta duela sei urte bueltatu zen jaioterrira. «Hala ere, udak hemen igarotzen nituen, izebaren etxean».
Ama handia. Izen horrekin ezagutzen zuten Joriaren izeba migratzaileen artean. «Hona etortzen ziren askok bazekiten harengana jo zezaketela. Hesia gurutzatzea lortzen bazuten, izebaren etxera etorri eta haren etxean Poliziarengandik ezkutatzen ziren». Bertan ematen zituzten egun batzuk, Poliziak kanporatze ilegalak egiteko aukerarik ez izateko: «Lotarako lekua prestatzen genien beheko patioan. Gizon sendoak ziren, baina gauean negarrez entzuten nituen guztiak» .
Jatekoa ematen zieten; baita arropa garbia ere: «Nire lehengusuen arropak ematen genizkien joan baino lehen; arropa zarpailak izan ohi zituzten, eta, kalera irtetean Poliziak horrela ikusten bazituen, igartzen zien etorri berriak zirela eta ez zeukatela asilorik».
Gero, «ezkutatuta» eramaten zituzten autoan, eta komisariaren ondoan uzten zituzten, nazioartearen babesa eska zezaten. «Hori guztia, noski, sekulako beldurrez. Poliziak harrapatuz gero, pertsonen salerosketa leporatzeko arriskua genuen». Bertan agurtzen zuten elkar, baina gero ere kontaktuan jarraitzen zuten. «CETIaren aurretik igarotzean, askotan, esaten genuen: 'Hara, begira! Hor dago gure etxean egon zena, lehengusuaren kamiseta daraman hori'».
Haren familia musulmana da; Pazkoa ospatzen dute, eta ospakizuneko otordua migranteekin batera egiten zutela oroitzen du: «Haiek ere musulmanak dira, eta Pazko garaian gure auzoan kalean gora etorri ohi zen migratzaile beltzen talde bat; izebaren etxera zetozen bazkaltzera. Mahaian esertzen zituen, eta familiakoei esan ohi zien: 'Gaur, mutiko hauek ondo bazkalduko dute. Guk izango dugu astia gero ere ondo jateko, baina gure gaurko bazkaria haientzat da'». Gero, migranteek penintsulara bidaiatzeko baimena lortzen zutenean, izebaren etxera bueltatu ohi ziren, eskerrak eman eta agur esatera.
«Hemen hil ziren»
Autoa aurrera doa Txinatarren Auzoaren ondotik. «Begira, hemen hil zituzten joan den astean migratzaile horiek guztiak. Bideoetako irudiak hemen grabatuak dira», esan du. Ez dago gertakarien arrastorik; lurrean plastiko zatiak baino ez dira ikusten. Bideari jarraitzen dio Joriak; ertz batean langile batzuk ikus daitezke, hesiaren inguruan lanean. «Entzun dut altuagoa egin nahi dutela, migranteek gora heltzea lortu ez dezaten».
Mugaren inguruan paseatu ohi da, eta baten baino gehiagotan aurkitu izan ditu muga zeharkatu dutenek utzitako oinetakoak. «Tenisei kakoak jarri ohi dizkiete, hesia katuka igotzeko». Gurugu mendia ikusten da urrunean. Joria hara joaten zen pandemia aurretik, han bizi ziren migratzaileei janaria eramatera: «Lagun batzuk elkartu eta joaten ginen. Hori bai, Poliziak ikusiz gero, janaria kendu eta bertatik bidaltzen gintuzten». COVIDa etorri zen gero, eta mugak itxi zituzten.
«Pandemia garaian, etxetik irten ezin ginenean, hona ekarri zituzten kalean bizi ziren migratzaile adingabeak», dio hesituta dagoen zelai bat seinalatuz. Egurrezko mahaiak eta bankuak daude han, eta jendeak bazkaltzeko erabiltzen ditu; igerilekuak ere badaude. «Lehen, Melillako jendea hona etortzen zen igandean, arratsaldea pasatzera. Adingabeak hona ekarri zituztenean, kalean gera ez zitezen, herritarrak haserretu egin ziren: 'Nora joango gara orain igande arratsaldean? Migranteak hor sartu dituzte, eta guztia hautsi dute, gainera', zioten». Hain zuzen, zaborrontzi batzuk eta migranteentzako propio jarritako etxolak ikus daitezke, apurtuta.
CETIaren aurretik pasatu da autoa; errepidearen bestaldean belar lehorrezko eta lurrezko zelai bat dago: «Han ibiltzen dira CETIko mutilak, futbolean eta». Handik metro gutxira dago golf zelaia; markako kirol arropak daramatzaten gizon batzuk ari dira han, golf makilak eskuetan. Kostalderantz abiatzen da Joria; bihurgune baten ondoren, itsasoa zabaltzen da parez pare. Melillara datozen turistei erakusten dieten ohiko irudia ikus daiteke; itsasoari begira dauden hareazko amildegiak. Pasealeku batek lotzen ditu guztiak.
Turismo bulegoko panfletoetan, ordea, ez da ikusten behealdea. Tapakiak eta koltxoi zaharrak han-hemen. Arropaz betetako zakuak arroken artean gordeta. Hori da kalean bizi diren migrante batzuen lo lekua. Eguzkitako betaurrekoak kendu ditu Joriak, eta itsasora begiratu du, urrunera: «Igerian pasatzen diren migrante batzuk bidean hiltzen direla badakigu, gorpuak hemengo hondartzetara heltzen baitira. Baina Marokoko kostara heltzen diren gorpuez ez dakigu ezer». Autora igo da berriz.
Itsasoak ere baditu mugak
Burdinazko hesi batek inguratzen du Melilla; mendietatik hasi eta itsasoraino hedatzen da. Herritar batzuek ihesi datozen migranteei laguntzen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu