Mikel Zabalza zenaren sendiak badu hura estatu indarkeriaren biktima izan zela dioen aitortza. 12/2016 legearen gerizpean, Zabalzaren senitartekoek Jaurlaritzara jo zuten aitortza eske, legearen xedea baita «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea. Eskariak aztertzeko ardura duen Balorazio Batzordeak aldeko ebazpena argitaratu du, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu du Zabalza, senideei legez dagokien kalte ordaina pagatzearekin batera.
Aitortza hori bihar gauzatuko da, Orbaizetako Lorentxo baserrian (Nafarroa), 11:00etan egingo duten ekitaldi batean. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak, Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidenteak eta Zabalzaren senideek hartuko dute hitza, eta bertan izango dira Ana Ollo Nafarroako Herritarren Harremanetarako kontseilaria, Orbaizetako Udaleko ordezkariak eta Nafarroako herriko eta Donostiako Mikel Gogoan talde memorialistak ere.
Balorazio Batzordeak aho batez proposatu zuen Zabalza biktima gisa aitortzea eta kalte ordaina zortzi anai-arreben artean banatzea. Era berean, Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu die Zabalza sartzeko «biktima dela aitortzeko eta bidegabeko sufrimendua jasan zuela aintzatesteko jarduera indibidual eta kolektibo guztietan». Alabaina, bi erakundeei gomendatu die hori bera eska diezaietela Espainiako erakundeei, «haiek ere norabide berean jardun dezaten, kontuan hartuta zer-nolako erantzukizuna izan zuten segurtasuneko indar eta kidegoek aztertutako gertaeretan».
Izan ere, Balorazio Batzordeak 59 orrialdetan bildu ditu Zabalzaren auziari buruzko gertakariak eta balorazioak, eta argia da ondorioetan: «Batzorde honek [...] uste sendoa du, aski funtsatuta, baieztatzeko heriotza eragin zuen giza eskubideen urraketa bateragarria dela Bidasoa ibaia ez den bestelako ingurune likido batean murgildu izanarekin edo asaldu makroskopikorik uzten ez duen bortxazko asfixia metodoren batekin». Adituek ondorioztatu dutenez, «egitatezko presuntzio sendoak daude uste izateko Mikel Zabalza atxilotu eta torturatu egin zutela, tratu eta zigor anker, gizagabe eta umiliagarriak jasan zituela, eta horren ondorioz hil zela».
Agirian, adituek testigantzak, garai hartako albisteak, peritu txostenak eta beste zenbait dokumentazio iturri bildu dituzte. Horietan oinarrituta, gogorarazi dute Zabalzak hemeretzi egun egin zituela desagertuta atxilotu zutenetik gorpua agertu zen arte, eta atxiloaldian ez zuela abokatuaren edo medikuaren arretarik jaso: «Atxilotuen sarrera-irteerak edo ibilgailuen mugimenduak jasotzeko erregistro libururik ere ez da azaldu». Gainera, Polizia instantziei Zabalza non zegoen galdetzen hasi zitzaienean, Guardia Zibilak «ez zuen ezertan lagundu», eta, are, «ikerketa oztopatu baino ez zuen egin, eta, horren ondorioz, gertatutakoari buruzko ikerketa ez zen izan ez azkarra, ez sakona, ezta eraginkorra ere».
Horregatik, Guardia Zibilaren bertsioa —Zabalzak ihes egin zuela eta Bidasoa ibaian ito zela— «ez da inondik ere onargarria» adituentzat. Adibideak ere jarri dituzte hori argudiatzeko, «zalantzagarriak diren beste hainbat gauza» zerrendatuta: esaterako, gorpuak ibaian egotean izango lituzkeen «hozkadarik edo arrastatzeagatiko urradurarik» ez izatea edota haren alkandora osorik agertu izana. «Ondorioztatu dugu Mikel Zabalzaren bat-bateko ihesaren hipotesia oso inprobablea dela, sinestezina ez esateagatik, eskura ditugun datu guztien argitan», Balorazio Batzordeak azaldu duenez.
Oharra estatuari
Zabalzaren auzia argitzeko saio judizialak antzuak izan dira 37 urteotan, eta horri ere erreferentzia egin diote txostenean. «ikerketa eraginkor bat egin izan balitz (...) eta kontuak egokiro eman izan balira eta erantzukizunak argitu, posible izango zatekeen giza eskubideen urraketak eragin zituzten inguruabarrak aldatzea eta, horrekin batera, gerora gertatu diren jarduketa batzuk saihestea, zeinetan torturak eta bestelako tratu eta zigor anker, gizagabe eta umiliagarriak egiaztatu baitira».
Horri lotuta, Espainiako Estatuari egin diote oharra, hark ere erantzukizuna har dezan: «Espediente honetan jasotako giza eskubideen urraketa gertatu zela egiaztatzeak ez du ez betetzen ez ordezten Estatuak duen ardura, haren betebeharra baita legez kontrako heriotza ororen erantzuleak ius puniendi baliatuta epaitzea eta zigortzea».
Batzordea 2018ko uztailean eratu zen, eta, prozesu judizialen eta pandemiaren eraginez, 2020aren erdialdean hasi zen lanean. 1.220 lagunek egin dute kalte ordainak lortzeko eskaera, eta 563 ebatzi dituzte orian arte. Legeak 390.000 eurorainoko kalte ordainak aurreikusten ditu biktima gisa aitortuak direnentzat.
Tortura. Mikel Zabalzaren auzia
Erakundeek Zabalza omenduko dute bihar, biktimatzat aitortuta
Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak «aski funtsatutzat» jo du Mikel Zabalza torturapean hil zutela. Ekitaldi bat egingo dute Orbaizetan; Nafarroako Gobernua ere bertan izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu