Hizkuntza planak «eskolaz eskola» egitea defendatu du Dobaranek

Ikastetxeei «autonomia» ematea eta egoera bakoitzera egokitutako ereduak ezartzea proposatu du sailburuordeak, hezkuntza akordioa lantzeko eratutako batzordean

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, atzo, legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Euskara ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztuna» helburu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen funtzionamenduan egin beharreko egokitzapenez aritu zen Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea atzo, Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengilean. Hizkuntza proiektuak «eskolaz eskola» egokitzea proposatu zuen, «ingurune soziolinguistikoa eta ikasleen profila» aintzat hartuta. «Ikusita zer profil duen ikasleriak, hori irakurri, eta ordenatu beharko da nola emango den hizkuntza bakoitza. Eskolari autonomia emanez, eta eskoletako klaustroak egonkortuz eta sendotuz», azaldu zuen.

Halaber, irakasleak trebatu beharra ere nabarmendu zuen, «normalizazio bidean dagoen hizkuntza batean irakastearen» kontzientzia hartu, eta erantzukizun horrekin jardun dezaten. «Orain ez da hala gertatzen. Euskara irakasleak dira arduradun nagusiak».

Erantzukizuna, baina, ez zuen irakasleengan bakarrik jarri. Hezkuntza prozesuan herri guztiak egon behar du «integratuta», haren esanetan: «Koherentzia lortu behar dugu jarduera formalen eta ez-formalen artean. Euskara erabiltzeko testuinguru errealak lortu behar dira, kontsentsuz».

Eta, gogoratuta gurasoen inplikazioa beharko dela horretarako, azpimarratu zuen gurasoen %69 seme-alabak D ereduan matrikulatzearen aldekoak direla, 2017ko datuetan oinarrituta. «Zergatik izango da? Bada, argi dagoelako egungo A eta B ereduetan ez dela lortzen hizkuntza gutxituan gaitasun maila nahikoa. Eta gurasoek ez dute nahi hori», adierazi zuen. «Hautu» horri erantzuteko, «murgiltze sistema ordenatu» bat behar dela esan zuen, «inor atzean» utziko ez duena: «Ume bat hizkuntza ofizialik gabe uztea oso larria da. Gizartearen atxikimendua badaukagu, eta egin behar duguna da helburuak lortu».

Adierazi zuen hizkuntza ofizialetan B2 maila eta ingelesean B1+ eskuratu behar dela gutxienez, tokian tokiko eredua edozein dela ere, eta hala izan dadin «jarraipena» egin behar zaiela hezkuntza ereduei.

Hezkuntza sistema berritu beharra nabarmendu arren, egungoaren defentsa ere egin zuen sailburuordeak, eta adierazi zuen 300.000 elebidun «irabazi» direla 1981tik gaur arte. Horrez gain, «euskaraz ikasteko» gai diren ikasleen kopurua nabarmen handitu dela erantsi zuen. D ereduaren «arrakastatzat» aipatu zuen, halaber, erdal eremuetatik datozen ikasleak eredu horretan integratu izana.

Mintzaldi gehiago ere izan zen. Digitalizazioaz aritu zen, esaterako, Iñigo Gebara Hezkuntzan Librezale elkarteko kidea, eta software librea hezkuntza planean integratzeko proposamen bat plazaratu zuen. Asier Etxenike Aztiker ikerguneko soziologoak, Sormenean Bizi Kulturan Bizi taldeko kideek, eta Jasone Cenoz eta Ana Ortega adituek ere bere ekarpenak egin zituzten saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.