Aurten ere superabitaren zati bat inbertitzen saiatuko da Nafarroa

Aranburuk uste du gastu araua bete dutela eta 112 milioiren superabitaren zati bat inbertsioetarako erabili ahal izango dutela. Hauteskundeen aurretik egiteko aukera iradoki du

Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hilaren 15aren zain dago Nafarroako Gobernua. Egun horretan jakinaraziko du Estatuko Esku Hartze Orokorrak iaz Nafarroak gastu araua bete ote zuen. Iruñeko gobernuak uste du bete zuela, eta horregatik iaz izandako 112 milioi euroren superabitaren zati bat erabili ahal izango duela inbertsioak egiteko.

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak atzo erakutsi zuen gutxi fio dela Espainiako Gobernuarekin eta haren menpeko erakundeekin. Mesfidantza gastu araua kalkulatzeko sistemari dagokio. Espainiako Egonkortasun Legearen atal bat da gastu araua, eta bere menpeko administrazioek gainditzerik ez duten gastu publikoa finkatzen du. Nafarroako Gobernuak esperientzia txarra izan zuen iaz horrekin: bere kalkuluen arabera, bete zuen araua, eta horregatik erabaki zuen 2017ko 230 milioiren superabitaren zati bat —113 milioi euro—, inbertsioetara bideratzea. Baina Madrilgo gobernuak 35,5 milioi soilik inbertitzeko baimena eman zion Iruñekoari, gastu araua argudiatuta. «Kopuru ziztrina», Maria Solana gobernuko bozeramailearen hitzetan.

«Gure iritziz, gastu araua bete dugu», esan zuen atzo Ogasun kontseilariak. Arazoa da gastu araua kalkulatzeko sistema «nahiko kriptikoa» eta «konplexua» dela. «Ez dira soilik foru administrazioak egiten dituen gastu inputazioak, Estatuko Esku Hartzeak zuzenean egiten dituen batzuk ere badaude. Aurkitu izan dugu Espainiako Bankuaren defizit batzuk guri ere zenbatzen dizkigutela, guk ezeren errua ez izan arren».

Iaz, Espainiako Gobernuari presio egiteko, lege bidez tramitatu zituen inbertsioak, baina ezer gutxirako balio izan zuen. Iradoki zuen aurten maiatzeko hauteskundeen aurretik egiteko astia izango dutela.

Espainiako Kongresuak atzo berretsitako dekretu batek emango du baimena superabitaren zati bat «inbertsio jasangarrietarako» bideratzeko. Dekretu hori «lotsagarria da, Nafarroako gizarteari adarra jotzea», Marisa de Simon Ezkerrako parlamentarioak salatu zuenez. «Hauteskundeetarako lau aste falta direla onartu du dekretua, hamar hilabetez Nafarroarentzat inbertsioak eragozten aritu ondoren […] Oraindik harritzen gaitu zer mutur handia duen PSOEk». «Inprobisazioak» egin beharrean, Egonkortasun Legea bertan behera uzteko eskatu zuen De Simonek, «austerizidio neoliberalaren tresna» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.