Flotatzen duten parkeak

Ur gaineko instalazio fotovoltaiko flotagarriak garatzeko negozio lerro berri bat sortu du Emica Bombas enpresak. Prototipo bat jarri du Arabako teknologia parkean.

Arabako teknologia parkean jarri duten prototipoa: 32 panelez osatuta dago, eta martxan dago jada. EMICA SOLAR.
aitor biain
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Energia berriztagarrien aldeko urratsa egin du Emica Bombas enpresak. Mende batetik gorako ibilia daukan Abanto-Zierbenako (Bizkaia) konpainiak industria ponpa zentrifugoak ekoizten ditu, baina negozio bide berri bat aztertu nahi du aurrerantzean: ur gaineko energia fotovoltaikoa, hain zuzen. Emica Solar adarra sortu du horretarako. Hasiak dira teknologia berria garatzen, eta aurreneko prototipoa ere jarri dute Miñaon, Arabako teknologia parkean. Proiektu berritzailea da, aurrekaririk ez duena Euskal Herrian, eta Bizkaiko Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batasunaren laguntza izan du lehen fasean.

Emica Bombas 2017an hasi zen plan estrategiko berria garatzen, eta orduan erabaki zuten negozioa dibertsifikatzea, Jon Ander Agirrebengoa zuzendari nagusiak azaldu duenez: «2018an eta 2019an produktu berriak atera zituzten, eta hazkunde handia lortu zuten horri esker. Baina COVID-19ak ezerezean utzi zuen guztia. Gogoeta egitea erabaki genuen orduan, ekoizpen jarduera berriak arakatzeko. Eta, horretan ari ginela, konturatu ginen energia fotovoltaikoa gure negozio tradizionalaren osagarri izan zitekeela».

Ur gaineko panel flotagarrien ereduaren aldeko apustua egin zuten bereziki. Izan ere, Agirrebengoak adierazi duenez, eguzki panelak eta ponpak «bateragarriak» dira, batetik, antzeko sektorean edo jarduera eremuan koka daitezkeelako: hau da, ponpak martxan jartzeko ura eta energia behar izaten dute bezeroek, eta, beraz, behar horiei erantzuteko balio dezakete. Eta, bestetik, bateragarriak dira «sinergia komertzialarengatik» ere; ohiko bezeroei zuzendutako produktu bat izanik, berriak bilatzeak ekarriko lieken gastua aurreztuko luketelako.

Kokapena aldeko

Ur gaineko instalazio fotovoltaikoak aintzira naturaletan eta artifizialetan jar daitezke, baita urtegietan, edateko ura daukaten arroetan, ubideetan eta nekazaritzako ureztatze putzuetan ere. Eta hori du abantailarik handienetako bat: kokapena. «Eguzki panel flotagarriek ez dituzte lur eremu handiak hartzen, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabil daitezkeenak, eta instalazioa bera ere errazagoa izan daiteke aintzira edo aintzira artifizialetan batez ere».

Gainera, eguzki panelen errendimendua handiagoa izan daiteke kasu batzuetan, «urak azpiegitura hozten duelako», besteak beste. Lurruntzeak eragiten dituen ur galerak ere murrizten ditu —helburu horrekin jarriko dituzte eguzki panelak Nafarroako ubidean, esaterako—.

Mantenua da ereduaren erronka handienetako bat. Eta balio ekologikoa izan dezaketen putzuetan eragin ditzakeen ingurumen kalteak ere ikerketa gai dira oraindik. «Argi dago inpaktua ez dela bera urtegi batean, urmael natural batean edota ureztatzeko putzu batean. Estaltzen den azaleraren portzentaiak ere eragingo du. Orain arte jaso ditugun datuen arabera, ondorioak positiboak dira. Sektore berri bat izanik, argi daukagu gauzak ondo egin behar ditugula hasieratik, eta arautu behar dela hau ere». Hain zuzen ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak martxoan zehaztu zituen urtegietan eguzki panelak jartzeko baimenak eta betekizunak.

Enpresak negoziorako aukera handia ikusten du, batez ere Euskal Herrian eta Espainian, garatzen hasi berria den teknologia izanik balio handiko merkatua zabaltzen hasi delako. Emica Solerrek liderra izan nahi du kokaleku horietan. Soilik Arabako Lautadan, esaterako, 40 MW hartuko lituzketen instalazioak egiteko adina ureztatze putzu daudela uste dute. Espainian, berriz, urtegietan bakarrik 8.600 MWeko proiektu flotagarriak garatzeko aukera dagoela kalkulatu dute, eta 10.000 MWekoa ur putzuak aintzat hartuz gero.

Nazioartean ere aukerak badituztela esan du Agirrebengoak, eta produktuaren inguruko interesa agertu duenik ere izan dela dagoeneko: «Hedabideetan atera garenetik Brasildik eta Txiletik deitu digute». Ur gaineko eguzki panel flotagarrien ereduaren aldeko apustua egin dute Europako herrialde askok ere. Agirrebengoak esan du, ordea, nahiago dutela bertatik hasi: «Herrialde askotan asko hazi da eredu hori, eta etorkizunean izango dugu aukerarik. Baina hemen egingo ditugu lehenengo proiektuak, eta irtengo gara gero, seguru».

Miñaon aurrenekoa

Produktua garatzen aritu dira azkenengo bi urteetan, eta merkatura ateratzeko prozesuan dira orain. Bada, produktuaren muntatze eta mantenu lanetan izan daitezkeen gorabeherak testatzeko eta etorkizuneko proiektuen garapenak ikertzeko, prototipo bat jarri dute Arabako teknologia parkean.

Instalazio txiki bat da: 140 metro koadroko azalera hartzen duten 32 eguzki panel ditu, eta zazpi etxebizitza hornitzeko beste energia elektriko sor dezake. Martxan dago jada, eta, Agirrebengoak adierazi duenez, diseinu «berezia» da haiena, beste eredu batzuekin alderatuta: «Urarekin kontaktuan den eremua txikia daukan azpiegitura bat da, eta bi aurpegiko panelak ere jartzeko aukera ematen du. Putzua hustu behar den kasuetan ere instalazioa desmuntatu gabe egiteko aukera eskaintzen du».

Hala ere, bezeroaren beharren eta ezaugarrien arabera egokituko dute proiektu bakoitza: «Bezero batzuek proiektu guztia garatzeko beharra izango dute. Instalazio handiagoen kasuan, berriz, plataforma flotagarrira mugatuko litzateke gure negozioa». Baina argi daukate ereduak baduela etorkizunik: «Garatzeko aukera handia du oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.