Presondegitik atera da Frederic Haranburu 'Xistor' euskal presoa

Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du urte eta erdiz, eta «baldintza zorrotzak» izanen ditu zortzi urtez. 30 urte baino gehiago eman ditu Frantziako presondegietan

Frederic Haranburu Xistor euskal presoa, Lannemezango presondegi kanpoan, bere senideek inguratua. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Frederic Haranburu Xistor euskal presoak atzo goizean utzi zuenLannemezaneko kartzela (Okzitania). Gertukoak zain zituen atarian, eta haiek egin zioten lehen harrera, Senpereko (Lapurdi) bidea hartu aitzin. 30 urte gatibu izan ondoren, etxean jarraituko du zigorra betetzen, auzitegiak baldintza zorrotzak ezarri baitizkio: eskumutur elektronikoa eraman beharko du hemezortzi hilabetez, eta zenbait neurri bete beharko ditu zortzi urtez. Parisko Dei Auzitegiak urriaren 27an onartu zuen haren baldintzapeko askatasun eskaera, egiten zuen hirugarrena. «Gaur dugun pozak ez du gorde behar ez dela zinezko askatasun bat. Beste modu batez, baina kondena betetzen segituko du», adierazi zuen orduan Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Orotara, 30 urte eta 234 egun egin ditu preso Haranburuk.

EHBai-k «besarkadarik bero eta estuena» helarazi die Haranbururi eta bere senide eta lagunei, eta hura presondegitik ateratzea «aurrerapauso politiko inportantea» dela erran du. Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bultzaturiko «gogoeta, elkarrizketa eta ildo mobilizatzailearen» ondorio zuzena dela adierazi du; «kolektiboki lortutako urratsa». EH Baik aldarrikatu du Haranbururen aldeko erabakia ez dela «salbuespen bat» izan behar. «Mobilizazioak bere emaitzak ekarri ditu, eta horretan segitu behar dugu Jakes [Esnal], Ion, Unai [Parot] eta azken euskal preso eta iheslari politikoak etxeratu arte».

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak «ongi etorria» egin dio astearte honetan Haranbururen baldintzapeko askatasuna onartzeko Parisko Dei Auzitegiaren erabakiari. Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta bakegileek osatzen dute ordezkaritza, eta 2017ko apirilean ETAren armagabetzea egin zenetik, Frantziako Justizia ministerioarekin zuzeneko elkarrizketak izan ditu, euskal presoen auzia konpontzeko helburuarekin. «Erabaki judizial honek 2011n Euskal Herrian hasitako bake prozesuaren inguruan Frantziako justiziak duen ikuspegi aldaketa islatzen duela sinetsi nahi dugu», adierazi dute. «Inoiz baino gehiago, Euskal Herriak bere historiako orrialde berri bat irekitzeko asmoa du, Xistor Haranburuk bezala, 30 urte bete dituzten presoentzat baldintzapeko askatasuna baimenduz», azpimarratu dute. «Gure aldetik, adi segituko dugu, gatazkaren ondorioei maila guztietan konponbidea ekarriko dien urratsen alde lan eginez».

Ordezkaritzako kide da Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria. Deia egunkariari asteburuan eskainitako elkarrizketa batean, iragarri zuen Frantziako Justizia Ministerioarekin bilkura bat eginen dutela aurki. «[Ipar Euskal Herriko] parlamentariak ministerioko gabinetearekin bilduko dira, eta, gero, Eric Dupont Moretti ministroarekin bilkura eginen dugu». Uztailean izendatu zutenetik, Frantziako Justizia ministroarekin eginen duten lehen bilkura da. Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren egoera ere aipagai izanen dutela iragarri zuen Etxegaraik. COVID-19ak kutsatu du, eta larriki eri da.

Bizi osoko kartzela zigorra

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Haranburu, Jon Kepa Parot eta Jakes Esnalekin batera, ETAren Argala komandoko kidetzat jota. Beste hainbat lagun ere atxilotu zituzten operazio berean. Bi egun lehenago, Unai Parot atzeman zuten, Sevilla (Espainia) ondoko herri batean —Santaponcen—, errepide kontrol batean. Haranbururen, Parot anaien eta Esnalen atxiloketek harridura sortu zuten, lehen aldia baitzen ETAn pisuzko zeregin batean aritu zirena Ipar Euskal Herriko lagun batzuk. Poliziarentzat ere ustekabea izan zen, orduan aipatu zenez: ez zituzten fitxatuak. Lapurdin atzemandako hiru kideak ez zituzten Espainiaratu, Frantziak ezin baitzuen bere nazionalitateko herritarrik estraditatu —artean, euroagindua ez zegoen indarrean—.

1997ko udaberrian epaitu zituen Frantziak Jon Kepa Parot, Esnal eta Haranburu, eta bizi osoko kartzela zigorra ezarri zien. Urte batzuetara, baldintzapeko askatasun eskaera egin zezaketen, hala ere; 2005etik Parotek, eta 2008tik Esnalek eta Haranburuk. Hala egin dute ordutik, baina ezezko erantzunak jaso dituzte, behin eta berriz. Bost aldiz eman diote ezezkoa Paroti; bi aldiz Esnali. Gaur egun, Saint Martin de Ren (Frantzia) dago Esnal, Baionatik 390 km-ra, eta Mureten (Okzitania) Parot, 280 km-ra. Azken urteetan, zigor kommutazioaren bidea ere ireki dute defentsako abokatuek, hainbat pertsona ezagunen babesarekin, baina, gaur-gaurkoz, ez du emaitzarik eman. 2017an egin zuten azken eskaera erantzun gabe dago oraindik; Frantziako presidenteak ez du eskaerari erantzuteko eperik.

«30 urte aski da»

Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aldeko eragileek behin baino gehiagotan salatu dute Esnal, Haranburu eta Paroten egoera. Aurtengo udaberritik, mobilizazioak ugaritu dituzte, 30 urte aski da! lelopean, euskal preso horiek aske utz zitzatela eskatzeko. Irailaren 19an, ekintza sinboliko bat egin zuten Baionako suprefeturaren aitzinean. Bakegileek adreiluzko pareta batekin estali zuten Baionako suprefeturako sarrera, Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Handik egun batzuetara, Esnalen baldintzapeko askatasun eskaera ukatzen zuela jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiak, eta Haranbururena ukatzeko eskatu zuen terrorismoaren kontrako fiskaltzak. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Esnal, Haranburu eta Parot «hiltzea» egotzi zion, orduan, Frantziari. Euskal Hirigune Elkargoak ere erabakia salatzeko mozio bat onartu zuen batzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.