«Sekula gertatu behar ez zenaren ispilu dira, eta, aldi berean, baita bizikidetzarako hazia ere». Alde bateko zein besteko indarkeriaren biktimen testigantzak entzun ziren atzo Nafarroako Parlamentuko areto nagusian. Halako lekukotzek «elkarbizitza berreraikitzeko» duten garrantzia azpimarratu zuen Fernando Rey moderatzaileak, Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako topaketen hasieran. Hizlarien oholtza gainean, lau emakumezko: Maria Jauregi, Belen Zabala, Naiara Zamarreño eta Olatz Etxabe. Aurrean, berriz, ordezkaritza parlamentarioa duten talde ia guztietako kideak: PSNkoak, Geroa Baikoak, EH Bildukoak, Ahal Dugu-koak eta Ezkerrakoak. Talde bakarra gelditu zen kanpoan, biktimen testigantzak entzuteari uko eginda: Navarra Suma.
Olatz Zamarreño izan zen hitz egiten lehena. Haren aita, Manuel Zamarreño, PPko zinegotzia izan zen Errenterian (Gipuzkoa). Karguan34 egun zeramatzala, ETAkhil egin zuen lehergailu batekin, 1998ko ekainaren 25ean. «Amorru bizia sentitu nuen», gogoratu du. «Borborka nengoen barrutik, eta irainak besterik ez zetorkidan burura, baina isilik gelditu nintzen hainbat urtez».
Hain zuzen, torturen biktima batekin izandako elkarrizketak bultzatu zuen amorru hori alboratu eta zubiak eraikitzen hastera: «Ordura arte, ez nuen kontakturik ezker abertzaleko inorekin. Ez nuen nahi. Baina pertsona horrek azaldu zidana hain zen lazgarria: torturak, poltsa... Nola ez nuen, bada, min horrekin enpatizatuko?».
Bestearen larruan jartzeko beharra aipatu zuen Belen Zabalak ere, «gorrotoak eta herrak ez baitute balio aurrera egiteko». Haren osaba, Josu Zabala Erasun, Guardia Zibilak hil zuen, 1976ko uztailaren 8an, Hondarribiko alardean (Gipuzkoa) piztutako istiluetan: «Guardia Zibila kolpeka eta tiroka sartu zen manifestazio bat desegitera, eta gure osabari tiro bat jo zioten bizkarretik».
Elkarbizitza bermatze aldera, hitz egiteko borondateaz gain, «egia eta aitortza» ere behar direla uste du Zabalak: «Gure osabaren heriotza agiriak dio peritonitisak jota hil zela, eta tiro egin zion guardia zibilak, berriz, amnistia lortu zuen. Niri beldurra ematen didate ahazteaz eta aurrera egiteaz esaten direnek, aurretik aitortzarik ez badago nekez egingo baitugu aurrera».
Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoa ETAk hil zuen, Tolosan (Gipuzkoa), 2000. urtean. Haren alabak, Maria Jauregik, «elkar entzuteko beharra» aldarrikatu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan: «Oro har, gutxitan entzuten dugu besteak esateko duena, eta garrantzitsua da alde bateko zein besteko testigantzak entzutea, memoria inklusibo bat eraikitze aldera».
Jauregik «ezinbestekotzat» jo zuen «autokritika» egitea, eta hori egitera premiatu zituen eragile guztiak: «Oso erraza da beti besteei gaitzespenak eta damuak eskatzea. Alde guztiek aitortu beharko lukete eginikoa, gizarte osoaren mesedetan».
Kontakizun anitz
Olatz Etxabe izan zen hitza hartzen azkena. Haren aita, Iñaki Etxabe, estatu terrorismoaren lehen biktimetako bat izan zen zenbait historialariren ustez. Etxabe familiak ostatu bat zuen Kanpazar mendateko gainean, Arrasate (Gipuzkoa) eta Elorrio (Bizkaia) arteko mugan. Han hil zuten Iñaki Etxabe, 1975eko urriaren 5ean, tiroz. «Gure familiak ezin du aurrera egin, 45 urteren ostean estatuak biktima izaera bera ere ukatzen digulako».
Elkarbizitzan sakondu eta zauriak ixte aldera, testigantzen garrantzia nabarmendu zuen: «Gatazkaren kontakizunarekin katigatuta ikusten dut gizartea, baina ez dago kontakizun bakar bat; kontakizunak askotarikoak dira, eta denek balio dute».
Orbainen gainean eraikitzen
Foro Sozialak deituta, ETAren eta estatuaren zenbait biktima indarkeriaren arrastoaz eta elkarbizitzaz aritu dira Nafarroako Parlamentuan. Navarra Sumak ez du parte hartu saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu