Nafarroako BPGa %15,3 uzkurtu zen itxialdian, eta jipoi handia berretsi du

Hiruhilekoko eta urte arteko tasa hiru hamarren hobetu arren, beherakada historikoa da. Ia sektore guztiak apaldu dira, batik bat zerbitzuak, industria eta kanpo merkataritza

joxerra senar
Iruñea
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Konfinamenduak lorratz sakona utzi du jarduera ekonomikoan. Uztailaren 31n aurreratutako argazkiak jada agerian utzi zuen jipoiaren tamaina. Atzo, Nastat Nafarroako estatistika erakundeak behin betiko datuak eman zituen, eta, doitze ariketa horretan hazkundearen datua hiru hamarren hobetu bada ere, ondorioa berbera da: apiriletik ekainera, barne produktu gordina %15,3 uzkurtu zen, lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Urtebete lehenagoko egoerarekin alderatuta, berriz, sakonagoa da zauria, %18,5 erori baita Nafarroako ekonomia.

Nahiz eta datuek urte arteko tasaren atzerakada handiagoa islatzen duten, egoera berezi honetan hiruhileko batetik besterako aldaketek hobeto erakusten dituzte jarduera ekonomikoaren gorabeherak. Uztailetik irailera arteko datuak jakin zain, atzo argitaratutako emaitzak uztail amaieran aurreratutakoa berretsi besterik ez du egin. Antzera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: iragan astean Eustatek kaleratutako datuen arabera, %16,4 jaitsi zen ekonomia itxialdiaren zatirik handiena bildu zuen hiruhilekoan, eta %19,5, berriz, urte arteko tasa aintzat hartuta.

Eskaintzaren ikuspegitik, urte arteko tasari erreparatuta, sektore ekonomiko guztiek egin dute atzera, merkatuan aritzen ez diren zerbitzuak izan ezik —Nastaten arabera, familiei doan edo prezio oso merkean zerbitzua eskaintzen dieten jarduerak—. Aitzitik, merkatuko zerbitzuen sektorean, beherakada %22,9koa izan da, eta bertan sartzen dira konfinamendua gehien pairatu duten alorrak: ostalaritza, merkataritza eta garraioa.

Industriak, berriz, %23,9 egin du atzera iazko epe berarekin alderatuta. Nafarroako fabrika nagusia, Volkswagen, geldi egon zen martxoaren 15etik apirilaren 27ra, eta apurka ekin zion berriz ekoizpenari —hiru txandetako produkzioarekin abuztuaren 24an hasi zen—. Lehen sektorean, beherakada ez da hain handia izan. Herritarren elikagai beharrak lan eskerga egitera behartu ditu laborariak eta elikagai industria, eta %2,2 egin du atzera, iazko egoerarekin alderatuta.

Barne kontsumoa, atzera

Tamaina horretako hozkadak isla izan du ekonomiaren beste aldean ere, eskariarenean. Konfinamenduaren ondorioz, sendiek gutxiago kontsumitu dute, eta barne kontsumoak %16,4 egin du atzera, iazko datuekin alderatuta. Itxialdian eta ondorengo konfinamenduaren arintze prozesuan, sendiek gutxiago gastatu dute ostalaritzan eta ondasun iraunkorretan —altzari, etxetresna eta halako produktuak—; gehiago, berriz, elikagaietan eta osasun produktuetan —maskarak eta hidrogelak, kasurako—. Ziurgabetasun egoera betean, enpresen inbertsioak nabarmen egin du atzera: %22,8 iazko datuekin alderatuta.

Mugak itxita egonik, egoerak bete-betean eragin die nazioarteko merkatuko joan-etorriei. Nafarroako enpresen esportazioak %31,8 uzkurtu dira, iazko datuekin alderatuta; inportazioak, berriz, %28.

Errentei dagokienez, langileen soldatek %14,3 egin dute atzera. Autonomoen eta enpresaburuen irabaziak, oro har, %20,1 uzkurtu dira, Nastaten arabera.

Bigarren hiruhilekoan, enpleguak %16,3 egin du behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.