Ekonomia suspertzea izango da Frantziako gobernu berriaren lehentasuna, Jean Castex lehen ministroak iragarri duenez. Frantziako Asanblea Nazionalean, politika orokorreko eztabaidan aurkeztu ditu Castexek hurrengo urte eta erdian gobernuaren ildo nagusiak izango direnak. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko diru funts bat eratuko duela jakinarazi du. «Enplegua izango da nire gobernuaren erabateko lehentasuna», ziurtatu du. Baina aurreratu du bestelako neurririk; horien artean, «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat.
Lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu du «separatismoa», eta udazkenean haren kontrako lege proiektu bat proposatuko duela aurreratu du, neurriaren edukiari buruzko informazio gehiago eman gabe. «Errepublika Frantzia da. Eta haren oinarriak ere kolokan daude, bere etsaien arteko koalizioaren ondorioz: terroristak, estremistak, konspiratzaileak, separatistak, komunitaristak».
Lehen ministroaren arabera, lege proiektu horren helburua litzateke «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intransigentez ixteko aukera eragoztea». Hala, lege horrek izaera etniko, erlijioso edo kulturala duten aldarrikapenen «sabaia» zein den zehaztu beharko luke, eta Frantziako Errepublikaren identitatea indartu. «Errepublikaren balore nagusia sekularitatea da. Inolako erlijiok, pentsamendu korrontek edota talde antolatuk ezin du espazio publikoa bere egin, eta ezin die Errepublikaren legeei eraso».
Joan den ekainean, «komunitarismoa eta separatismoa» Frantziarentzako mehatxu zirela ohartarazi zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.
Krisiarentzako erantzuna
Castexen hitzaldiaren zatirik handiena, baina, gai ekonomikoek hartu dute. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko neurriei eman die arretarik handiena. Lehen ministroaren esanetan, pandemiak agerian utzi du Frantziako ekonomiak «gehiegizko menpekotasuna» duela beste herrialde batzuekin. «Hori aldatzeko, 40.000 milioi [euro] bideratuko ditugu».
Lehen ministroa Frantzia barruko ekoizpen jarduera indartzen lagunduko duten neurriak hartzearen alde agertu da. Besteak beste, «ekoizpena zamatzen duten zergak arindu» behar direla babestu du, bertan egindako produktuak merkatuan lehiakorragoak izan daitezen. Beharrezkotzat jo du EB Europako Batasunak lehiaren gaineko araudia aldatzea ere, «txapeldun industrialak» izango diren enpresak sortzeko.
Industriaren geroa trantsizio ekologikoarekin lotuta dagoela ohartarazi du gobernuburuak. «Industria nazio handi bat izan gaitezke berriro ekologiari esker». Argitu du «hazkunde ekologian» sinesten duela, eta ez «deshazkunde berdean».
Iragarri duenez, bere gobernuak 20.000 milioi euro bideratuko ditu ingurugiroaren babesarekin lotutako proiektuetara. Besteak beste, eraikinen eraginkortasun termikoa hobetzera eta garraio sistema jasangarriago bat garatzera.
Castexen iritziz, 100.000 milioi euroko diru funtsaren inbertsioa «hil ala biziko» ahalegina da. Jakina da estatuaren zor publikoa areagotuko duela, baina ziurtatu du koronabirusak eragin duen krisiari ezin zaiola «aurrekontu zorroztasunarekin» erantzun. Zorpetze publiko horrek EBren babesa duela gaineratu du, eta Frantziak babes hori «negoziatzen jakin» duela.
Hain justu, ostiralean elkartuko dira EBko estatu kideak goi bileran, pandemiak sortutako krisiarentzako erantzun bateratu bat adosten saiatzeko.
Ekonomia gaien artean, gizartean protesta gehien eragin duten auzietako bat izan da pentsio sistemaren erroforma. Hura ere aipatu zuen Castexek. Lehen ministroak jakinarazi zuen gobernuak elkarrizketa sorta bat abiatuko duela berriz erreformaren gaineko akordio bat lortzeko, «sistema bakar eta unibertsal bat» eratzeko helburuarekin. Gobernuburuak adierazi du sistema horrek 1.000 euroko gutxieneko pentsioa ezarriko duela.
Macronek uztailaren 3an izendatu zuen Castex lehen ministro, eta gobernua berritu zuen handik hiru egunera. Macronen Errepublika Martxan alderdiak udal hauteskundeetan jaso zituen emaitza kaxkarrek behartuta egin zituen aldaketak. Udal bozetan nabarmena izan zen EELV alderdi ekologistaren gorakada, eta, ordutik, Macronek ingurugiroa babestearen aldeko hainbar adierazpen egin ditu. Castexek Asanblea Nazionalean egin duen lehen hitzaldia izan zen atzokoa.
«Separatismoaren kontrako» lege bat aurkeztuko du Castexen gobernuak
Frantziako gobernu berrituak 100.000 milioi euroko diru funts bat sortuko du COVID-19aren krisiari erantzuteko. Lehen ministroak enplegua ezarri du lehentasun gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu