Koronabirusa

Lehen kolpean, 2.152 hildako lau hilabetean

Otsailaren 28tik ekainaren 30era, lau hilabete egin ditu koronabirusaren pandemiaren lehen olatuak, eta erresakan utzi ditu ohikoak ez diren hildako kopuruak, konfinamendu luze baten ajeak, eta foku berriz betetzen doan uda bat

mikel p ansa
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Otsailaren 28an baieztatu ziren aurreneko koronabirus kasuak Euskal Herrian. Ekainaren 30 arte lau hilabete izan dira: negua joan zen, eta udaberria ere bai. Pandemiak Euskal Herrian zer bilakaera zuen esplikatzeko, administrazioek emandako datuak biltzen, lantzen eta edizio digitalean berritzen aritu da BERRIA egunero-egunero. Martxo bukaeran eta apirilean izan ziren lehen kolpearen momentu larrienak. Orduan egon ziren ospitaleak eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateak gainezka egiteko zorian. Orduan pilatu ziren heriotza gehien —inondik ere normalak ez diren kopuruekin—. Maiatzean datu okerrenak apalduz joan ziren, eta ekainean konfinamendua bukatu zen. Edizio digitalean datuak egunero berritzeari utzi dio BERRIAk, baina osasun krisiaren aurreneko lau hilabeteen balantzea egiteko moduan dago orain.

Pandemiaren hasieran kutsatuen kopuruari begiratzen zitzaion, gailurra noiz ailegatuko zen igartzeko. Azkar sumatu zen ez zela aski. Ospitaleratuen eta ZIUetan zeudenen datua esanguratsuagoa zen. Lau hilabete geroago, heriotzen kopurua da gaitzak utzi duen arrasto sakonena: 2.152 hildako lau hilabetean. Hego Euskal Herrian, inoiz ez da hainbeste jende hil azkeneko berrogei martxoetan eta azkeneko berrogei apiriletan —ez dago lehenagoko daturik—. Eta koronabirusak eragindako heriotzetan, Munduko tasarik handienetakoa du Euskal Herriak. Baina ez da bera eskualde guztietan. Gaitzak arrasto handiagoa utzi du Gasteiz aldean, eta Nafarroako eta Bizkaiko leku batzuetan; txikiagoa, Gipuzkoan —Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, baina gutxienez hamar eri hil dira—.

Lorratz sakonena zahar etxeetan utzi du COVID-19ak, eta zaintza sistemari buruzko zalantzak erein ditu. Zaharren egoitzetatik kanpo ere, adinekoen artean eragin du kalterik handiena: hildakoen %90ek 70 urtetik gora zituzten.

Ekainean baretu da egoera. Ospitaleetako karga jasangarria da, kasu positibo berri gutxi agertzen ari dira, eta zahar etxeak arindu dira. Kutsatze kate berriak dira kezka orain. Ekainetik, hamar foku sortu dira, eta Tuterakoa (Nafarroa) eta Ordiziakoa (Gipuzkoa) eteten jarria dute arreta oraintxe bertan administrazioek, baina aise sor litezke fokuak. Lehen olatuak hori erakutsi baitu: oso erraza dela dena hankaz gora jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.