Osakidetzako zuzendaritza ohia auzipetzeko eskatu du LABek

Sindikatuaren ustez, lan eskaintza publikoko probetan «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delitua egin zuten Darpon Osasun sailburuak eta Mugika Osakidetzako zuzendari nagusiak

Maria Jesus Mugika eta Jon Darpon, ezkerretik hasita lehenak, Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jaurlaritzako Osasun sailburua zirenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
LAB herri akusazioa da Osakidetzak 2016-2017an egindako LEP lan eskaintza publikoaren iruzurraren auzian, eta eskatu du orduan instituzioko zuzendaritzako kideak zirenak auzipetuak izan daitezela «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delituagatik. Izenak eta abizenak eman ditu sindikatuak, eta bosteko zerrenda horretan dago Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan zena.LEParekin loturiko iruzurraren auzia dela eta, dimisioa eman zuen iazko martxoan; haren esanetan, «oposizioak» behartuta. Maria Jesus Mugikak (Osakidetzako zuzendari nagusi ohia), Juan Carlos Sotok (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia), Xabier Balerdik (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariorde izandakoa) eta Andoni Alzelaik (Osakidetzako Osasun Arretarako zuzendaria) ere delitu beragatik «formalki» inputatuak izan behar dutela uste du LABek.

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian deklaratu zuten, atzo, Ana Jesus Zulueta epailearen aurrean, iruzurraren auzian inputatuetako bik: Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko buruak (Jose Antonio Elexpuru) eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako buruak (Eduvigis Alvarez). Osakidetzako mediku espezialisten probetan egindako iruzurragatik beste hiru inputatu daude: Jose Luis Cabriada (digestio aparatua), Maria Reyes Vega (angiologia) eta Cesar Augusto Valero (anestesia). Horiek iazko maiatzean deklaratu zuten.

Garai hartan Osakidetzako buruak zirenak ere auzipetu behar dituztelakoan dago LAB: «Administrazioko goi karguak izatearen babesarekin aritu ziren. LEPa zuzentzearen arduradunak ziren, eta estrategia eraginkor bat asmatu, diseinatu eta praktikara eraman zuten klientelismo sare bat bermatu eta mantendu ahal izateko», nabarmendu zuen sindikatuak, atzo, ohar batean. Horregatik nahi du «asmo bidegabeetarako elkartzeagatik» auzipetu ditzaten. Esate baterako, besteak beste delitu horrengatik zigortu zituzten De Miguel auziko auzipetuetako batzuk, joan den abenduan.

Gasteizko epaitegiaren aurrean adierazpenak egin zituen LABeko Gorka Berasategik, eta adierazi zuen sasoi hartan Osakidetzako buruak zirenak auzipetuz «jauzi kualitatibo bat» eman nahi dutela —deklaratu dutenak sekretuak jakinarazteagatik ari dira ikertuak izaten—. Berasategiren arabera, Osakidetzako zuzendaritza ohiak «gobernabide erraz bat» ziurtatu nahi zuen. «Aurretiazko isiltasuna erosita, edozein neurri ezarri ahal izango zuen; tartean, murrizketak». Sindikatuko abokatu Iñigo Santxok ere agerraldian parte hartu zuen, eta eskatu zuen ikerketa ez dadila «izozmendiaren muturrean» geratu. «Erantzukizunak argitu daitezela».

Azaldu zuen HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak duela LEPetarako azterketak prestatzeko ardura, eta Osakidetzako zuzendaritzak erakundea «erabili» zuela, erabaki baitzuen zeintzuk izango ziren epaimahaietako kideak. Gainera, LABeko abokatuaren hitzetan, zerrenda «itxi bat» igorri zion HAEEri, hautatu zitzan zeintzuk izango ziren azterketa teorikoa idatziko zutenak. Beraz, Osakidetzaren zuzendaritzak LEPen«erabateko kontrola» zuen. «Delitu sare bat eratu zuten erabateko kontrola eta postuen aurreikusitako izendapena bermatzeko». Sindikatuko abokatuarentzat, kudeaketa molde horren «gunean» zeuden Darpon eta Osakidetzako beste goi agintariak.

Herri akusazio moduan, LABeko abokatuak galderak egin zizkien atzo deklaratu zutenei, eta, sindikatuaren ustez, Elexpuruk deklaratutakoak «indartu» egiten du bere «kontakizuna». Izan ere, Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko buruak «onartu» zuen Osakidetzako zuzendaritzak LEPeko bigarren azterketan oposiziogileen anonimotasuna «apurtzeko baimena» eman zuela, nahiz eta, LABen irudiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoaren «eskuliburu operatiboak» ezartzen duen bigarren azterketan anonimotasuna gorde behar dela. Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako buru Alvarezek deklaratu zuen Osakidetzako oposizioetan «beti» egon direla «filtrazioen susmoak».

30 diligentzia egin ditzala eskatuko dio LABek epaitegiari, baita prozesua «indartzeko» neurriak har ditzala ere, diligentzia horiek guztiak legezko epeen barruan egin daitezen. Momentuz ez dute beste inor deitu deklaratzera.

«Egiturazko» iruzurra

ESK sindikatua ere herri akusazio gisa pertsonatu da, eta LABen eskaerarekin bat egin du. Patxi Nicolau bozeramaileak epaitegiaren kanpoaldean esan zuenez, plazak modu «iruzurrezkoan» izendatzeko «egiturazko sistema bat» dauka Osakidetzak. Hain zuzen, ESK-k planteatu zuen neurokirurgiako eta neurofisiologiako azterketak ikertzea. Nicolauk herenegun azpimarratu zuenez, Nekane Murgari adierazi zioten, iazko uztailean, «irregulartasunak» atzeman zituztela bi espezialitate horietako lan eskaintza publikoan, baina Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez zien «erantzun» ere egin. Horregatik, «klientelismo sarearen konplizea» izatea egotzi diote Murgari. Osakidetzaren «birsortze eta demokratizazio prozesu bat» aurrera eraman dezala «exijitu» dio sindikatuak Iñigo Urkullu lehendakariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.