Bizitza ekonomiko eta soziala normaltasunera itzuli ahala, azken urteotan oso ohikoa izan denargazki bat emango du bihar Eusko Jaurlaritzaren krisi mahaiak: Jaurlaritza, batetik, eta Confebask patronala, bestetik, eta CCOO eta UGT sindikatuen aulkietan. Gizarte Elkarrizketaren Mahaian bezala, herren egongo da mahaia sindikatuen aldetik, ordezkaritza handien duten sindikatuek, ELAk eta LABek, aurrerantzean foro horretan ez parte hartzea erabaki dutelako.
Espazio hori «alferrikakoa eta propagandistikoa» dela iritzi dio ELAk, eta Jaurlaritzak «adostasun irudi faltsu bat» emateko erabiltzen duela. Jaurlaritzarekin aurretik ere esperientzia «etsigarri asko» izan dituen arren, osasun krisiaren larritasunak mahai horretan esertzera bultzatu zuenELA. Akordioetarako prest zegoela dio, «osasun publikoa zaintzeko, gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko eta enplegua babesteko». Hala ere, hiru bilera egin ostean, ELAk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela «sindikatuen ekarpenak entzuten eta kontuan hartzen». Mahaia «informazio foro hutsa da, eduki errealik ez duena, eta ekarpenek ez dute ez jarraipenik ez interesikJaurlaritzarentzat: errealitatean ez dagoen adostasun bat eta akordio irudia helarazteko propaganda hutsa da».
ELA haserre azaldu da konfinamenduaren asterik gogorrenetan Jaurlaritzak egindako «kudeaketa aldebakar eta okerrarekin».Sindikatuak ez du ulertzen Gasteizko gobernuak pandemiarekin duen estrategia, «ezta haren presa, zuhurtasun falta eta patronalaren aldeko ikuspegia ere». Neurri sozial eta ekonomiko urriei leuntze fasearen «kudeaketa onartezina» gehitu zaiela salatu du. Horren adibidetzat jarri ditu bere menpe dauden lantokietan lanera uzteko protokoloak: «Eusko Jaurlaritzaren modus operandi-a autoritarismoa eta aginte bakarra da».
Gizarte larrialdiari aurre egiteko eta enplegua babesteko premiazko neurriak hartzeko behar direla ziurtatu du ELAk. Langabeen estaldura hobetuko duten eta enpleguari eusten eta enplegua erregulatzeko espedienteek enpleguan duten eragina gutxitzen lagunduko duten akordioak lortzeko prest jarraitzen du. «Mahai honen eraginkortasunik eza ikusita, beste sindikatuekin eta gizarte erakundeekin batera mobilizazio soziala partekatzen jarraituko dugu, egungo politikak aldatzeko eta egungo krisiari irtenbide justua emateko».
LAB, «erabilia» sentitu da
ELAren antzeko mezu bat plazaratu du LABek ere. «Orain arte izandako bilerek ez dute ezertarako balio izan langileen ikuspuntutik. Hiru bilera egin dira jada, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJk eragile sozioekonomikoekin argazkiak ateratzeko soilik baliatu dituzte. Hartzen dituzten erabakiak eragile sozioekonomikoekin batera hartzen dituztela irudikatu nahi dute, gezurra denean, LABekin behintzat. Jaurlaritzak aldebakartasunez funtzionatzen du, LABek egiten dituen ekarpenei jaramonik egin gabe. Estatuko gobernua kritikatzen du Jaurlaritzak, baita guk ere, erabakiak aldebakartasunez hartzen dituelako, eta zentralizazioa inposatzen ari delako. Bada, Jaurlaritza berdin egiten ari da, langileen beharrak kontuan izan gabe», adierazi du Xabier Ugartemendia sindikatuko ekintza sindikaleko idazkariak.
«Erabilia» sentitu da LAB, eta horregatik erabaki du aurrerantzean ez parte hartzea «patronalari begirako neurriak» onartzen dituen mahai batean.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia haserre azaldu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin: «Zer espero daiteke lan erreforma bertan behera uztea arriskutsua dela dioen lehendakari baten aldetik? Lan erreformari eutsi eta prekaritatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituen lehendakaria da benetan arriskutsua».
LABen zenbait proposamen xehatu ditu Aranburuk. Batetik, aldi baterako enplegu erregulazioan geratu diren langileei soldataren %100 ordaintzeko eskatu du, egoera horretan dauden langileen lanpostua bermatzeko, eta 1.200 euroren saria emateko lanik gabe geratu direnei.
Zerga politikaren «sakoneko aldaketa bat» nahi du LABek. Ogasunek diru gehiago bildu behar dutela uste duenez, zenbait proposamen egin dizkie aldundiei: aberastasunaren gaineko zerga berri bat, sozietate zergan kenkariak txikitzea , eta «lan errentak neurrigabe zamatzen» dituen errenta zerga aldatzea.
Koronabirusa
Jaurlaritzaren krisi mahaia ELA eta LAB gabe bilduko da bihar
«Alferrikakoa eta propagandistikoa da», ELAren ustez; «argazkiak ateratzeko mahai bat», LABen arabera. Aldebakartasunez eta patronalaren mesedean jokatzea leporatu diote Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu