Epe motzeko kontratuen ondorioz, langabeziak jaisten jarraitzen du

Ekainean 4.000 kotizatzaile gehiago izan dira, eta 7.000 baizik ez dira falta inoiz baino gehiago izan daitezen. Sexu arrakala sakondu egin da, langabezia batez ere gizonezkoen artean ari baita murrizten

Iker Aranburu.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Lan merkatuak beste urrats bat egin dukrisi aurreko mailara itzultzeko, baina oraindik ez da iritsi. Langile kopurua inoizko handiena da Nafarroan, Gizarte Segurantzako kotizazioetan neurtuta, baina beste hiru lurraldeetan oraindik koska bat handitu beharko du enpleguak maila horretara iristeko. Langabeziak jaisten jarraitzen du —ekainean, 3.417 langabe gutxiago zenbatu ditu SEPEk—, baina oraindik duela 11 urte baino 40.000 langabe gehiago daude.

Datuen analisi positiboa egin dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Confesbakek, baina gozotik baino gazi gehiago du sindikatuenak: enplegua handitzen ari da, bai, baina oso baldintza kaskarreko enplegua ari da nagusitzen.

LANGABEZIA
Erritmoari eusten dio

Hego Euskal Herrian, bosgarren hilabetez jarraian gutxitu da langabeen kopurua. 141.719 lagun ageri dira lanik gabe Lanbideko eta Nafar Lansareko bulegoetan. Maiatzean baino 3.417 gutxiago dira, eta 2018ko ekainean baino 10.820 gutxiago. 2013. urtearen hasieraz geroztik ari da langabe kopurua txikitzen, eta jada 2013ko martxoan baino 94.000 lagun gutxiago daude lanik gabe.

Langabe kopurua nabarmen apaldu ondoren, jaitsieraren erritmoa motelduz joan da, baina nahiko egonkor dago iazko udazkenaz geroztik, 9.500-11.000 gutxiago urte batetik bestera. Horrela, aurtengo ekainean iazko ekainean baino 10.820 langabe erregistratu gutxiago zeuden.

Langabezia tasa ere jaisten ari da, baina poliki-poliki, urtero puntu portzentual bat inguru. 2013ko martxoan goia jo zuen—%17,7 zeuden lanik gabe—, eta %10,5 ziren ekainean. Tasa horretatik gora jarraitzen dute Bizkaiak (%11,8) eta Arabak (%11,5), baina behera Nafarroak (%9,8) eta Gipuzkoak (%8,5).

Sektore guztietan egin du behera langabeziak, baina batez ere zerbitzuetan (-2.089), udan ohikoak baitira turismoarekin eta oporrekin lotutako kontratazioak. Horrek azaltzen du aurretik enplegurik gabekoen artean gertatu den langabeziaren jaitsiera handia ere (-778); funtsean, lehen enplegua duten gazteak dira. Hilabete pattalagoa izan da, berriz, industriarentzat (-283) eta eraikuntzarentzat (-253). Edonola ere, Confebaskek ohartarazi du enplegu asko sortu direla industrian: 1.426 afiliatu gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Luzaroan lanik gabe egon direnen artean ere langabezia jaitsi dela nabarmendu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak: «Ekonomiaren suspertzea aukerak ematen ari da langabe kronifikatuenei».

Aukera horiek handiagoak dira gizonentzat. Berriro ere, gehiago urritu dira langabeak haien artean (-2.116) emakumeen artean baino (-1.301), eta are gehiago handitu da bi sexuen arteko arrakala: langabeen %58,4 dira emakumeak , eta %41,6 gizonak. Langabezia tasaren aldea ere, noski, gero eta handiagoa da: gizonen %8,4 daude lanik gabe, baina emakumeen %12,7.

AFILIAZIOAK
Beste 7.000 falta diragoiko mugara iristeko

Ekainean, batez beste, 1.262.627 lagunek kotizatu zuten Gizarte Segurantzan, maiatzean baino 4.213 gehiagok. Datu ona da, normalean hilabete horretan 2.000tik behera egoten baita afiliazioen hobekuntza; berez, 2007ko maiatzera arte egin behar da atzera kopuru handiagoa aurkitzeko (6.156).

Maiatzean gainditu zuen afiliatuen kopuruak 2008ko iraileko muga —orduan piztu zen krisiaren okerrena—, eta ekainean beste urrats bat egin du inoizko kopururik handienera iristeko: 1.269.581, 2008ko uztailean. Zazpi mila baino gutxiago falta dira, eta enplegu sorrerak erritmoa galtzen ez badu, baliteke urtearen amaieran iristea.

Sektoreka, uzta askoren bilketa garaia iritsi dela antzeman da, nekazaritzak 562 afiliatu batu baititu.

KONTRATAZIOAK
Egunean 4.000 kontratu

Egunean ia lau mila kontratu egiten dira Hego Euskal Herrian, baina haietako gehienak laburrak dira, egun edo aste gutxikoak. Datu horrek lan merkatuaren prekaritatea agerian uzten duela nabarmendu dute sindikatu guzti-guztiek. «Prekaritate zantzu batzuk» ere badirela onartu du Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetarako jarduneko lehendakariordeak ere, baina gogorarazi du krisia hasi zenetik kontratazio mugagabea urte onenetan bigarrena izaten ari dela. Guztira, 9.788 kontratu mugagabe egin ziren ekainean Hegoaldean, kontratu guztien %7,64.

LANGABEZIA SARIA
Estaldura txikia

Langabeziaren estaldurak oso maila kaskarrean jarraitzen du. Azken datuak maiatzekoak dira, eta erakusten dute 84.413 langabek ez dutela jasotzen beren lan egoerarekin lotutako saririk (%58). Datua are okerragoa zen urtebete lehenago (%62,3), baina sindikatuek ez dute arrazoirik ikusten alarma hotsak itzaltzeko. Are gehiago, LABek ohartarazi du langabeen egoera okertu egingo dela baldin eta EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko aurkeztutako lege proposamenak aurrera egiten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.