Azken bi urteetan zailtasunak izan dira Emakumearen Nazioarteko Egunean kalera ateratzeko, osasun larrialdia zela eta. Hala ere, aurten ekitaldiak egiteko moduan egongo dira berdintasunaren aldeko eragileak, eta aldarriak ez dira falta. Manifestazio jendetsuak antolatu dituzte gaur arratsalderako, eta instituzio publikoek ere kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei.
Emakundek, besteak beste, Martxoaren 8an «modu aktiboan» parte hartzeko deia egin du. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du «berdintasunerako une erabakigarria» dela. Izan ere, azaldu du COVID-19aren krisiak eta ultraeskuindarren berdintasunaren aurkako diskurtsoek «inoiz baino beharrezkoago» egiten dutela kalera ateratzea.
Landaidak herritarrak bultzatu nahi izan ditu «bakoitzak bere espazioetatik» berdintasunaren aurkako diskurtsoei «aurre egin» eta «erantzun sendoa» ematera. Zuzendariaren arabera, euskal herritarrek modu horretan erakutsiko dute «emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde» daudela eta ez dutela «atzerapauso bat bera ere» onartuko.
Arartekoak ere gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren beharrezkotasuna azpimarratu du ohar baten bidez. Haren esanetan, «oso garrantzitsua» da genero estereotipoak gainditzea: «Izan ere, irizpide sexisten arabera aurrez zehaztutako eginkizun batzuen menpe jartzen dituzte emakumeak, eta horiek diskriminatzea ahalbidetzen dute».
Emakume zein gizonentzat «kaltegarriak» dira estereotipo horiek, ziurtatu duenez. Gehitu du berdintasuna lortzeko «orain» hartzen diren konpromisoak «erabakigarriak» izango direla etorkizunerako, Nazio Batuek Martxoaren 8rako helarazi duten mezuarekin bat eginez.
Nafarroako Legebiltzarrak ere bat egin du Martxoaren 8ko aldarriekin, adierazpen instituzional baten bidez. Herritarrei dei egin die gaur egingo diren ekitaldi eta protestetara batzeko.
Eudelek gogora ekarri ditu «emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzak». Adierazi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidea «norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana» dela, eta berdintasunerako legearen aldaketa ere hizpide izan du elkarteak: «Gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera garamatza».
Era berean, adierazi du tokiko erakundeek «berdintasunarekin» eta «emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearekin» daukaten konpromisoa «argia» dela.
Alderdien deiak
Alderdi batzuek ere adierazpenak egin dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan. Geroa Baik, esaterako, adierazi du pandemiak zaintza sistemaren hutsuneak agerian utzi dituela, eta erantzunkidetasunaren alde egin du. PSNk esan du «eskubide gehiago» lortzea dela erronka nagusia, eta, erantzunkidetasuna eskatzeaz gain, indarkeria matxistaren eta laneko desberdinkeriaren aurka ere agertu da. Bi alderdiek kalera ateratzeko deia egin dute. EH Baik ere dei egin du protesta egitera, eta azaldu du «urtez urte eta borroka desberdinen poderioz» arlo pribatuan eta publikoan lortutako aurrerapausoak «defenditzeko» eguna dela.
Sarek, berriz, atzo egin zuen elkarretaratzea, eta Mugimendu Feministak antolatutako deialdietara batu zen, baina nabarmendu zuen kartzelan dauden emakumeen egoera ere kontuan izan behar dela. Izan ere, adierazi zuen emakumeek preso egoteagatik «zigor hirukoitza» jasaten dutela: soziala, pertsonala eta penala. Sareren berbetan, «patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzeagatik» zigortzen dira emakumezko presoak, eta emakume txar gisa epaitzen dira.
Martxoaren 8a
Andreen eskubideen alde kalera ateratzera deitu dute erakundeek
Emakundek adierazi du kalera ateratzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Erakunde guztiek esan dute pandemiak eragina izan duela gizon eta emakumeen arteko desberdinkerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu