62 langile hil ziren iaz istripuetan, 2020an baino hamabost gutxiago

Garraiolarietan nabarmen murriztu zen hildakoen kopurua, baina asko ugaritu zen baso lanetan hildakoena. Hamasei langile hil dira arrazoi ez-traumatikoengatik; hamar, 'in itinere'

Baso lanetan hildako langile baten istripua salatzeko elkarretaratzea, Muxikan, iragan uztailean. ANE MARURI ARANSOLO / BUSTURIALDEKO HITZA.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
60tik gora izan ziren 2021ean lanera joan eta etxera itzuli ez ziren euskal langileak. ELAk lanean hildako 63 langile zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, eta bat gutxiago, berriz, LABek bere Internetako atarian, Euskal Herri osoan —aurten ez du bakar bat ere zenbatu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan—. Istripu hilgarrien kopuruan jaitsiera bat izan da 2020arekin alderatuz gero, orduko hartan 77 hil zenbatu zituelako LABek, haietako hiru Ipar Euskal Herrian eta beste lau atzerrian.

Sektoreka aletuz gero, eta 2020arekin alderatuta, nabarmen garraiolari gutxiago hil zen; aldiz, baso lanetako istripuetan askoz gehiago hil ziren. Guztira sei izan ziren zuhaitz baten azpian harrapatuta edo egur lanetan hildako langileak.

Pandemia urteak ilunak gertatzen ari dira euskal langileentzat, bietan gainditu baita 60 hildakoen langa. Kopuruaren analisi zuzena egiteko, baina, atzerago begiratu beharra dago. LABek bildutako datuen arabera, 2019an 44 hil ziren; 2018an, 68; 2017an, 53; 2016an, 55, eta 2015ean, 54. Alegia, iazkoak duela bi urteko datuak baino hobeak badira ere, pandemia aurreko ohiko kopuruen gainetik egon ziren, baina, aldi berean, Atzeraldi Handiaren aurretik ohikoak ziren kopurutik behera: 2007an 125 hil ziren, eta 2008an, berriz, 112.

2020 urte bereziki beltza izan zen garraiolarientzat. Pandemiaren eraginez logistika sektoreak gorakada izan zuen, eta, harekin batera, sindikatuen arabera, garraiolarien zein banatzaileen baldintzak gogortu ziren. Duela bi urte, guztira hamalau izan zireneskuak bolantean hildako gidariak; iaz, aldiz, sei, eta beste hiru kamioiekin harreman zuzena duten jardunetan: zama kargatzen, deskargatzen...

Beherakada nabarmena da, baina isla txikia du estatistika orokorrean, beste sektore batek hartu zuelako lekuko beltza: baso lanak. 2020an langile bakarra hil zen egurretan —baita basozain bat ere—; iaz, aldiz, sei izan ziren. Euskal Herriko baso askotan ari dira lanean. Egurrak salmenta ona du papera zein kartoia ekoizteko, eta hainbat menditan eukaliptoa landatzen ari dira pinua ordezkatzeko. Sindikatuek urte osoan salatu dute baso lanetan diharduten langileek jasaten dituzten baldintza txarrak: arriskuak, erritmo bizia... Aldagai horiei egotzi diete kopurua hainbeste handitzea.

Hildako langileen beste bloke handiak istripu ez-traumatikoak eta in itinere gertaturikoak dira; lanerako bidean, alegia. Osalanek, esaterako, horietako asko ez ditu zenbatzen. Ez-traumatikoak hamasei izan ziren guztira (bihotzekoak, zorabioak…), eta in itinere gertaturikoak, hamar.

Sindikatuek, halaber, zenbatua dute ustez lan baldintza makurren ondorioz Azpeitian (Gipuzkoa) bere buruaz beste egin zuen langilea. Hildakoen adinari erreparatuz, seik 30 urte baino gutxiago zituzten, eta bostek, 60 baino gehiago. Gehien-gehienak gizonezkoak izan ziren.

Sindikatuen datuen arabera, iaz ez zen langilerik hil koronabirusak jota. 2020an, aldiz, hiru ilangile hil ziren, euren lanpostuetan kutsatu eta gero gaitzak jota: ospitale pribatu bateko erizain bat, zahar etxe bateko garbitzaile bat, eta Lesakako (Nafarroa) altzairutegi batean kutsaturiko olangile bat. Sindikatuek, baina, urte osoan nabarmendu dute datu hori kontu handiz hartu behar dela. Lan osasun erakundeek ez dituzte datu horiek ematen, eta informazio gabezia salatu dute. Ondorioz, hainbat kasutan oso zaila da frogatzeahildako pertsona hori bere lantokian kutsatu zen ala ez.

Itsasoan bi

Lurraldekako banaketari dagokionez, ia istripu guztiak Hego Euskal Herrian izan ziren. Ipar Euskal Herrian ez zen langilerik hil 2020n hiru hil ziren, ezta atzerrian ere. 21 langile hil ziren Bizkaian, hemeretzi Nafarroan, hamabost Gipuzkoan eta zazpi Araban.

Itsasoan, aldiz, bi langile hil ziren: Ondarroako (Bizkaia) ontzi bateko arrantzale bat —Frantziako uretan izan zen istripua—, eta La Gaviota gas plataforman, Bizkaiko kostaldean, lanean ari zela eroritako behargina.

Azkenik, Joaquin Beltranen kasua dago. Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren hondamendian hil ziren bi langileetako bat. Istripua 2020ko otsailean izan zen, baina bilaketa lanek iazko maiatzera arte iraun zuten. Iaz eman zuten ofizialtzat Beltranen heriotza, baina duela bi urteko estatistikei gehitu behar zaie. Alberto Sololuze beste langilearen gorpua, berriz, 2020an aurkitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.