Iberdrolak Hego Euskal Herrian egin asmo dituen inbertsioei eutsiko die. Espainiako Gobernuak energiaren prezioaren igoerari aurre egiteko herenegun onarturiko lege dekretuak argindar konpainia baretu du, eta ez du neurri traumatikorik hartuko. Irailean mehatxu egin zuen energia berriztagarrien inguruko hainbat egitasmo atzeratuko zituela, eta urduritasuna zabaldu zuen haren hornitzaile diren euskal enpresa ugarien artean. Jaurlaritzak, berriz, begi onez ikusi du su-etena. «Inbertsiorik gabe ez dago deskarbonizazioari ekiterik», nabarmendu du Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak, eta «berme juridikoa» eskatu du baldintza horiek mantendu daitezen.
Iberdrola eta Espainiako Gobernuaren arteko iskanbilak harroturiko hautsa apurka pausatzen ari dela dirudi. Argindarraren garestitzeari aurre egiteko asmoz, konpainien irabazi marjinari eragingo zioten neurriak iragarri zituen Espainiak irailaren 14an. Iberdrolak, berriz, azpiegitura energetikoetan egin beharreko inbertsioak atzeratuko zituela esanez erantzun zion enbidoari. Enbidoa, baina, ez da hordagora igaro. Ignacio Sanchez Galan argindar konpainiako presidenteak horrela azaldu zuen atzo bere jarrera aldaketa: «Ez ditugu aldatu Espainian genituen inbertsio aurreikuspenak. Guk aukera onenak eskaintzen dituzten herrialdeetara jotzen dugu».
Galanek, halaber, lasaitasun mezua bidali zien hornitzaileei: «Ez dute eraginik sumatuko. Erosketa asko egitea aurreikusi dugu, eta ez dira bertan behera geldituko». Baina zer da aldatu dena Iberdrolak artaziak gorde ditzan? «Egonkortasuna», laburbildu zuen: «Egonkortasuna eta egoerak aurreikusi ahal izatea nahi genuen. Astearteko aldaketarekin egoera argiagoa da, eta, ondorioz, ez dugu planik aldatuko».
Baina zeri deritzo Galanek egonkortasuna? Bada Espainiako Gobernuaren herenegungo dekretuak aurrekoa leundu duela. Erabaki zuen irabazien inguruko mugak ez aplikatzea epe luzeko kontratu finkoetan. Ezta minorizazioa irailaren 16aren aurretik sinaturikoetan ere. «Gure energiagarbia epe luzeko kontratuen bidez saltzen dugu, eta haiei guztiei klausulak mantendu dizkiegu. 2.000 milioi euro aurreztu dituzte horri esker», zehaztu zuen.
Eusko Jaurlaritzak keinua txalotu zuen. Tapiak «segurtasun juridikoa» eskatu zuen enpresentzat, horrelako lan handiei ekiteko «ezinbestekoa» delako. Era berean, zehaztu zuen bere poza ez dela bakarrik euskal enpresek eskaerei eutsi ahal izango diotelako, baizik eta inbertsiorik gabe ez dagoelako trantsizio ekologikorik.
Mozkin txikiagoak
Iberdrolak, berriz, diru sarrerak handitu egin ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, batez ere AEBetako eta Brasilgo merkatuetan erdietsitako emaitza onei esker. Hala ere, iaz baino %10,2 gutxiago irabazi du: 2.408 milioi euro; besteak beste, ez duelako iaz adinako ezohiko sarrerarik izan, iazko zerga batzuk aurten ordaindu dituelako, eta Espainiako Gobernuaren iraileko dekretuak 114 milioi euro jan dizkielako kontuei.
Gobernuaren dekretuaren eragina, iaz Siemens Gamesaren %8a saltzean lortutako gainbalioak (485 milioi), eta Erresuma Batuan geroratuko zergak urte arteko alderaketatik kenduta, Iberdrolak 2.688 milioi euroko mozkin garbia erdietsi du urteko lehen bederatzi hilabetetan, eta iazko emaitza %5,2 handitu.
Iberdrolak adierazi du ez diela probetxurik atera energiaren prezio garestiei. Gasaren eraginez garestitutako pooleko argindarraren kostua, konpainiaren arabera, ez da iritsi kontratu finkoa duten beren bezeroetara, haietan argindarraren prezio finkoa dagoelako ezarrita.
Iberdrola pixka bat baretu da
Argindar konpainiak begi onez ikusi du Espainiako Gobernuaren azken energia dekretua, eta esan du inbertsioei eutsiko diela. Eusko Jaurlaritzak «segurtasun juridikoa» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu