Zenbakiak, ereduak eta jarrerak

Eusko Legebiltzarrak onespena eman die Jaurlaritzaren aurrekontuei. EAJk eta PSEk babestu dute; kontra egin du oposizioak

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ez zen sorpresarik espero, eta ez zen sorpresarik gertatu; Eusko Legebiltzarrak behin betiko onespena eman zion atzo Eusko Jaurlaritzak 2021erako prestatutako aurrekontu proiektuari. EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean dituzten 41 ordezkarien botoak nagusitu zitzaizkien oposizio guztiak batutako kontrako 34 botoei. Gobernuko bazkideek gehiengo absolutua izanik, aurrekontuaren zenbakiez bezainbeste, ereduez eta parekoaren jarrerez hitz egiteko tenorea izan zuten talde parlamentarioek.

Eztabaida horretan, agerian geratu da gobernuko alderdien eta oposiziokoen arteko arrakala. Itxaso Berrojalbiz EAJko legebiltzarkideak aurrekontuen diru sail ugari xehatu ditu, eta oposizioko taldeei egin die galdera: «Uste duzue ez direla ausartak? Ez al dira onak aurrekontu hauek? Ados egongo zarete arrazoizkoak direla krisi honi aurre egiteko». Gaineratu du EAJk ezezkoa eman diela zuzenketei, «baina argudioekin», eta azaldu aurrekontuak «prebisio batekin» egin direla: «Horrek ez du esan nahi moldatu ezin direnik. Baina EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk beren arrazoi nagusiari heltzen diote oraindik: «Gastu gehiago eta aberatsentzako zerga gehiago. Denok nahiko genuke baliabide gehiago, baina lehentasunak jarri behar dira».

EH Bildu, ordea, Jaurlaritzaren portaerarekin kexatu da. Josu Estarrona legebiltzarkideak nabarmendu du oposizioko talde guztiek denera 1.289 zuzenketa aurkeztu dituztela, EH Bildurenak «egingarriak» direla eta «planteamendu errealistak» aurkeztu dituztela, eta guztiei ezezkoa emateak «beste sintoma bat» adierazten duela: «Argi izan duzue hasieratik ez zenutela ahalegin handirik egingo gehiengo absolutua izanda». Gaineratu du «asteak pasatu ahala, ageriago» geratu dela Jaurlaritzak ez duela asmorik izan akordioetarako edota «oposizioari erabaki espazioetan leku txikiena» eskaintzeko: «Gaur, termino parlamentarioetan, gobernuak irabaziko du, baina jendeak galduko du: abenduan aurrekontu ez-nahikoak ziren, urtarrilean zaharkituak eta otsailean iraungiak».

«Koma bat aldatu gabe»

Sonia Perezek (PSE-EE), ordea, akordiorik ezaren ardura oposizioaren bizkar utzi du, baina aitortuta aurrekontuak «hobetu edo indartu» zitezkeela oposizioko alderdien proposamenak aintzat hartuta. Elkarrekin Podemos-IUri erantzun dio: «Eusko Jaurlaritzaren eskaintza eskuzabala eta bideragarria zen, errealista. Saiatu gara, uste dugulako egoerak eskatzen duela maila ematea». Edonola ere, argudiatu du aurrekontuek «bide orri argi bat» ezartzen dutela «autogobernuaren tresna guztiak erabiltzeko pandemiatik indartuta irteteko».

Elkarrekin Podemos-IU koalizioko bozeramaileek ere kritika politikoak eta ekonomikoak uztartu dituzte. Miren Gorrotxategik (Ahal Dugu) nabarmendu du aurrekontu proiektua legebiltzarrean «sartu zen bezala» aterako dela, oposizioaren proposamenak alboratuta: «Koma txiki bat aldatu gabe, ahaleginik egin gabe». Halaber, aurrekontuen jite ideologikoa arbuiatu du, iritzita politika publikoetarako helburuak «hondarrekoak» direla: «[Gobernuarentzat] garrantzitsuena defizit helburua da. Kontabilitate xedeak jartzen dituzue zibilizazio mailako erronkei erantzuteko». Formekin kexatu da Jon Hernandez (IU) ere: «Esaten da denok elkarrekin arraun egin behar dugula, baina honek, traineru bat baino gehiago, galera erromatar bat dirudi: batzuek arraun egiten dute, beste batzuek erritmoa ezartzen dute eta gutxi batzuek brisaz gozatzen dute».

Jaurlaritza osatzen duten alderdien jokabidearekin kritiko azaldu da Luis Gordillo PP+C's koalizioko legebiltzarkidea ere; gehiengo absolutua izanik, «harrokeriaz» jokatzea leporatu die, eta «proposamenak entzuteko garaia» zela: «Horrek ez du ezer ilegitimotik; gobernuak egin dezake, baina gero ez egotzi oposizioari aurrekontuei atxikimendurik ez ematearen ardura». Era berean, aurrekontuen onarpena «marmotaren egunarekin» alderatu zuen, Jaurlaritzak urtero «diru sail berdinak edo oso antzekoak» aurkezten dituelakoan: «Ez zaudete gobernatzera ohituak, administratzera baizik».

Saio 09:30ean hasi zen, baina horren aurretik mintzatu zen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, legebiltzarrera iristean. Nabarmendu zuen aurrekontuen onarpenak modua emango duela COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako jarduna indartzeko: «Espero dugu aurrekontuak onartzean are gehiago aktibatu ahal izatea Jaurlaritza gauzatzen ari den politikak». Azpiazuk uste du aurrekontuek «babes nahikoa baino gehiago» dutela eta oposizioarekin ados jartzeko saio antzuak «iragana» direla: «Saiatu gara, eta ez da posible izan; orain, beste gai batera. Ikusiko dugu datorren urtean aukerarik ba ote dagoen adostasun zabalagoak lortzeko edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.