Gutxiago eta nekatuak, baina determinatuak. 1.500 herritarrek manifestazioa egin zuten atzo Baionan, Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako erretreta sistemaren kontra. Lan Burtsatik abiatu, eta Kontseilu Nagusiaren aitzinean bukatu zuten martxa, «erretreta gurea da; lortzeko borrokatu ginen, eta atxikitzeko borrokatuko gara» oihuen artean. Eguerdian, grebalariekiko elkartasun bazkaria antolatu zuten, eta, arratsaldean, eskualdeko tren bat blokeatu zuten ordu eta erdiz. Aldarrikapen berarekin segitzen dute 40 eguneko mugimenduaren ondotik: erreforma bertan behera uztea.
Dagoeneko hilabete eta erdi egin dute greban sektore batzuetan, eta nabari da nekea. «Guretzat, gero eta zailagoa izanen da horrela irautea; ekonomikoki konplikatua bilakatzen ari da anitzentzat», azaldu du Peio Dufau trenbideetako CGTko kideak. «Gogoetan ari gara, nola egin ahal bezainbat iraun eta diru gutxiago galtzeko». Haren hitzetan, enpresa anitzetan mugimendu azkarrak ikusten dira: Frantziako zortzi petrolio findegiak greban dira, eta blokeatuak dituzte; petrolio biltegi bat baino gehiago ere blokeatuak dira. Iraungo balute, erregai eskasia sor liteke epe labur edo ertainean. Frantzia iparraldeko portuetako langileak ere ekonomia anitz kaltetzen ari direla baieztatu du Dufauk. «Hedabideetan ez da hainbeste aipatzen; domaia da. Garrantzitsua da langileek ikustea zer ondorio dituen grebak: orain arte bezala ekonomia blokeatzen badugu, irabazten ahal dugu. Hori goraipatu behar dugu; langileek sinetsi behar dute irabazten ahal dugula».
Trenbideetako langileen %94k greban segitzea bozkatu zuten atzo goizean, Baionan eginiko biltzarrean. Greban segitu ala ez bozkatzen dute egunero, eta, atzo, hiru aukera zituzten: greba iraunkorrean segitzea, intersindikalaren agendari jarraitzea edo greba uztea. Lehen bi aukerak gailendu ziren, greba iraunkorraren aldeko diferentzia txiki batekin. Izan ere, abenduaren 5ean mugimendua abiatu zenetik modu iraunkorrean greba egin duen sektore bakarrenetakoa da trenbideetako langileena, eta nekea sumatzen zaio bati baino gehiagori. Mugimendua gogortzeko ardura bere gain hartu badute ere, hasieratik erran dute bakarrik ez zutela lortuko, baina orain arte ez dute kausitu mobilizazioa gainerako sektoreetara zabaltzea.
«Nekatuak eta kezkatuak» ikusten ditu grebalariak Geronimo Prieto LABeko arduradunak. «Zoritxarrez, ez dugu beste sektoreetatik erreleborik ikusten. Horrek kezka sortzen du greba egiteko modu honetan». Ezinbestekoa iruditzen zaio greba sektore berrietara zabaltzea, eta estrategiaz gogoetatzea nahi du. Ez du uste CFDTren mugimenduek greba ahulduko dutenik, baina berak dio bai Frantziako Gobernuak eta bai sindikatu erreformistak grebarekiko atxikimendua apaltzeko erabiliko dutela. Horregatik, sindikalistak uste du garai «kritikoa» dela; aste hau erabakigarria izanen da, haren arabera.
Haurtzaindegietakoak
Haurtzaindegietako langileek eta gurasoek protesta egin zuten atzo, Haurrik ez zaindegian lelopean, eta pentsioen erreformaren kontra antolatua zen manifestaziora batu ziren Baionan. «Haurtzaindegientzat lege berri bat prestatzen ari da Frantziako Gobernua; guretzat, arrunt lotua da gaurko mobilizazioarekin», azaldu zuen Marie Dol Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak. «Haurtzaindegietan haur gehiago hartzea nahi dute, heldu eta profesional gutxiagorekin. Haurrentzat metro koadro gutxiago ezarri nahi dituzte, gainera. Ez gara ados. Pertsonal diplomadun gehiago nahi dugu, denbora gehi- ago geure lana aztertzeko; lana hobeki egiteko baliabideak».
Nekea, grebalarien kontra
1.500 herritar elkartu dira Baionan pentsioen erreformaren kontra sindikatuek antolatutako protestan. Langile batzuek kasik hilabete eta erdi daramate greban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu