Azpiazuk galga jarri die susperraldiaren olatuan zergak jaitsi nahi dituztenei

«Presio fiskala murrizteko edozein deik politika ekonomiko txarra adieraziko luke», sailburuaren ustez. Aurten, %2tik gorako hazkundea espero du, eta %0,2ko superabita

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Polizia gogorraren rola hartu du Pedro Azpiazuk. Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ur hotz txorrotada bota zien, atzo, hazkunde ekonomikoaren goraldiak berotuta, zergak jaisteko asmotan direnei. «Presio fiskala murrizteko edozein dei ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena litzateke», ohartarazi zuen sailburuak, 2019rako ere %2tik gora hazkunde ekonomiko «azpimarragarria» eta %0,2 inguruko superabita iragarri zuen prentsaurrekoan. Datu makroekonomiko onak aurkeztu arren, beraz, burua hotz eta oinak lurrean edukitzeko eskatu dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunei.

Kontrapuntua, azken asteetan polizia adeitsuaren rola jokatuduten gobernukide eta alderdikideen ondoan. Iñigo Urkullu lehendakariak ekainean esan zuen atea zabalik dagoela 2017an EAJk, PSEk eta PPk adostutako erreforma fiskala berrikusteko eta PFEZ errenta zerga jaisteko, PPk eskatu bezala. Jeltzaleek eta sozialistek PPkoen babesa behar dute 2020rako aurrekontuak onartzeko, eta PPren eskaria errenta zergaren maila guztiak jaistea da, diru sarrerarik txikienei, baina baita diru sarrerarik handienei ere.

2017ko erreforma fiskalean sozietate zerga %28tik %24ra jaitsi zuten, eta adostu zuten 2020an legealdia amaitu baino lehen errenta zerga berrikustea. Uda eta gero dira berrikustekoak, eta errenta zerga jaitsierak balio dezake PP gerturatzeko 2020rako Jaurlaritzaren aurrekontuetara.

Murrizketak konpontzeko

Urkulluk ekainean agertutako ildo berean, joan den astean Gipuzkoako Foru Ogasuneko diputatuak ere esan zuen aztergai dutela errenta zerga apaltzeko aukera, baina zuhurtzia eskatu zuen, eta bi aldagai aipatu zituen baldintza gisa: kontu publikoen jasangarritasuna eta egoera ekonomikoa.

Zenbakiei erreparatuz gero, bi aldagaiak bide onean daudela ondoriozta daiteke: hiru foru ogasunek inoizko diru gehien bildu zuten 2018an (14.981,5 milioi euro), eta EAEko BPG barne produktu gordinak seigarren hazkunde urtea kateatuko du aurten, %2tik gorako erritmoari eutsiz. Azpiazuk «bertutezko eredutzat» jo du EAEko hazkunde ekonomikoa. Baina, hala ere, nabarmendu du ez dela momentua testuinguru makroekonomiko hori baliatuz zergak jaisten hasteko.

«Kontuan izan behar da oraindik asko dagoela egiteko krisiaren doikuntzaren ondorioak berreskuratzeko, bereziki aurten aurrerapauso esanguratsuak eman baditugu ere», esplikatu du sailburuak. Aitortu du murrizketa, neurri handi batean, langile publikoen eta inbertsioen bizkar egin zela.

Hala eta guztiz ere, atzera begira ez bizitzeko eskatu du: «Argi geratu behar da, krisiaren ondorioz galdu ziren eta zorrak ordeztu zituen diru sarrerak itzuliko ez diren bezala, ezinezkoa dela egin ez ziren gastu haiek berreskuratzea». Are gehiago, «posible denari» bakarrik erreparatzeko eskatu du: «Ezin dugu denborarik galdu itzuli ezin den iraganari begira; orainaldiari begiratu behar diogu, eta etorkizuna proiektatu behar dugu. Posible denari begiratu behar diogu, hau da, ekonomiaren susperraldiaz baliatu behar dugu, funtsezko zerbitzuak eta pertsonak helburu nagusiak direla ahaztu barik, ordainketa mailetan hobekuntzak egiteko eta inbertsio mailak berreskuratzeko».

Hiru urte lehenago

2018ko txosten ekonomikoaren arabera, EAEko ekonomiak konbergentzia lortu du Europako Batasuneko hamabost herrialde nagusien batezbestekoarekin: biztanle bakoitzeko 35.130 euro korronteko BPGa lortu zuen iaz, EB-15aren 35.375 eurotik gertu. «Europaren bihotzean ikusten den mailara itzuli gara, krisialdia gogorrago jasan eta gero», goraipatu du Azpiazuk.

Hazkunde ekonomikoak lan merkatuan ere izan du isla, txostenak nabarmendu duenez, eta iaz biztanleria aktiboa %0,7 hazi zen, hiru urteko erregistro negatiboak amaituta. Hala ere, biztanleria aktiboa gero eta zaharragoa da, eta enplegu beharrizana handituko egingo da laster: «Erretiroaren ondoriozko ordezkatze beharrak 19.000 lanpostutakoak izan ziren 2018an, eta 25.000ra igoko dira 2030erako».

Hazkunde ekonomikoaren bilakaera sendoa da sailburuarentzat, benetako hazkundea bere potentzialera hurbiltzen ari delako. Hori aprobetxatuz, Jaurlaritzak 2017an laga zuen atzean defizitaren bidea, BPGaren %0,3ko superabitarekin itxita urtea; iaz, superabit handiagoa lortu zuen, %0,5; eta, aurten, %0,2 espero du. «Beraz, 2020ko ekitaldia zero defizitarekin ixtea aurreikusten zuen kontsolidazio fiskala hiru urte lehenago lortu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.