Uztail-abuztuetan galdutako 17.000 enpleguen erdiak berreskuratu dira

Irakaskuntzako opor osteko kontratazioekin, 9.000 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak. Langabeen kopurua jaitsi egin da: 1.800 azken hilean eta 6.800 azken urtean

inaut matauko rada
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Uda beteko bi hilabeteetan galdutako enplegua errekuperatzen ari da lan merkatua Hego Euskal Herrian. Estatistikoki, uztaila eta abuztua hilabete kaskarrak izan ohi dira, eta aurtengoa ez da salbuespena izan: bi hilabeteak igarota, 3.600 langabe gehiago zeuden SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoko zerrendetan, eta 17.000 afiliatu gutxiago Gizarte Segurantzan. Irailean, ohikoa denez, egoera onbideratzen hasi da: hilabetearen amaieran, abuztuan baino ia 1.800 langabe gutxiago zeuden, eta batez beste 9.000 afiliatu gehiago izan ditu Gizarte Segurantzak.

Irakaskuntzarekin lotuta dagoudako enplegu galera eta iraileko sorrera. Ikasturte osoko ordezkapenak egiten ibili diren irakasle batzuei kontratua amaitu egiten zaie uztailean eta abuztuan, baina irailean berriro kontratatzen dituzte, gaixo dauden irakasleak eta eszedentziak hartu dituztenak ordezkatzeko. Hezkuntzako beste sektore batzuetan ere gertatzen da fenomeno hori; jangeletan eta akademietan, esaterako.

Hala, zerbitzuen sektorea izan da langabezia gehien jaitsi den sektorea, abuztuan baino 1.430 langabe gutxiago baitaude. Beste guztietan ere behera egin du langabeziak: nekazaritzan (-96), industrian (-344) eta eraikuntzan(-86).

Langabezia tasa, behera

Abuztuan %10etik gora zegoen langabezia tasa, baina %9,88ra egin du behera. Lurraldeei erreparatuz gero, Bizkaian gutxitu da gehien langabeen kopurua(-1.009). Gipuzkoa gertu izan du (-816), eta Araban 108 langabe gutxiago daude irailean. Langabeziak gora bakarrik Nafarroan egin du: 142. Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enplegu kontseilariak garrantzia kendu dio iraileko igoera horri, Nafarroako enplegu datuak inoizko onenak direla gehituz.

Iazko irailarekin alderatuta, baina, lurralde guztietan egin du behera langabeen kopuruak. Hala, Hegoaldean 2022ko irailean baino 6.837 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2023ko hil berean.

Langabeziaren genero arrakala da oraindik ere lan merkatuaren arazo nagusietako bat. Izan ere, irailean Lanbiden eta Nafar Lan Saren erregistratuta zeuden langabeen %58,9 emakumeak ziren.

Urte hasieratik, gutxinaka txikituz joan da kontratu mugagabeen ehunekoa, baina uztailetik suspertzen ari da. Urtarrilean %26 baino gehiago ziren, baina uztailean %21,5eraino jaitsi zen kopurua. Gora egiten hasi da ordutik, eta irailean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %27,4 mugagabeak izan dira.

2021. urtearen amaieran onartu zuten Espainiako Gorteek lan erreforma berria, eta behin-behineko lan kontratuak egitea debekatu zuten, ordezkapenen kasuak salbuetsita. Hala, ordutik gora egin du mugagabeen portzentajeak.

Kontratazio datu horiek goratu ditu Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak, eta adierazi du enpresek kontratatzeko gogoa dutela oraindik ere. Uste du lan merkatuko eskaria eta eskaintza «konektatzen» ari direla. Confebaskek ere begi onez ikusi du langabezia apaldu izana, baina suspertze erritmo motelagoa espero du urte amaierara arte.

1,3 milioi afiliatu

Behera egin du inolako langabezia saririk jasotzen ez dutenen ehunekoak. Ia %49 ziren uztailean, eta abuztuan %46,9 izan ziren. Beherakada hori langabezia sari arrunta jasotzen dutenen igoeragatik gertatu da batik bat, abuztutik irailera %31,4tik %33,4ra egin baitu gora.

Gizarte Segurantzari dagokionez, uztaileko eta abuztuko erorikoen ondoren, 1,3 milioi afiliatuen langa berriro gainditu du irailak. Edonola ere, beste 8.000 falta zaizkio inoizko kopururik handienera iristeko —maiatzean,1.309.116 izan ziren—. Nekazaritzan egon da igoera handia, mahats bilketa egiteko 1.600 kotizatzaile gehiago batu direlako sistemara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.