BEZa murrizteak euro batetik gora merkatu du oinarrizko erosketa

Hego Euskal Herrian BEZa kendu diete oinarrizko produktuei datozen sei hilabeteetarako. Pastaren eta olioen BEZa %10etik %5era jaitsi du Espainiako Gobernuak

BEZa murrizteak euro batetik gora merkatu du oinarrizko erosketa.
Iñaut Matauko Rada - Jokin Sagarzazu
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko supermerkatuek oinarrizko produktuen prezioak aldatu dituzte, iragan astean Espainiako Gobernuak jaki batzuen BEZ balio erantsiaren gaineko zerga jaistea onartu ostean. Oinarri-oinarrizko produktuei BEZa kendu diete —%4 zen lehen—, eta pastari eta olioei %10etik %5era jaitsi diete, besteak beste. Sei hilabete iraungo du neurri horrek, eta 2022ko inflazio handiari aurre egitea du helburu; izan ere, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2021eko abendutik 2022ko abendura %5,8 igo zen KPI kontsumo prezioen indizea.

Supermerkatu eta dendetako langileek goiz luzea izan zuten atzo, produktu batzuen prezioak aldatzeko. Espainiako Ogasunaren zerga taulen arabera, elikagai hauei kenduko zaie %4ko BEZa datozen sei hilabeteetan: eguneroko ogia; irinak; esne naturala, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT esnea, lurrundua eta esne hautsa; eta Elikagaien Kodearen arabera naturalak diren gaztak, arrautzak, frutak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak. Bestalde, %10eko BEZa duten jaki batzuei, pastari eta olioei, %5era apaldu diete zerga hori. Haragiari, arrainari eta antzeko jakiei, aldiz, ez: %10eko BEZa izango dute aurrerantzean ere.

BERRIAk bi oinarrizko erosketa simulatu ditu, 2022ko abenduaren 28an bat, eta 2023ko urtarrilaren 2an bestea, Eroski supermerkatu katearen webgunean. Produktu berak erosita, 1,09 euro merkeagoa da oinarrizko erosketa kate horretan.

Arroza, dilistak, babarrunak, ogia, gari irina, esne osoa, arrautza dozena bat, patatak, piper berdea, tipula zuria, platanoak, sagarrak, laranjak, pasta, oliba olioa eta ekilore olioa dira erositako produktuak; marka zurikoak erosita, abenduaren 28an 33,82 euro balio zuen erosketak, eta, atzo, berriz, 32,73 euro: 1,09 euro gutxiago. Kalkuluen arabera, abenduaren 28ko 33,82 euroko erosketak 1,44 euro merkeagoak behar luke, baina 1,09€ merkatu da bakarrik. Izan ere, ekilore olioaren prezioa ez dute aldatu, eta laranjen prezioak gora egin du.

Markako produktuak

Supermerkatu kateetako marka zuriak baino garestiagoak izan ohi dira marka ezagunak, salbuespenak salbuespen. Produktu berez osatutako erosketaren prezioa asko aldatu daiteke marka txuriak edo marka ezagunetako produktuak hartuta. Abenduaren 28an, 47,69 euro balio zuen Eroskin oinarrizko erosketak, eta urte hasieran, berriz, 45,59 euro (-2,10 euro). 2022. urtearen amaieran, marka zuriko produktuz osatutako erosketa marka ezagunetakoa baino 13,87 euro merkeagoa zen, eta atzo, 12,86 eurorena zen alde hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.