Hauts ganduak hartuta ia dena

Depresio batek Saharan harroturiko hautsak sortutako gandua asko hedatu da. Adituen arabera, gaur aldatuko da egoera, arratsetik

Auto baten leiho ertzean hauts ganduak utzitako partikulak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hauts partikulaz betetzen da zenbaitetan atmosfera, gainazalak kolore horizta batez estaltzen ditu, eta geruza trinko baten atzean agertzen da eguzkia. Hauts gandua da. Saharako basamortuan harrotutako hondarrak sortutako lainoa izaten da askotan, eta, Iberiar penintsula guztian gora eginda, Euskal Herrian ere agerikoa izan zen atzo, hego haize epelak ekarrita. Euskalmeteko meteorologo Onintze Salazarrek adierazi du ez dela batere fenomeno ezohikoa, baina oraingoan izan duen «hedadurak» egin duela zinetan berezia. «Penintsula osoan hedatu da, eta hasi da zabaltzen Europan barrena ere».

Irismen handiak ez ezik beste ezaugarri batek ere egin du berezia egunotako egoera. «Kontzentrazioak normalean ez dira hain handiak izaten», nabarmendu du Salazarrek. «Oraingoanpartikula askorekin etorri da». Oraingoan fenomenoak izan duen indarraren motiboa horra, adituaren hitzetan: «Kasu honetan, depresio oso indartsu bat daukagu Cadizko Golkoan, biraka. Gora eraman du hondarra, altxatu egin du, eta, oso haize bortitzak sortzen dituenez, hauts partikula horiek hego haizeak gurera ekarri ditu gero». Ñabardura egin du, hala ere. «Izatez, iristen dena ez da harea. Kolorea-eta oso antzekoak ditu, baina ez da harea. Hondar partikulak handiagoak dira, eta bidean erortzen dira. Guregana partikula txikiagoak iristen dira». Baina aski agerikoak izan ziren atzo txoko askotan.

Argi izpiei ere traba

Zerua «lausotuta»ere ikusten da halakoetan, partikula horien ondorioz eguzkiaren argi izpiak «gehiago barreiatzen» baitira.Fenomenoa denboran luzatzen bada, arriskuak ditu, «airearen kalitateak» nabarmen egiten baitu okerrera. «Izan ere, iristen zaizkigun partikulak oso txikiak dira, eta horiek arnastu egin ditzakegu», ohartarazi du Salazarrek. Horiek horrela, «arnasteko arazoak» dituzten pertsonek arazoak izan ditzakete luzera.

Adituen iragarpenen arabera, hautsak gandututa esnatuko da gaur ere eguna. «Eta litekeena da, gainera, kontzentrazioa handitzea», onartu du Salazarrek. Gaur egoera aldatzen hasiko dela iragarri du, ordea. «Iluntzetik aurrera izango da», zehaztu du: «Batetik, Cadizko Golkoan dagoen depresio hori desegin eta aldendu egingo da; bestetik, orain Azoreetan dagoen antizikloiak Frantzia aldera egingo du; ipar haizea ekarriko digu». Aldaketa, hain zuzen ere, «ipar haizeak hego haizeari lekua kentzen dioenean» helduko dela esplikatu du. Aldaketa horiek euria ere ekarriko dute datozen orduetan.

Osasunaz

Hainbat adituk ohartarazi dute arriskutsua izan daitekeela hauts gandua hain hedatuta dagoenean aire zabalean denbora asko egitea, eta komenigarria dela maskara eramatea beti. Begietan azkura eragin dezake, eta arnas aparatuko goiko aldean ere arazoak eragin ditzake.

Ur asko edatea komeni dela nabarmendu dute, eta etxeko leihoak ahal dela itxita edukitzea ere mesedegarria izaten dela. Fenomenoa denboran asko luzatzen ez bada, hala ere, ez da bereziki arriskutsua izaten jende gehienarentzat, eta ez du aparteko osasun arazorik eragiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.