«Askatasun ametsaren» pertinentzia

Martxoaren 3an hildako langileen borroka goratu eta egungoekin lotu dute Gasteizen. Biktimek Artolazabali egotzi diote adostu zutena urratu izana oroimenezkoaren aferan

Ehunka lagun Gasteizko Foru plazan, atzo, manifestazioaren amaieran. RAUL BOGAJO / FOKU.
Unai Etxenausia - Julen Aperribai
Gasteiz
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Justizia eta aitortza eskea gailendu ziren atzo Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurreneko ekitaldietan, Gasteizen, baina duela 46 urte hildako bost langileen borrokak ere ozen egin zuen oihartzun; batez ere, iluntzeko mobilizazioetan. «Memoriak» bai, baina «eraildako senide eta kideen askatasun ametsak» ere «bizirik» dirauela: horixe aldarrikatu zuen Martxoak 3 elkarteak.

46 urte ziren atzo Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Casti-llo, Romualdo Barroso eta Bien-venido Perea langileak hil eta beste hainbat zauritu zituela Gasteizko San Frantzisko elizan, eta goizeko nahiz iluntzeko ekitaldiek berriz ere agerian utzi zuten zenbateraino dagoen iltzatuta egun hori hiriaren oroimenean.

Arratsaldeko mobilizazioa izan zen, batez ere, horren erakusle. ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deitutako manifestazioari milaka lagunek jarraitu zioten. Bost langileen irudiek eta «justizia» leloak gidatu zuten manifestazioa, Foruen plazaraino. «Martin Villa, hiltzailea» oihu artean amaitu zen mobilizazioa.

Aurrez, baina, Martxoak 3 elkarteak ekitaldia egin zuen. Gasteiztarrei eskerrak eman zizkien elkarteak, hildako langileen memoria urterik urte eta eguneroko borroketan «bizirik» mantendu izanagatik. «Justizia sozialaren aldeko borroka guztietan Martxoaren 3a islatzen delako. Martxoaren 3ak bizirik dirau, egunero», adierazi zuen Nerea Martinez bozeramaileak.

Eskubideak jokoan

Hildako langileen borroka egungoarekin lotu zuten sindikatuek manifestazioaren amaieran. «1976an kaleak hartu zituzten pertsonak antikapitalistak ziren, eta osasun sistema unibertsal baten, kalitatezko hezkuntza publiko eta doako baten eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko zuen sistema baten alde egin zuten», adierazi zuten, eta ohartarazi gain behera doazela orduko borroken ondorio diren eskubideak eta ongizate estatua bera. Horregatik, «gizarte aldaketa» bat eskatuzuten, «lan eskubideak, kalitatezko osasuna, hezkuntza publikoa eta pentsio duinak lortzeko».

Iragana geroan gordetzearen beharraz ere aritu ziren sindikatuak eta biktimen senideak, hala ere. Puntu horretan, Martxoak 3 elkartea kritiko agertu zen Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Biktimen Oroimenezko Zentro bilakatzeko prozesuarekin, eta, zehazki, gai horretan instituzioek egindakoarekin. «Dei egiten diegu prozesua ez dezaten zikindu filtrazio faltsuekin».

Izan ere, ordu gutxi lehenago Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak zentro horri buruz esandakoak bizi-bizi zeuden artean. Sailburuak esan zuen datozen hilabeteetan onartuko dituztela oroimenezkoaren fundazioaren estatutuak, eta patronatu batek kudeatuko duela. Patronatu horretan, ordea, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek ahotsa bai baina erabakitzeko gaitasunik ez dutela izango aurreratu zuen. Martxoak 3 elkarteak salatu egin zituen adierazpenok Twitterren. «Artolazabal kontseilariak esandakoa ez dator bat orain arteko bilkuretan adostutakoarekin. Penagarria iruditzen zaigu data hau adierazpen horiekin zikintzea. Denon artean eraikiko dugu, edo ez da izango». Mezu hori bera zeraman pankartarekin egin zuten manifestazioaren ibilbidea Memoria Gara elkarteko kideek.

«Autokritika zintzoa»

Mobilizazio nagusiaren aurretik ere izan zen oroitza ekitaldirik. Eguerdian, alderdi politikoek, nork bere aldetik, loreak ezarri zituzten hildako langileen oroigarrian. Artolazabal bera ere izan zen bertan, eta adierazi zuen atzoko egunak «estatuak» egindako «bidegabekeria aitortzeko» balio behar duela, zeina beharrezkoa baita gertatutakoa «argitzeko».

Espainiako Estatuari ere mintzatu zitzaion. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoari buruz «autokritika zintzoa» egiteko eskatu zion, eta, horrez gain, beharrezkotzat jo zuen egun horretan Poliziak egindako oldarraldiaren agiriak sekretupetik ateratzea. «Hori gakoa da memoriaz, egiaz eta justiziaz hitz egin ahal izateko», adierazi zuen.

EH Bilduk ere egin zuen lore eskaintza eta ondoko ekitaldia, eta han izan dira Martxoaren 3ko biktimen senitartekoak. «Ezker independentistaren ikuspuntutik joandakoak ez dira soilik oroitzapenean bizi. Haien proiektuak, haien bizitzak eta haien ideiak gugan bizi dira», esan zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Aurrera begirako mezua zabaldu du Otegik, eta ezinbestekotzat jo zuen etorkizuna «Martxoaren 3an defendatutako balioetan oinarrituta» eraikitzea: berdintasuna, antifaxismoa, askatasuna, bizitza, elkartasuna...

Egungo gatazkez ere aritu zen Otegi, eta, bereziki, Ukrainako gerraz. Gogoratu zuen Euskal Herriak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen kontra bozkatu zuela. «Herrien autodeterminazioaren eta bakearen alde, gerrari ez», aldarrikatu zuen, ozen. «Bi aukera baino ez daude mundu honetan», amaitu zuen Otegik: «Sozialismoa ala basakeria». EH Bilduk sozialismoaren alde lanean jarraituko duela gaineratu zuen, ondorengo belaunaldiak «bakean eta eskubideak bermatuta bizi daitezen».

Ekitaldi horretara batu zen LAB sindikatua ere, berea amaituta.Gotzon Kortazar sindikatuko Gasteizko ordezkari nagusiak azaldu zuenez, langileen borroka «sufrimenduz eta ahaleginez» josita dago: «Gaur ditugun lorpen guztiak kapitalari aurre eginez lortu dira; inork ez digu ezer oparitu, eta inori ez diogu ezer zor». Hala, azken hilabeteotan borrokan diren sektoreak izan zituen gogoan; helduen egoitzak, garbitzaileak, kolektibitateak, etxez etxeko laguntza, hezkuntza, pentsiodunak...

Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea ere izan da oroigarrian, Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusiarekin batera. Mendiak esan du Martxoaren 3ko biktimak oroitzea «ohorea» dela, eta azpimarratu egin ditu Jaurlaritzak biktima guztien «aitortzaren, konpainiaren eta memoriaren alde egindako urratsak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.