Bruselak murrizketa handiak ezar ditzake euskal arrantzaleentzat

Berdelaren eta legatzaren kuotak txikitu ditu EBk. Antxoarenean ere jaitsiera handia iragarri du Madrilek, baina Jaurlaritzak eta kofradiek ez dute halakorik espero

jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal arrantzaleentzat berri txarrekin amaitu daitezke 2022ko arrantza kuoten urteroko negoziazioak Bruselan. Murrizketak izan ditzakete arrantzatzen dituzten hiru espezie nagusietatik bitan. Berdelean segurua da hala izango dela, iaz baino %6,7 gutxiago harrapatu ahal izango dute hurrengo urtean, hego stockean dabiltzan barkuek. Antxoaren kasuan, aurreratutako datuak berretsiko balira, oso gogorra izango litzateke kolpea: %27,3ko murrizketa jasotzen du behin-behineko akordioak, Espainiako Gobernuaren Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak atzo zabaldu zuen informazioaren arabera, behintzat.

Azken berrespenaren faltan, Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiek ez dute baloraziorik egin nahi izan antxoaren balizko murrizketari buruz. Are gehiago, Gipuzkoako kofradiako arduradunek diote haiek duten informazioaren arabera ez dutela halakorik aurreikusten. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak egunkari honi eginiko adierazpenetan ere esan du ez duela murrizketarik espero, eta «harrituta» azaldu da Madrilek zabaldutako datuekin.

Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren arabera, behin-behinekoak dira antxoari buruzko kopuruak; argitu du ICIES Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren txosten zientifikoaren zain daudela, eta hori ostiralean jakinaraziko dela. Azkuek ez du ulertzen hori horrela izanik zergatik aurreratu dituen kopuru batzuk Espainiako Gobernuak. Haren ustez, gainera, logikoena litzateke ICIEsek berrestea aurretik Bioman eta Juvenal kanpainetako txostenetan agertutakoa: antxoaren biomasa handitu egin dela. Hori dela eta, esan du antxoaren kuota iazkoaren antzera mantentzea espero duela.

Hegaluzearen ondoren, antxoa da euskal arrantzaleek harrapatutako espezie nagusia. Azken urteetan, halere, antxoarekiko interesak behera egin du. Biomasan izandako arazoek asko baldintzatu dute haren harrapaketa. Hainbat urtetan Bruselak berdin mantendu du kuota, eta 2019tik 2020ra behera egin zuen (-%3,4). 2020ko kanpaina eskasa izan zen, koronabirusari aurre egiteko administrazioek ezarritako murrizketen eraginez hein handi batean. Iaz, ez zen aldaketarik egon kuotan, eta hobeto aritu ziren arrantzaleak; kanpaina amaitu aurretik agortu zuten kuota.

Berdelaren kuota murriztu izana ere nabarituko dute euskal arrantzaleek. Azken urteetan pisu handia hartzen ari den espeziea da. Aurten hegoaldean merkaturatutakoaren %32 berdela izan da (8.100 tona); hegaluzearen ondoren, gehien saldutako bigarren arraina. %6,7ko murrizketa, halere, ez da ezustekoa izan, azken urteetan %20 eta halakoak ezarri dizkielako Bruselak, 2013an Espainiari jarritako zigorra dela eta; zigor horrek 2023ra arte iraungo du.

Hegaluzearen zain

Berdelaren eta etor litekeen antxoaren murrizketarekin batera, Bruselak legatzaren harrapaketan ere ezarri du jaitsiera (%8,2koa), hego stockeko uretan, Kantauri itsasotik Cadizko golkoraino. Trukean, txitxarroaren kuota handituko du (%11,6), baita itsas zapoarena (%5,3) eta oilarrarena ere (%13,3). Espezie horiek, dena den, ez daude euskal arrantzale nagusien artean.

Legatzaren kuota hirugarren urtez jarraian murriztuko da hego stockeko uretan, baina aurreikusi baino gutxiago izango da —%18koa zen hasieran—. Jaitsiera horrekeragin erlatiboa du Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan. Aurten, Hegoaldeko lonjetan saldutako arrain guztiaren %1,4 izan da legatza (384 tona), nahiz eta euskal herritarren artean gehien kontsumitzen den arraina izan. Hegoaldeko arrantzaleek harrapatzen duten espezien artean, bosgarrena edo seigarrena izan ohi da —hegaluzea, berdela eta antxoa dira nagusiak, alde handiz—. Alturako lau barku baino ez dabiltza legatzetan, eta baxurako oso gutxi.

Ipar Euskal Herriko lonjetan, berriz, gehien deskargatutako bigarren espeziea da, baina hango ontziak bereziki ipar stockeko uretan aritzen dira, eta hango kuotak mantendu dituzte. Erresuma Batuko ontziekin konpartitutako uretako kuoten negoziazioen mende daude ur horietan aritzen direnek, eta kuota horiek negoziatzeke dituzte Bruselak eta Londresek. Hori egin bitartean aurreko urtekoak mantendu dituzte.

Hegaluzea da, alde handiz, euskal arrantzaleen espezie nagusia: Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan deskargatutakoaren %33 (8.142 tona). Baina hegaluzearen kasuan, kuotak aurrerago ezartzen ditu Europako Batzordeak, otsailean edo martxoan. Iaz, %12,5 gehitu zuen. Euskal arrantzaleek denbora daramate kuotak handitzeko eskatzen, baina datorren urtera begira berdin mantentzea aurreikusten da, Europako batzorde zientifikoak aurreratutako datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.