Nafarroako haur guztiei euskara ikasgaia ematea proposatu du Euskarabideak

Euskararen II. Planaren zirriborroa aurkeztu dute. Agirian jasotako helburuen artean daude euskarazko lanpostuen kopurua handitzea eta ETB3 Nafarroa osoan hartzea

Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, eta Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendaria. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Euskarabideak prest du bide orria. Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren helburuak, lan ildoak eta estrategiak aletu dituzte Euskararen II. Plan Estrategikoan. Atzo aurkeztu zuten planaren zirriborroa Euskararen Nafarroako Kontseiluaren aurrean, eta urtea amaitu baino lehen onartu nahi dute, 2022rako indarrean izan dadin. Sei urteko iraupena izanen du, 2027ra arte.

Euskararen inguruan «kontsentsu sozial eta politiko zabala» lortu nahi dutela nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok atzoko aurkezpenean, eta gaineratu zuen dokumentuaren ildo estrategikoek «jarraipena» ematen diotela aurreko legealdiko planari. Hala ere, bide orri berriak baditu zenbait berritasun hezkuntzaren, ekonomiaren eta zerbitzu publikoen esparruetan. Agirian jasotako neurri aipagarrienen artean daude Nafarroako haur guztiei euskara ikasgaia emateko aukera aztertzea, administrazioko lanpostu elebidunen kopurua handitzea, euskarazko hedabideak sustatzea eta euskarari buruzko legedia «garatzea eta moldatzea».

GIZARTE ERABILERA
Euskarazko hedabideak eta bestelako baliabideak


Haur eta helduen artean euskararen erabilera sustatzeko neurriak jaso ditu Euskarabideak atal honetan. Besteak beste, Nafarroako Gobernuak antolatzen edo diruz laguntzen dituen jardueretan—kirolaren, kulturaren, aisialdiaren edo hezkuntzaren esparruetan, adibidez—, euskarazko eskaintza handitzeko asmoa agertu dute. Euskarazko baliabide eta eduki digitalak sustatzea eta horiek ezagutzera ematea, adibidez, lehentasunetako bat izanen da plan estrategiko berrian. Hedabideen atalean, propio aipatzen da sektorearen eta Euskarabidearen arteko foro iraunkor bat sortzea, euskarazko hedabideen egonkortasuna bermatzeko, kalitatea sustatzeko finantzaketa formulak adostea eta ETB3 telebista katea «Nafarroa osoan har dadin bermatzea». Azkenik, euskararen arnasgune diren udalerrietan euskararen erabilera sendotzeko protokoloak sustatu nahi ditu Euskarabideak, Uemarekin elkarlanean.

HIZTUN BERRIAK
Euskara hezkuntza eredu guztietara hedatzeko galdea


Euskarak hiztunak irabazteko xedez, haur eta helduen euskalduntzea indartzeko hainbat neurri planteatu ditu Nafarroako Euskararen Institutuak.Hala, euskarazko eskolatzea sustatzeaz gain, planaren 2.3.2. puntuan jasota dago Nafarroako haur guztiei euskara ikasgai gisa ematea: «Eskolatzearen bidez euskararen gutxieneko ezagutza (A ereduak eskaintzen duena) unibertsalizatzeko aukera aztertu, Nafarroako haur guztiek eskolatze prozesuan euskararekiko harremana izan dezaten». Puntu hori gauzatuko balitz, gaztelania hutsezko G eredua desagertzea ekarriko luke de facto —gaur egun, 67.468 ikasle ditu erdarazko ereduak Nafarroan; matrikula guztien %62—.

Lanbide Heziketan eta Nafarroako unibertsitateetan euskarazko eskaintza handitzeko asmoa ere esplizituki adierazi du Euskarabideak, eta baita helduen euskalduntzea indartzekoa ere, «euskara ikastearen doakotasunera hurreratuz».

ZERBITZU PUBLIKOAK
Herritarren hizkuntz eskubideei aipamena


Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroan zurian beltz jasota dago herritarrek eskubidea dutela euskaraz artatuak izateko, eta administrazioak «hizkuntza planifikazio bat» garatu behar duela, eskubide hori bermatzeko. Horretarako, Nafarroako Gobernuko departamentuetan eta erakunde autonomoetan «ele biko lanpostuen kopurua handitu» nahi du Euskarabideak, «gutxieneko helburuak aurretik adostuz». Horrez gain, «ele biko zirkuituak» ezartzea proposatu dute, herritarren aurrez aurreko arta emateko plaza elebidunak zeintzuk diren zehazte aldera. Langile publikoak euskalduntzeko bideak ere aztertuko dituzte; besteak beste, euskarazko prestakuntza sustatuz eta ebaluatuz, baliabideak eskainiz eta ele biko dokumentuen banku bat sortuz. Hain zuzen, hizkuntza paisaian ere eragin nahi dute planaren sustatzaileek (afixak, agiri ofizialak, webgune korporatiboetako edukiak...), euskararen presentzia bermatzeko xedez.

LEGE ESPARRUA
Egungo estatusa urratu gabe ere, aitzinera


Plan estrategikoaren helburuak betetze aldera, hizkuntza politikan eragiteko arauak diseinatu nahi ditu Euskarabideak. Nafarroako Gobernu barruko erakunde bat izanda, institutuak ez du auzitan jartzen egungo Euskararen Legea, ezta horrek dakarren zonifikazioa ere. Hala ere, egungo legedia gainditzeko eta mugak lausotzeko asmo bat antzeman daiteke, besteak beste, 6.1.1. puntuan: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren arauzko xedapenak onar daitezela proposatuko du Euskarabideak, euskarari buruzko legedia garatzeko eta moldatzeko».

Euskal Herriko eta Europako beste erakunde batzuekin sinatutako lankidetza akordioei eustea eta horien edukietan sakontzea ere planteatu du Euskarabideak. Lehenik eta behin, jarraipena eman nahi die Euskaltzaindiarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako akordioei. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren presentzia areagotu nahi dute, besteak beste, Euroeskualdean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako hiruko itunean eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarean.

ADOSTASUNA
Euskara balio positiboekin lotzeko ahalegina


Ana Ollo kontseilariaren esanetan, plan berriaren ardatz nagusietako bat da «adostasun sozial bat» lortzea euskararen inguruan: hizkuntzak gizartean duen «balioespena» hobetzea, eta kontsentsu politiko eta soziala erdiestea, «eztabaida alderdikoitik modu atzeraezin eta betikoan ateratzeko». Horretarako, sentsibilizazio kanpainak, komunikazio estrategia berriak eta «nafar euskaldunen ahalduntzea bizkortzeko ekimenak, programak eta materialak» sustatuko dituzte. Ekonomiaren alorrean ere eragin nahi du Nafarroako Euskararen Institutuak, enpresa pribatuetan euskararen erabilera sustatuz, lankidetza hitzarmenak sinatuz, diru laguntzak emanez eta zerbitzua euskaraz ematen duten saltokiak eta zerbitzuak identifikatuz, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.