Apirilak suspertu egin du lan merkatua Hego Euskal Herrian

Martxoan baino ia 4.000 langabe gutxiago eta 6.000 langile gehiago zenbatu dituzte. Hala ere, krisia hasi aurretik baino 17.500 langabe gehiago zeuden apirilean

Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Dela Aste Santuaren efektuarengatik, dela ekonomia oro har suspertze zantzuak ematen hasi delako, apirilean hobera egin du lan merkatuaren egoerak Hego Euskal Herrian. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak 168.727 langabe zenbatu ditu enplegu bulegoetan, martxoan baino 3.781 gutxiago. Koronabirusaren agerraldiaren aurretik apirilean ohikoa zen jaitsiera bat da hori. Are gehiago handitu da enplegua dutenen kopurua, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenak 5.957 gehiago baitira. Apirilean arrunta den batez bestekotik pixka bat gora dagoen kopurua da hori, baina kontuan hartu behar da aurtengo abiapuntua okerragoa zela.

Eusko Jaurlaritzak ontzat hartu ditu datuak. «Euskal ekoizpen sarearen erresistentzia eta harekiko konfiantza sendotu egin da», nabarmendu du Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordeak. Edonola ere, langabe kopurua «milaka pertsonarentzat oso errealitate gogorra» dela onartu du. Nafarroako Gobernuak ere pozik hartu ditu datuak, bere iritziz, «suspertze garrantzitsu» bat adierazten baitute.

Sindikatuek, berriz, irakurketa ezkorragoa egin dute. Apirileko jaitsiera gorabehera, langabezia «krisiaren aurreko mailatik urrun» dagoela azpimarratu du ELAk, eta bi eskaera egin ditu: azken lan erreformak indargabetzea eta Jaurlaritzak «enplegua sortzeko estrategia bat» egitea, «langile publikoak finkatzetik hasita».

LABek «atseden txiki bat» ikusi du apirileko datuetan, eta onartu du txertaketak aurrera egin ahala enplegua «modu iraunkorrago batean» sortuko dela. Edonola ere, eskatu du ez gertatzea azken krisiaren irteeran gertatutakoa: «Orduan, susperraldi ekonomikoaren kostua langileriak jasan zuen, 2012ko lan erreformaren babesean soldata jaitsiera handiak eta lan baldintzen okertze larria jasan baitzituen, eta muturreko kasuetan, lan esklabotzarekin alderatu zitezkeen egoerak gertatu ziren».

CCOOk eskatu du «agindutako erreforma sozialak» indarrean jartzea: «Orain, kalitatezko enpleguaren eta kontratazioen egonkortasunaren txanda da, ez murrizketena eta kaleratzeena».

LANGABEZIA
2020ko otsaileko datuetatik urrun oraindik


Lehen aldiz azken hamahiru hilabeteetan, urte arteko konparazioak positiboak dira. Hau da, aurtengo apirilean iazkoan baino langabe gutxiago daude (-10.538). Baina kontuan hartu behar da iazko apirilaren konfinamenduaren garairik zorrotzena izan zela, eta hilabetearen amaieran baizik ez zirela arintzen hasi jarduera ekonomikoa mugatzeko neurriak. Horregatik, ikuspegia zabaltzeko, egokiagoa da konparazioak egitea pandemiaren aurreko datuekin, hau da, otsailekoekin. Kasu horretan, argi ikusten da oraindik egoera nabarmen okerragoa dela: 2020ko otsailean baino 17.513 langabe gehiago daude, eta orduan baino 15.035 kotizatzaile gutxiago Gizarte Segurantzan.

Aste Santuaren eraginez, batez ere zerbitzuetan jaitsi da langabezia (-2.795), baina ekonomia osoaren hobekuntza bat erakuts dezake langabeziaren jaitsiera nabarmena izateak industrian (-696) eta eraikuntzan (-207) ere. Lehen sektorean ere, langabe kopurua jaitsi egin da (-177), baina igo, aldiz, aurretik lanik ez zutenen artean (+94). Nolanahi ere, esanguratsua da Araban handitu egin dela industrian lanik gabe daudenen kopurua (+26). Lurralde horretako industria handi askotan pilatu dira kaleratzeak azken hilabeteetan; apirilean, esaterako, Tubacexeko 124 langile geratu ziren lanik gabe.

Langabeen %56 dira emakumeak eta %44 gizonezkoak.

ENPLEGU ERREGULAZIOAK
2.500 gutxiago


Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren azken datuek diote apirilaren amaieran 32.474 langile zeudela aldi baterako enplegu erregulazioan, martxoa bukatu zenean baino 2.522 gutxiago. Aldi baterako erregulazioan daudenetatik, bi herenek ez dute batere lanik egiten, eta beste bat erregulazio partzialean dago.

KONTRATUAK
Mugagabeak, %9,3


Martxoan, zoritxarrez, ezohikoa izan zen kopurura iritsi ziren kontratu mugagabeak, %12,3ra. Lan ikuskariek finko egitera behartutako kontratu iruzurtien ondorio izan zen. Apirilean, %9,3ra jaitsi dira. Azken urteetan %7 eta %8 artean izan da portzentaje hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.