Euskal Herriaren eta bertako biztanleen saretzea zenbatekoa da? Zenbaterainokoa da helburu hori sustatzen duten egitasmoen eragina? Bi galdera horien erantzuna eskatu zion Udalbiltzak Aztiker soziologia ikerketarako zentroari, eta atzo gizarteratu zituzten emaitzak. 2000. urtetik gaur arte gutxienez bi euskal lurraldetan jardun duten 293 proiektu zenbatu dituzte, eta ikusi dute azken urteetan gehitu egin direla Euskal Herria saretzeko balio duten jarduerak. Proiektu horiek potentzialitatea dutela dio txostenak, baina ohartarazi du «arriskutsua» dela «egitasmoen hazkundea daukaten eraginarekin lotzea». Izan ere, proiektu horien eragina zenbaterainokoa den neurtzeko, azterketa sakonago bat egin beharko litzateke, ikerketak dioenez. Edozein modutan, arrisku bat ikusi dute: Euskal Herria saretzeko egitasmoen kalterako, testuingurua aldatuz joan dela azken urteetan: «Euskal Herriak kontzeptu gisa azken urteetan indarra galdu izana eta bizimoduan izan diren aldaketak tarteko, gisa horretako egitasmoak sustatzeko joera gero eta txikiagoa da». Saretzeari begira, beraz, emaitzak positiboak bezain negatiboak direla ikus daiteke.
[Youtube]https://youtu.be/oSHsitwXErI[/Youtube]Euskal Herriko kohesio ekimenen ikerketa izeneko txostena atzo aurkeztu zuten, Andoainen (Gipuzkoa) egindako Martin Ugalde foroan. Ikerketaren xehetasunak emateaz gain, mahai ingurua ere egin zuten. Bertan parte hartu zuten BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik, Bertsozale Elkarteko kide Aritz Zerainek eta Errigorako ordezkari Erruki Ezkurrak. Ikerketak eman duen ondorio negatiboari buelta ematen saiatu zen Otamendi: «Euskal Herriaren nozioa ahultzen ari dela dio ikerketak, baina hori erlatiboa da. Duela ehun urte zer zegoen, bada? Iparraldeko agerkariek ez zituzten Hegoaldeko kontuak aipatzen, eta alderantziz; agian gaur egun ez dago nahiko genukeen besteko ekimenik, baina egon badaude». Ikuspegi historiko hori ezarrita, aurrerapausoak eman direla azaldu zuen, baina zalantzekin: «Galdera da ea amesten dugun Euskal Herri horretarako nahiko lan egin dugun, edo goazen abiaduran noiz iritsiko garen inora». Izan ere, Euskal Herriko erakundeei begiratuta, herririk ba ote dagoen ere galdetu zuen.
Zerainek ere Otamendiren bidetik jo zuen, azken urteetan Euskal Herria ehuntzeko egitasmo ugari garatu direla esanez. «Indargune bat erakusten du horrek; proiektuak saretu egin dira, baina dibertsifikatu egin dela esango nuke». Ekinaldi ugari baitaude Euskal Herria saretzea helburu dutenak, eta horiek Euskal Herri gehiago sortzen dituztela azaldu zuen: «Euskal Herri gehiago sortzen ari dira, kulturalak, feministak, ekonomikoak...». Horregatik, ikuspegi negatibo horri buelta eman nahi izan zion, kezka ezkutatu gabe.
Ezkurrak esperientzia propiotik kontatu zuen Errigoraren adibidea, eta proiektuaren ardatza orain arte ez bezala Nafarroako Erriberan jartzearen garrantzia nabarmendu zuen. «Beti gabiltza esparru errazagoetatik lan nola egin behar den esaten besteei, baina proiektu honekin orain erdigunean jarri duna Nafarroako eremu ez-euskalduna da». Eta, ildo horretan, sortu diren sareak interesgarriak direla esan zuen. Ikerketaren aurkezpenean egindako mahai inguruan, beraz, adibide zehatz batzuekin beste ikuspegi batetik begiratu zitzaion.
Elkarlanerako erronka
Aztiker zentroak egindako ikerketak nabarmendu duenez, Euskal Herria saretzeko egitasmoak bultzatu dituzten eragileek behar partekatu bat argi eta garbi ikusi dute: estrategia partekatu baten beharra ekinaldi guztien artean. Indarrak elkarren artean koordinatzeko erakunde bat beharko litzatekeela esan dute askok: horrek aliantzak sortuko lituzkeelakoan, eta, era berean, Hego zein Ipar Euskal Herriko egitasmoen arteko zubi lana egiteko.
Izan ere, hori ere bada txostenak atera duen beste ondorioetako bat: proiektu askok Euskal Herri osora zabaltzeko xedea eduki baduten arren, nahi hori errealitate bihurtzeko zailtasunak onartzen dituztela. Egia da ikerketan agertzen diren ekinaldi gehienek presentzia dutela Iparraldean zein Hegoaldean, baina bi eremuen arteko mugak ere pisua duela identifikatu dute.
Aurrera begira, Euskal Herriaren ideia bere barruan biltzen duten proiektuak sortzen jarraitzeko, egoera berrira egokitzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa dela aipatzen du txostenak. Eta alde horretatik digitalizazioak zeresana izango duela nabarmendu dute eragile askok. Antzeko ekinaldiak sustatzen jarraitzeko gogoa ere sumatu baitu ikerketak.