Akordiorako aukera urriekin hasi dute Europako goi bilera

Europako Batasunaren aurrekontua eta COVID-19aren suspertze plana dituzte mahai gainean. Xuhurren Taldeak diru laguntzen gaineko kontrola indartzeko eskatu du

Merkel Alemaniako kantzilerra eta Batzordeko jarduneko presidentea, estatu kideei harrera egiten, atzo. F. LENOIR / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Agendan gai bakarra dute; inork ez daki zenbat egun iraun dezakeen bilerak, eta, batez ere, mezu ezkorrekin hasi dira. Ziurra den gauza bakarra da akordio batekin irten beharko dutela, ez bada asteburu honetan, datorren astean, edo aurrerago, eta, beraz, noizbait denek amore eman beharko dutela. Europako Batasuneko 27 lehen ministroek azken urteetako bilera garrantzitsuenari ekin zioten atzo. Batasunaren datorren zazpi urteetarako aurrekontuez gain, COVID-19ak eragin duen krisi ekonomikoari erantzuteko suspertze planaren edukiak ari dira negoziatzen, eta horrek eskatzen du abiadura handiagoa, estatuak pilatzen ari diren zorra gehiago handitu ez dadin.

Atzo goizean hasi ziren, eta edizio hau ixterako orduan negoziatzen jarraitzen zuten. Aurrerapausorik ez zuten jakinarazi, baina oso litekeena da atzo entzundakoak entzun ostean Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek proposamen berri bat jartzea mahai gainean. Kasurik onenean, akordio bat egongo litzateke gaur, baina jada bilera hasi aurretik atea zabalik utzi zuten uztaileko azken astean berriz elkartzeko. Izan ere, batzuen eta besteen jarrerak elkarrengandik «urrun» daude oraindik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Europako Batzordeko jarduneko presidenteak gogoratu zuenez. «Negoziazioak oso zailak izango dira; ezin dut ezer aurreratu balizko akordio baten inguruan». Gaur ikusiko da lehen eguneko hitz ezkorrak benetakoak ziren ala negoziazioei begirako estrategia bat izan ziren.

Taldeak eta interesak

Akordioari aho batez erantzun behar diote 27 kideek, eta, gaur-gaurkoz, talde bat baino gehiago dago. Bakoitza bere erara kritikoa da aurrekontuarekin edo suspertze planarekin, eta jarrera kontrajarriak ere badaude talde berekoen artean. Merkelek atzo azpimarratu zuen bat egitea oso zaila dela, baina beste aukerarik ez dutela.

Batetik, kohesio funtsaren menpekoak diren herrialdeak daude —Europa ekialdekoak, bereziki— eta Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzenak —Espainia eta Frantzia, esaterako—. Batasunaren aurrekontuetan daude laguntza horiek, eta Michelek aurreko astean proposatutako testuak murrizketa nabarmenak jasotzen ditu herrialde batzuentzat.

Baina eztabaida sutsuenak COVID-19aren suspertze funtsaren ingurukoak dira. Funtsean, Alemaniak eta Frantziak adostutako eta Kontseiluak bere egindako egitasmoa dauzkate mahai gainean. Horren behar gehien izango luketen estatuen babesa dute—Italia eta Espainia, bereziki—.Baina parean dituzte 2008ko krisian Alemaniaren bidelagun izandako batzuk: Herbehereek, Suediak, Danimarkak eta Austriak osatzen duten Xuhurren Taldea—Frugal four—. Haien eskaera nagusia da laguntzak jasotzen dituzten estatuen gaineko kontrola indartzea. Horixe bera berretsi zuten atzo, eta ez ziren hortik mugitu. «Guretzat ezinbesteko baldintza da herrialde horiek egin beharreko erreformak gure artean zehaztea eta adostea», adierazi zuen Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak. Erreformen artean lan merkatuarena eta pentsioen sistemarena aipatu zituen.

Ruttek, talde horretako beste kideek bezala, bere etxean dituen presioei ere aurre egin behar die, eta bereziki euroeszeptikoen mehatxuari. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo azpimarratu zuenez, «egiaren ordua» iritsi zaio Europari: Batasuneko kideei eskatu zien orain arte erakutsi ez duten «elkartasuna eta anbizioa» agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.