Koronabirusa

EBren laguntzek Bruselaren irizpideak bete beharko dituzte

Suspertze funtseko dirua nahi dutenek zer proiekturako nahi duten zehaztu beharko dute. Batzordeak izango du azken hitza, baina beste estatu kideen iritzia aintzat hartuko da

Gizonezko maskaradun bat Europako Batzordearen egoitzaren aurrean, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Lerro handien ondoren dator letra txikia. Europako Batzordeak herenegun aurkeztutako suspertze planaren kasuan, letra txiki horrek esan nahi du dirua ezingo dela nahieran erabili, eta eskatzen duenak baldintza batzuk bete beharko dituela.

Gauza bat garbi utzi nahi izan du Europako Batzordeak, Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioaren bitartez: «Ez da doikuntza programa bat beste izen batekin. Tresna berri bat da, borondatezkoa, eta finkatutako lehentasunetan oinarrituta dago». Hau da, troikarik eta beltzezko gizon-emakumerik ez dela iritsiko herrialde bati esateko enpresa bat pribatizatu behar duela, erretirorako adina atzeratu behar duela edo langabezia saria txikitu behar duela. 2010-2012 epeko erreskateek oso ospe txarra dutela badaki Bruselak, eta haiekiko aldeak nabarmendu nahi ditu oraingo laguntzetan.

Baina, sotilagoa izan arren, kontrola izango da. Eta kontrol horrek ekar dezake gobernu batek bere burua behartua ikustea egin nahi ez duen zerbait egitera. Edo, askotan gertatu izan den bezala, gobernu batek EBren aitzakia erabiltzea erabaki gogor baten kostu politikoa Bruselako deabruari egozteko.

Gentiloniri eta Valdis Dombrovskis lehendakariordeari egokitu zitzaien Europako Batzordearen plana zehaztea, atzo. Suspertzerako eta Erresilientziarako Tresnari heldu zioten (RRF, ingelesez), hura baita batzordeak estatuei laguntzeko proposatu duen tresna nagusia. 560.000 milioi euro izango ditu RRFk; horietatik 310.000 milioi laguntza zuzen gisa banatuko dituzte, eta gainontzeko 250.000 milioiak, mailegu gisa.

2022rako, %60 gastatuta

Dirua, izan, bada: Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, esaterako, 16.000 milioi euro gastatzeko asmoa zuten aurten. Espainiak 278.000 milioi euroren aurrekontua izan du azken hiru urteetan, eta, Bruselak esperotakoa betetzen bada, 140.000 milioi euro jaso ditzake RRFtik, bere BPGaren %10 inguru. Horietatik 77.000 laguntza zuzen gisa eskuratuko lituzke. Ez du, noski, urte bakar batean eskuratuko diru hori guztia. Bruselaren helburua da lehen diruak 2021ean iristea, eta 2022rako %60 gastatzea. Maileguak eskatzeko azken epea 2024. urtearen amaieran jarri nahi du.

Dirua nahi duenak «suspertze eta erresilientzia plan bat» aurkeztu beharko dio apirilean batzordeari. Hor azaldu beharko du dirua zertarako erabili nahi duen, zer epetan, eta zer erreforma jarri nahi dituen indarrean. «Herrialdeek diseinatuko dute zer proiektu lagundu nahi dituzten», azpimarratu du Dombrovskisek, baina batzordeak izango du azken hitza, eta laguntza eskaera bat atzera bota ahal izango du uste badu ez duela bat egiten EBren lehentasunekin. Bi gai begiz jota ditu Bruselak: trantsizio ekologikoa eta digitala. Hau da, energia garbiagoen erabilera bultzatzeko politikak edo berrikuntza teknologikoa garatzeko proiektuak errazagoak izango direla onartzeko, eta zailagoa, esaterako, enpresa bat salbatu nahi izatea.

Baina gastu sozialak ere izan dezake bere lekua, Bruselak erakutsi nahi baitu ikasi duela aurreko krisiaren lezioa. Horrela, EBk azken urteetan eskatu izan dio Espainiari bere osasun sistema indartzeko, eta familiei eta langabeei laguntzak handitzeko. Irailean egiten ditu batzordeak bere proposamenak, Europako Seihilekoa izenekoaren barruan. Une hori baliatu izan du EBk EBren lelo klasikoak betearazteko —defizita %3tik behera izatea eta zorra txikitzea—, baina, krisiaren larritasunaren ondorioz, tiradera batean sartu ditu. Noiz arte? «Krisi ekonomikoak iraun bitartean», zehaztu du Dombrovskisek.

Baina, dirua kontu eztabaidagarrietan gastatzen ez dela egiaztatze aldera, gainontzeko estatu kideek ere izango dute zeresana. «Azken erabakia batzordearen esku izango da, baina estatu kideek ados egon beharko dute batzordearen onartzeko edo atzera botatzeko proposamenarekin».Keinu bat da hori planarekin uzkur dauden Europa iparraldeko herrialde batzuentzat, hor izango baitute aukera hegoaldeko estatuak estutzeko.

Negoziaziorako arma

Edonola ere, mahai gainean dagoena proposamen bat baizik ez da, eta ez da ziurra aurrera egingo duenik, EBko kide guztien onespena lortzea ez baita erraza. Begi onez hartu dute laguntza gehien jasoko dutenek —Italiak eta Espainiak—, eta Frantziaren eta Alemaniaren babesa ere badu, batzordeak bere egin baitu haien proposamen nagusia: bilioi erdi ematea beharra dutenei.

Baina planak ez du erantzun onik jaso laguntza oro mailegu gisa banatzea eskatzen dutenen artean —Frugal Four izenekoak: Herbehereak, Austria, Suedia eta Finlandia—. Horiek erakartzeko modu bat da 2021-2027 aurrekontua. Harekin lotu du suspertze plana Bruselak, eta horrek aukera ematen dio negoziaziorako. Hau da, plana onartuz gero, beren ekarpena txikitzea edo proiektu zehatz batzuetarako dirua lor dezakete kritikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.