Koronabirusa

Jaurlaritzak diruz lagunduko du maskaren ekoizpena handitzea

Lehendik martxan diren ekoizpenak indartuko ditu, baina asmo berriak ere babestuko ditu. Denera, ia 600.000 euro emango dizkie enpresei makineria egokitu ahal izateko

Bexen Medical enpresak Etxebarrin (Bizkaia) jarri dituen makinetako bat, muntaketaren unean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Itxialdia arindu eta joan-etorriak baimentzen diren neurrian, ezinbestekoak izango dira maskarak, eta, egoera hori aintzat hartuta, produktu horien ekoizpena babestea erabaki du Jaurlaritzak. Diruz lagunduko ditu ekoizpen lerro berriak: ia 600.000 euro emango dizkie enpresei makineria egokitu eta behar dituzten inbertsioak egiteko. Horri guztiari esker, maskaren sektorean erreferente bilakatuko da Euskal Herria, urtean 200 milioi maskara baino gehiago ekoizteko gaitasuna izango baitu.

Batetik, lehendik martxan diren ekoizpenak indartuko ditu Jaurlaritzak. Hala, Zamudioko (Bizkaia) Sinbol enpresak babesik goreneko maskarak ekoizteko lerro berri bat jarriko du martxan, eta, horretarako, 394.585 euroko laguntza emango dio administrazioak. Bizkaiko Parke Teknologikoan dagoen enpresa horrek urtean hiru milioi maskara ekoizten zituen, eta, hemendik aurrera, hamar milioi maskara ekoitziko ditu. Maskarez gain, halere, mota guztietako babes ekipamenduak eta sistemak garatzen ditu.

Mondragon taldeko Bexen Medicalek ere martxan dauka Etxebarrian (Bizkaia) hilero hamar milioi maskara ekoizteko instalazioa. Hernaniko (Gipuzkoa) enpresa hori aurrenetarikoa izan zen ekoizpen lerro berriak irekitzen: Aretxabaletako (Gipuzkoa) Mondragon Assemblyk Txinan egindako hiru makina ekarri zituen apirilean Euskal Herrira, eta Cikautxo enpresaren gela zuri batean jarri zituzten, medikuntzarako produktuak ekoizteko baldintza jakin batzuk dituen areto batean. Makinak lanean ari dira dagoeneko, eta merkatuan jarriko dituzten maskarak pilatzen ari dira egunotan. Taldea Espainiako Gobernuaren hornitzailea izango da denbora luzez, baina orain ekoizpena bikoiztuko du; orain arte, sei hilean, 60 milioi maskara ekoizteko gaitasuna zuen, eta, hemendik aurrera, 120 milioi ekoitziko lituzke. Jaurlaritzak 188.291 euro emango dizkio ekoizpen lerro berri hori martxan jartzeko.

Asmo berriak ere babestuko ditu Jaurlaritzak, hala ere. Horietako bat da Wolfratex, hain zuzen. Industria jarduera ezberdinak dituzten Lazpiur, Egile, Embalan3 eta Servimasak enpresek elkarrekin sortu duten enpresa da, eta, aurrerantzean, babes goreneko maskarak ekoitziko ditu: 84 milioi urtean. Bergaran (Gipuzkoa) jarriko dute makineria, Jaurlaritzak egokitutako lurzoru batean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu duenez. Dagoeneko hasita dauzkate prestaketa lanak, eta enpresaren nahia da ekainerako ekitea maskarak ekoizteari. Horrez gain, sailburuak esan du maskara berrerabilgarriak egiten ere lagunduko duela Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailarekin eta Teknikarekin elkarlanean abiatutako proiektuei esker.

Eskariari erantzuteko prest

«Euskal industria gai izan da krisiaren aurrean erreakzionatzeko», azaldu du Tapiak. Gogorarazi duenez, aipatutako konpainiez gain, badira ekoizpena dibertsifikatu duten beste enpresa ugari ere, beren produktuak egiteari utzi gabe maskarak eta beste babes produktu batzuk egiteari ekin diotenak. Gasteizko Grado Cerok, esaterako, Jundizko bere instalazioak egokitu ditu maskarak egiteko. Zazpi makina erosi ditu Txinan, bi milioi euro inbertituta, eta 42.000 maskara ekoitziko ditu orduero, egun gutxi barru. «Euskal industria prest dago hemengo eskaerari hemengo ekoizpenarekin erantzuteko», esan du Tapiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.