Koronabirusa

Autonomoen «gurutze bidea»

Jaurlaritzaren laguntzak eskatzeko webgunea kolapsatu egin da, martxan jarri eta berehala. Elkarteek salatu dute diru saila «eskasa» dela, eta gobernuak aztertu egingo du handitzea

Arropa denda bat, itxita, alarma egoera dela-eta ezarritako debekuengatik. IÑIGO URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

Atzo goizean egin behar zuen eskaera Mariangelesek, baina Lanbideren webgunean sartu orduko —08:00ak ziren— ohartu zen ezin zuela. Bilboko taberna batean egiten du lan, autonomo gisa, azkenengo hogei urteetan bezala. Esana zioten zail izango zuela Eusko Jaurlaritzak emango dituen diru laguntzak eskuratzea. Baina ez preseski baldintzak betetzen ez dituelako, betetzen baititu.

 

Bera «berandu» iritsi zen; beste batzuentzat, «gurutze bidea» izan zen. Gauerdian zabaldu zuten eskaerak aurkezteko epea, eta zerbitzariek gainezka egin zuten 00:15erako; ordu batzuk barru abiatu zuten berriz, eta 08:30erako itxi. Ordurako, 10.000tik gora eskaera jaso zituzten: Lanbidek onartzea aurreikusten duena baino 7.000 gehiago. Jaso ahala tramitatuko zituela iragarri zuen, eta hori izan daiteke gertatuaren gakoa.

Hala aitortu du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, eta barkamena eskatu du. Onartu du ezarritako eredua ez dela egokia izan, eta aitortu eskasa dela bideratutako diru kopurua ere. Horren harira, azaldu du beste sail batzuekin batera aztertuko dituztela «gobernuaren lehentasunak», eta «posible ote den» kopurua handitzea eta «pertsona gehiagorengana heltzea». Edonola ere, ohartarazi du hori hala izanda ere ez litzatekeela beharrezkoa beste eskaera epe bat zabaltzea.

«Gertatu dena aurreikusita zegoen», azpimarratu du Jose Andres Martinek, Abat Autonomoak Bat elkarteko presidenteak. «Hasieratik zentzugabekeria bat izan da hau guztia». Martinek gogoratu du autonomoen kolektiboa «oso heterogeneoa» dela, eta koronabirusaren krisiak eragindako galerak «oso ezberdinak» izan daitezkeela sektoreen arabera. «Batzuek, nik bezala, jarraitu ahal izan dugu gure jardunarekin [garraiolaria da], baina galerak izango ditugu. Beste batzuek itxi behar izan dituzte euren negozioak, eta ez dakite noiz arte».

Martinek nabarmendu duenez, 175.000 autonomo inguru daude Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Jaurlaritzak «hiru milioi euro baino ez» ditu banatuko diru laguntzetan. Jaurlaritzak batez beste, 1.000 euroko 3.000 eskaera onartzea aurreikusten zuen —3.000 eurokoa da gehienezkoa—. «Zenbait kasutan, egokiak izan daitezke kopuru horiek; beste batzuetan, ez dute ia ezertarako balio. Beharren arabera banatuko beharko lirateke, eta ez eskaerak jaso ahala».

Martinek salatu du Jaurlaritza ez dela haiekin harremanetan jarri, «ez diru laguntzen inguruan hitz egiteko, ez autonomoek bizi duten egoera larriaren berri jasotzeko», eta espero du orain gertatutakoak horretarako balio izatea. Arazoari «bere osotasunean» irtenbide bat emateko, autonomoen mahai bat sortzeko beharra aldarrikatu du. «Gurea da halakorik ez duen erkidego bakarrenetarikoa».

Euskaldendak-ek ere salatu du gertatua. Elkartearen ustez, laguntza horietarako Jaurlaritzak jarri duen diru kopuru «eskasa» da, eta hor dago «kolapsoaren iturria». «Apirilaren 7an jada ohartarazi genien onuradun posibleak trumilka sartuko zirela». Elkartearen kalkuluen arabera, gaur egungo kopuruarekin ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren 30 autonomo kaltetutatik soilik bakarrak izango luke laguntza hori jasotzeko aukera. Euskaldendak-en ustez, kopuruak handitzea ezinbestekoa da, eta lokal komertzialen jabeak ere onuradun posibleetan sartzea; orain, lokala alokairuan duten autonomoak soilik eska ditzakete.

Jaurlaritzak bere laguntzak banatu ditu enpresa txiki-ertain eta handien artean; bigarren horientzat, hogei milioi euroko aurrekontua jarri du, eta, printzipioz, ez du kopurua handituko. Gutxienez 20 langile eta gehienez 250 langile dituzten enpresa guztiek eska dezakete. Gehienez 800.000 euro eska ditzake, eta, trukean, konpainiak luze gabe eta luzera begira zer bideragarritasun duen jasotzen duen plana aurkeztu beharko dute.

Laguntzak ez, isunak bai

Baina Jaurlaritzarena ez da autonomoek jaso dezaketen laguntza bakarra. Nagusia Espainiako Gobernuak ematen du: ez da berria, autonomoen ohiko langabezia sariaren bidez egiten baitu hori, aldaketa txiki batzuekin. Eskatu dutenak ostiralean hasiko dira kobratzen: batez beste, 700 euro, eta ez dute gizarte segurantzaren kuota ordaindu behar.

Baina hainbat autonomok salatu dute langabezia saria jasotzeko ere zailtasunak dituztela. Abat elkartearen arabera, eskaera egin duten hirutik bati onartu diote. Hainbat baldintza bete behar dituzte: nagusia, alarma egoera ezarri zenetik beren diru sarrerak gutxienez %75 murriztea edo negozioa aldi baterako ixtea.

Hori da, besteak beste, Haitzen kasua: bizikleta denda bat du Bilbon. Hala ere, mutualitateak atzera bota dio eskaera, argudiatuta bere jarduna ez dagoela jasota alarma egoera dela-eta egin ezin direnen artean, «dekretuak ez baitu zehatz-mehatz zehazten bizikletak konpontzea, adibidez, debekatuta dagoela».

Antzeko salaketa ugari jaso dituzte Abaten: fisioterapeutenak, nutrizionistenak... «Kaos normatibo izugarria dago; aholkulari bulegoetan ere ez dakite zer egin. Eta lehen aipatutako kasuetan, gainera, paradoxa bat ematen da: mutualitatearen erabakitik ondoriozta daiteke ireki ditzaketela euren negozioak, baina, gero, Poliziaren isuna jaso dezakete. Alegia, ez dute jasoko ez diru laguntzarik ez langabezia saririk, eta, hori gutxi izango balitz bezala, ordaintzera behartu ditzakete».

Euskaldendak elkartearen ustez, autonomoei laguntzeko «alternatiba bat» izan daiteke aldatzea DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa, egoera horretan eta bestela ere zailtasunak dituzten autonomoak laguntzeko. ABATeko kideek ez dute aukera hori baztertzen, baina azpimarratu dute laguntza hori ez dagoela «horretarako pentsatua; dagoenerako dago, izan autonomo ala ez. Dena den, ez dugu uste hori denik irtenbidea. Autonomo batek bere negozioa atera nahi du aurrera, eta horretarako nahi ditu laguntzak».

Zergak atzeratzeko eskatu dute

Eusko Legebiltzarrak “zergen atzerapena” eskatu du langile autonomo, ostalari, dendari eta turismo sektoreko enpresentzat. Koronabirusaren krisiarengatik euren jarduna eten behar izan duten profesionalei eragiten dien eskaera bat da. Legebiltzarra aldundiei zuzendu die eskaera, haiei baitagokie zerga horiek biltzea. Ez legezko eskaera da, beraz Araba, Bizkai eta Gipuzkoak aldundiak ez daude neurria betetzera behartuta, baina EAJk eta PSEk proposamena babestu izanak asko errazten du bidea, haien aldeko botoekin hiru aldundietan onartu baitaiteke. EH Bilduk, aldiz, aurkako botoa eman du bere ustez “motz” gelditzen delako. Eztabaida EH Bilduk eskatu zuen, hedapen zabalagoko eskaerak eginez. Elkarrekin Podemos eta PP, bere aldetik abstenitu egin dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.