Zuk erosi, eta zuk ordaindu

Langilerik gabeko kutxak zabaltzen ari dira Euskal Herriko dendetan. Bezeroak pasatu behar du barra kodearen irakurgailutik, eta horrek zalantzak sortu ditu.

Erosleak berak pasatzen du bere erosketa barra kodeen irakurgailutik, eta bertan egiten du ordainketa. Era askotako makinak daude, baina. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Supermerkatura ohi bezala joan, hileroko erosketa zerrendarekin orga goraino bete, eta pagatzera bideratu. Dena beti bezala egin ahal izan du erosleak ordura arte, baina ordaintzeko kutxara inguratu denean, kutxan ez dago inor. Kode barren irakurgailu bat dago haren ordez, eta pantaila bat ordainketa egin ahal izateko. Erosketa egiteko prozesuan azkeneko pausoa mekanizatzen hasiak dira zenbait supermerkatu eta dendetan. 1990eko hamarkada hasieran probatu zen lehen aldiz gailua, baina Euskal Herrira beranduago iritsi da. 2014an Bilbon zabaldu zuten Simply supermerkatuan halako hiru kutxa zeuden, eta horiek izan ziren lehenengoetakoak. Ostera ikusi dira era horretako kutxak Decathlonen, Zaran, Eroskin eta BMn. Oraingoz, tantaka hasi dira ezartzen zerbitzu horiek, baina aldaketa baten zantzuak izan daitezke.

Euskal Herrian oraindik asko hedatu gabeko eredua da halere, eta norberak bere buruari kobratzeko makinak jartzen diren kasuetan, ohiko kutxak ere egon ohi dira aukeran. Bere langile eta guzti. Oraindik probatan ari diren seinale. Zerbitzu hori eskaini izan denean, ilarak saihesteko helburuarekin egin dela esan izan dute dendetako eta supermerkatuetako arduradunek. Autoordainketarako gailuekin ohiko erosketa azkarrago egin daitekeela, kontsumitzaileek traba gutxiago dituztelako era horretako gailuekin.

Dena dela, BBCko Adriana Hamacher kazetariak proba egin zuen duela bi urte hori horrela ote zen egiaztatzeko. Erresuma Batuko supermerkatu batzuetan autoordainketako kutxak beste aukerarik ez dago, eta, halako batera joan ondoren, kontrakoa probatu zuen: zerbitzu horrekin denbora gehiago behar zuela bezeroak erosketa pagatzeko. Salgai batzuek dendako langileen egiaztatzea behar zutelako, batetik, eta bezero batzuek ez zekitelako makinak behar bezala erabiltzen,bestetik. Horregatik, zerbitzu azkarragoa eskaini baino gehiago, supermerkatuek lan kostuen dirua aurrezten dutela ondorioztatu zuen kazetariak.

Ruben Sanchez Facua kontsumitzaileen elkarteko bozeramailea da, eta erosketak azkarrago egitearen argudioari buelta eman nahi izan dio. Gaur-gaurkoz Euskal Herrian ez dago autoordainketako kutxak bakarrik dituen supermerkaturik: «Zergatik azkartzen da prozesua orduan? gaur egun kontsumitzaile gutxiagok aukeratzen duelako autoordainketaren aukera. Beraz, kutxa horiek hutsago daude, eta horietatik igarotzen direnak azkarrago egiten dituzte erosketak».

Baina kontsumitzaileak bere erosketa barra kodeetatik igarotzeko makinen atzean beste kritika bat ere egin du Sanchezek: bezeroek supermerkatu edo dendentzako lan egiten dutela. Hau da, erosleari orain arte eman izan zaion zerbitzu bat egin behar duela erosketa barra kodeen irakurgailuetatik igarota. Eta horren truke ordain bera pagatzen jarraitzen dutela dio. «Erosketa irakurgailutik igarotzea bada ahalegin handiago bat kontsumitzailearentzat, eta hori ez da saritzen, gainera». Salatu duenez, erosleak ez du zertan halako ezer egin. «Bakoitzak ikusiko duen zer egiten duen». Horregatik guztiagatik, zerbitzu horrek zalantza ugari sorrarazten dizkiola dio.

Lan kostuen murrizketa

Kezka paretsuak sortzen dizkio aukera horrek Haizea Solagurenbeaskoari ere. LABeko zerbitzu pribatuen federazioko arduraduna da Donostian, eta teknologia horien erabileraren atzean dagoen arrazoiak sortzen dio susmoa: «Halakoak gutxitan egiten dira langileen baldintzak hobetzeko; alderantziz, gehienetan, lan kostuak murrizteko baliatzen dira». Hau da, kutxa horiekin lanpostuak desager daitezkeela salatu du. «Ez da teknologiaren aurka gaudela, lan baldintzak hobetzeko baliatzen diren heinean positiboa da; baina epe motzera kutxetako lanpostuak desagertzen ez badira ere, epe luzera hori gerta daiteke». Eta hor ikusten du arriskua.

Lan kostuak aurreztuz irabazien tartea handitzeko aukera edukiko lukete supermerkatuek, baina horrela gertutasuna galduko luketela uste du Sanchezek. «Erosleak jakitun badira merkataritza gune horiek egin beharreko lan bat egiten ari direla, eta horrekin merkataritza guneek diru gehiago irabazten dutela, akaso beste modu batean ikusiko lirateke makina horiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.