Gorenak dio sanferminetako erasotzaileek «umiliatu» egin zutela biktima

2016ko erasoari buruzko epaiak adierazi du bost gizonek bazekitela emakumearen sexu askatasunaren aurka ari zirela, eta biktimak ez zuela onespenik eman «une batean ere»

Maite Asensio Lozano.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Irmo mintzatu dira Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor arloko aretoko bost epaileak: 2016ko sanferminetako lehen gauean 18 urteko emakume bat bortxatu zuten bost gizonek bazekiten biktimaren sexu askatasunaren aurka ari zirela: «Egoera berariaz bilatu zuten». Horrekin batera, erasotzaileen jarrera txarretsi dute: emakumea «mendean hartu» izana leporatu diete, eta horretaz «harro» agertzea; hala, «biktima umiliatu» izana deitoratu dute.

Ekainaren 21ean bildu zen Gorena auzia berraztertzeko, eta egunean bertan eman zuen ebazpenaren berri. Bost magistratuek aho batez erabaki zuten Nafarroako Auzitegi Nagusiak iaz emandako epaia zuzentzea eta delituaren kalifikazioa aldatzea: sexu abusutzat ez, sexu erasotzat hartu zuten bortxaketa. Ondorioz, bederatzi urteko zigorrak gogortu zituzten: lau akusaturi hamabost urteko kondena ezarri zieten, eta bosgarrenari, berriz, beste bi urte gehitu zizkioten, biktimari sakelako telefonoa lapurtzeagatik.

Ebazpen haren epai osoa jakinarazi zuen atzo auzitegiak; erabaki horiek aurgudiatu ditu bertan. Delitua «bortxaketa jarraitua» izan zela adierazi du sententziak: «Taldeko bortxaketa bat izan zen, bost pertsonak egindakoa, zeinetan denek hartu zuten parte egile gisa». Hain justu, bi larrigarri ezarri dizkiete: tratu laidoztagarria egiteagatik eta bi pertsona edo gehiago batera jarduteagatik.

Bortxaketan larderia eta indarkeria erabili ote zituzten izan da eztabaidagai auzian, hori baita abusuaren eta erasoaren arteko aldea. Horri heldu dio Auzitegi Gorenak ere: «Sexu abusu delituan, onarpena modu biziatuan lortzen da, edo [biktimaren] gaitasunik eza aprobetxatzen da; sexu erasoaren delituan, ordea, egilearen borondatea indarrez inposatzen da, bai bortizkeriaren bidez, bai larderiaren bidez».

«Onespenik ez»

Bada, sententziak argi adierazi du erasotzaileak intimidazioz eta bortxaz aritu zirela. Abaguneari erreparatu dio hori justifikatzeko: gizonak biktima baino zaharragoak izatea —24 eta 27 urte artean zituzten—, eta «gorpuzkera indartsua» edukitzea; erasoa gertatu zen ataria «ezkutua, estua eta irteerarik gabea» izatea; erasotzaileek emakumea ezustean bertara sartu izana; biktima edanda egotea; bost gizonek elkarrekin gauzatzea erasoa... Epaiak azaldu du horren guztiaren ondorioz emakumea «harrituta, beldurtuta eta erreakziorako gaitasunik gabe» geratu zela: «Larridura eta itomen handiak sentitu zituen, eta horrek eragin zuen mendekotasun eta pasibitate jarrera bat hartzea eta akusatuek esandakoa egitea».

Egoera horretan, erasotzaileek biktimaren borondatearen aurka jardun zuten, sententziak argi adierazi duenez: «Intimidazio egoera hori ez da garaiezina, baina bai eraginkorra akusatuen helburuetarako, biktimaren erresistentziarako borondatea geldiarazi baitzuten». Hari horretan, epaiak dio emakumearen isiltasuna ezezko gisa interpreta daitekeela soilik: «Biktimak ez zuen onespenik eman une batean ere. Ezin da zuzenbidea behartu biktimei kalte handiagoak ekarriko dizkieten jarrera heroikoak exijitzeraino».

Erasotzailearen jarrerarekin ere kritiko mintzatu dira epaileak: «jakinaren gainean» egin zuten bortxaketa. Biktimaren larridura ikusita «axolagabe» aritu izana leporatu diete, baita hura mendean hartu eta umiliatu izana ere; gero bideoen bidez erasoa «garaipen» baten moduan erakutsi izana ere txarretsi dute: «Jarrera horretatik, argi ondoriozta daiteke emakumea mespretxatu zutela».

Era berean, Gorenak atsekabea adierazi du erasoa jasan zuen emakumeak pairatu duen birbiktimizazioagatik. Auziak hedabideetan izandako jarraipenak eta prozesu judizialak ez ezik, bortxaketaren bideoak zabaldu izanak ere berriz biktimizatu zuen. Defentsak kontratatutako ikertzaile batek andreari eginiko jarraipenak ere gaitzetsi dituzte: «Biktimaren intimitatean sartu ziren, eta kezka handia eragin zioten, baita beldurra ere». Hori guztia «kalte moraltzat» hartu dute epaileek, eta hala justifikatu dute kalte-ordain ekonomikoa bikoiztu izana —biktimari 100.000 euro inguru ordaindu beharko dizkiote—.

Kalifikazioan akatsa

Bestalde, Auzitegi Gorenak berretsi du akats bat izan dela epaileek aztergai izan duten sententzian, delituen kalifikazioaren alorrean. Gorenaren ustez, akusatuek ez zuten bortxaketa jarraitu delitu bakarra egin, baizik eta delitu bat baino gehiago, parte hartzaile eta eraso bat baino gehiago egin zituztelako —epaileek gogora ekarri dute biktimari hamar sarketa egin zizkiotela—. Kalifikazio hori, ordea, aurreko instantzietan egin beharrekoa zen, edo akusazioek prozesuan zehar inpugnatu behar zuten; hau da, Gorenak ezin du orain halakorik ezarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.