Eusko Jaurlaritzako sailburuek atzo aurkeztu zituzten 2022an hezkuntzara, euskarara, ekonomiara, garraiora eta etxebizitzara bideratu nahi dituzten aurrekontuak, Eusko Legebiltzarreko hainbat saiotan. Inoizko gasturik handiena egingo du Jaurlaritzak: lehen aldiz gaindituko du 13.000 milioiren langa.
HEZKUNTZA
2022. urterako Hezkuntza Saileko aurrekontuak aurkezteko ardura izan zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Guztira 3.235 milioi euro izango ditu, aurtenbaino 127 milioi gehiago. Sailburuak azpimarratu zuen «etapa guztietako bikaintasuna eta aukera berdintasuna» Hezkuntza Sailaren «funtsezko ardatzak» direla, eta iragarri zuen helburu horri jarraituz 132,3 milioi euro bideratuko dituela eskolako garraiora eta jantokietara. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, berriz, 44 milioi euroko aurrekontua ezarri dute hezkuntza laguntzako espezialistak kontratatzeko.
Eraldaketa digitala izan zen Bildarratzek aipatu zuen beste helmuga garrantzitsu bat. Arlo horretan, 59,4 milioi inbertituko dituzte ikasleentzako ordenagailuetan, irakasleentzako formakuntza digitaletan eta ikastetxeetako «proiektu berritzaileetan». Bide beretik, Lanbide Heziketan ere ekipamenduak indartuko dituztela iragarri zuen, eta ikastetxeetako «berrikuntzaren aldeko apustua» egingo dutela.
«Atzerriko hizkuntzetan» kalitatea hobetzeari begira, berriz, 6,3 milioiko partida aurreikusi du Jaurlaritzak, eta, unibertsitateko nazioarteko mugikortasun bekei dagokienez, 2,2 milioiko inbertsioa egingo du; aurten baino %16 gehiago.
EUSKARA
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere heldu den urteko bere saileko aurrekontua aletu zuen. Guztira, 322,4 milioi euro kudeatuko ditu, aurten baino %11,6 gehiago. 69,4 milioi hizkuntza politikara bideratuko dituzte, besteak beste, euskaltegien finantzaketa sistema berria gauzatzera eta doakotasuna zabaltzera. Beste lan ildo batzuk ere diruztatuko dituzte datorren urtean: eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko plana, ingurune digitalean euskara indartzeko bide orria, Euskaraldiaren hirugarren aldia eta inkesta soziolinguistikoa.
Era berean, 161,5 milioi euro EITBrako baliatuko dituzte. Kultur proiektuak sortzeko eta zabaltzeko ere «apustu garrantzitsua» iragarri zuen Zupiriak inbertsioetan.
GARRAIOA ETA ETXEBIZITZA
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2022ko aurrekontu proposamenaren berri eman zuen Iñaki Arriolak. Orotara, 564,4 milioi euro izango dituzte sail horretan, aurten baino %11,4 gehiago. Sailaren aurrekontuaren %65,11 garraiora bideratuko dute; % 30,38, etxebizitzara; eta %3,36, lurralde plangintzara. AHT abiadura handiko trenarentzat izango dira 51,9 milioi euro; horietatik 48,2 milioi Eusko Jaurlaritzak aurreratuko ditu, Espainiako Gobernuak Gasteizen esku utzi ondoren obren kudeaketa.
Etxebizitzaren alorrean 171,5 milioi euro erabiliko dituzte, aurten baino hamar gehiago. «Alokairuaren alde, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren eta prestazioen kudeaketaren beste etapa baten alde» egin nahi dute. Besteak beste, alokairu sozialeko 1.450 etxebizitza eraikitzen hasi nahi dute; Bizigune programak—etxebizitza hutsak kudeatzen ditu— 7.600 bizitoki izatea, gazteen emantzipazioa bultzatzen duen Gaztelagun programa 3.500 gazterengana ailegatzea eta alokairuko babes publikoko 1.100 etxe egiteko lurzoru berriak erostea ere xede gisa jarri dituzte.
EKONOMIA
Arantxa Tapia sailburuak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrekontu proposamenean jasotako zenbatekoen berri eman zuen. Haren hitzetan, lau ardatz nagusi izango ditu aurrekontuak: suspertze ekonomikoa bultzatzea, klima aldaketaren aurkako ekintza biziagotzea, «proiektu eraldatzaileak» areagotzea eta «behar handiko udalerrietan eta eskualdeetan» jarduera gehiago egitea.Orotara, 777,4 milioi euro izango ditu sailak, aurten baino %18,8 gehiago. Enpresa txiki eta ertainei laguntzeko erabili nahi dituzte 579 milioi euro —%32 gehiago—, eta trantsizio energetikoari eta klima larrialdiari aurre egiteko 304,3 milioi. Parke teknologikoetan «inoizko inbertsiorik handiena» ere egingo dute: 126 milioi euro. Gainera, Energiaren Euskal Erakundeak Next laguntzetatik jasotako 58,1 milioi euro eraginkortasun energetikoa hobetzeko etxebizitzen fatxadak berritzera bideratuko dituzte.
Jaurlaritzak aurten baino 127 milioi gehiago baliatuko ditu hezkuntzan
Euskararen arlorako aurrekontua ere %11,6 handitu da, eta erdia EITBrako baliatuko dute. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak aurreikusitako gastuak ere %11,4 egin du gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu