Jaurlaritzak «bizikidetza hobea» sustatu nahi du datozen urteetan

Udaberri 2024 plana aurkeztu dute, «bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna» ardatz. «Gogoeta kritikoa» eta herrietan sortutako «topaketarako guneak» sustatu nahi dituzte

Memoriaren Egunean egindako ekitaldia, 2017an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hamarkadak iraun duen indarkeria ziklo luze baten ostean, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean uste dute «bizikidetza hobe eta aberatsago bat» lortzea izan behar dela helburu nagusietako bat, betiere giza eskubideak oinarri hartuta eta bere burua askotarikotzat jotzen duen gizarte batean. Horregatik, prestatu duten plan berriaren zirriborroan, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna dira ardatzak. Udaberri 2024 izena jarri diote planari, eta Jaurlaritzak irailerako onartu nahi du, eragileen ekarpenak jaso ostean.

«Indarkeriak kalte egin zion bizikidetzari», planaren agiriaren arabera. Aro hori gaindituta, «bizikidetza hobetzea» da lehentasuna, «ez bakarrik orain arteko ezinikusi eta indarkeriak alde batera uzteko, baizik, halaber, gaur egun Euskadin dauden errealitate sozial ugariei erantzuteko moduan egoteko».

Esan daiteke Udaberri 2024 plana 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren eta 2017-2020rako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren jarraipena dela. Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi zelarik onartu ziren aurreko bi plan horiek.

Oraingoaren zirriborroan, berriz, nabarmentzen da ETAren amaierak «agertoki berria» ireki duela, eta beharrezkoa dela «askatu gabe dauden korapiloak askatzea».

GATAZKAREN ONDORIOAK

Orain arte bezala, biktimei garrantzi handia eman nahi diete bizikidetza sustatzeko politiketan: «Biktima guztiak, parekatzerik, konpentsaziorik eta bazterketarik gabe», txostenean agertzen den bezala. «Terrorismoaren biktimen» zein «motibazio politikoko indarkeriaren biktimen» aitortzan urratsak egitea da helburua.

«Iraganari buruzko gogoeta autokritikoa» sustatzea ere xede gisa agertzen da txostenean. Horretarako, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartu nahi dute. Irailean irits daiteke hori.

«Denok begiratu behar diogu iraganari; gure betebeharra da», agertzen da txostenean. «Batez ere, ikasitakoari jaramon eginez, etorkizuna oinarri sendoetan bermatuta eraikiko badugu: jendeari duintasuna emanez, giza eskubideei benetako babesa eta garantia emanez, eta indarkeriaren zentzugabekeria erabat deslegitimizatuz».

Txostenaren arabera, espetxe politika ere «normalizatu» egin behar da bizikidetza sustatuko bada. Sailean uste dute espetxe erakundeen funtzionamenduari buruzko eskumena Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara igaro izanak lagun dezakeela «bakea sendotu eta bizikidetzan aurrera egiteko», planean horren inguruko xehetasunik egin ez duten arren.

Presoak askatzen dituztenean herrietan egin ohi zaizkien harrera ekitaldiak ere aipatzen dira txostenean, eta horrelakoak ez egitearen aldeko iritzia agertzen da, «indarkeriaren kultura politikoaren goratze sinbolikoa eta biktimak berriro biktima bilakatzea» direlakoan.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak oso positibotzat jotzen ditu zenbait herritan askotariko eragileen arteko elkarrizketa eta harremanak sustatzeko egin diren esperientziak. Asmoa litzateke herrietan egindako ahalegin hori datozen urteetan maila zabalagoetara eramatea, eta «bizikidetzaren kulturarako bide ematen duten ekinbide eta topaketarako guneak sustatzea».

GIZA ESKUBIDEAK

Giza eskubideen alorrean, txostenean egiten den analisia argia da: nazioartean jotzen duten haizeek, pandemia egoerak eta abarrek adierazten dute ez direla garairik onenak giza eskubideentzat, baina hori «Euskadirentzat aukera aparta» izan daiteke «eskubide horiek babesteko, indartzeko eta bermatzeko».

Bide horretan, garatzen diren politika guztiei «giza eskubideen ikuspegia» ematea eta bi urtean behingo txostenen bidez egoera etengabe ebaluatzea proposatzen du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Udaberri 2024 planean.

Herritarren sentsibilizazioari ere garrantzi handia eman diote planean, eta arlo horretan sailak abian jartzen dituen programa, ekinbide eta ekitaldiak zerrendatu egin dituzte txostenean: ikerketak, zine emanaldiak, sariak eta abar. Horietako bat da urtero abenduaren 10ean antolatutako ospakizuna Giza Eskubideen Egunaren karietara: txostenean gogorarazten da bi urte barru, 2023koan, 75 urte beteko direla Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala plazaratu zenetik.

Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak ere bermatu nahi dituzte Udaberri 2024 planaren bidez, azken urteetako krisi ekonomikoek horietako asko galtzea edo haien sustapenean atzera egitea ekarri dutela jakitun. Giza eskubide eta bizikidetzaren alorrean ere enpresak «lehen mailako eragileak» izatea da xedea.

ANIZTASUNA

Aniztasunaren kudeaketan eta bazterketaren kontrako borrokan, Eusko Jaurlaritzaren orain arteko lan esparru nagusiak LGTBI kolektiboa, ijitoen komunitatea eta migratzaileak izan dira. Asmoa da gizatalde horiekin egindako lana sendotu eta beste multzo batzuetara ere hedatzea.

Horretarako, zenbait tresna aipatzen dituzte planean, horietako bat Tratu Berdintasunaren eta Bazterketarik Ezaren Legea. Sailean uste dute horren tramitazioak luze joko duela oraindik, eta espero dute 2023rako onartzeko prest egon daitekeela.

Sexu eta genero orientazioaren araberako aniztasuna «modu positiboan kudeatu» eta LGTBI kolektiboaren bazterketaren aurka borrokatzeko orain arteko tresna eta planei eusteaz gain, transexualak genero nortasunagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko 14/1012 legea aldatzeko beharra eta asmoa jaso dituzte txostenean.

Kulturaren, arrazaren eta jatorri etnikoaren aniztasuna ere agertzen da planean. Migratzaileen «erabateko sustapena eta parte hartzea» bilatzen da, eta arrazakeriaren eta bazterketaren kontrako borrokan ijito herriari buruzko aipamen berezia dago: hura «erabat integratzea» eta gizartean parte hartzen laguntzea ezarri dute helburu gisa.

ERLIJIOA ETA BESTE

Aniztasunaren arloan, orain arteko politikek LGTBI kolektiboa eta gutxiengo etnikoak izan dituzte helmuga nagusi, baina, txostenean agertzen denaren arabera, esparru gehiago lantzeko asmoa dute: adibidez, erlijio aniztasuna, adinekoen eskubideak eta aniztasun funtzionala.

Erlijio aniztasunari dagokionez, Erlijioen Euskal Kontseilua sortzea aurreikusten da. Komunitate islamikoarekin elkarlana bilatzen duen Ados batzordeari segida emango diote, eta aste gutxiren buruan onartzekoa den Gurtza Zentroen Euskal Legea garatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.