Estatutua edo estatusa auzitan

Estatus politikoaren inguruko eztabaida agendan da berriz ere. Estatuko testuinguru politikoa eta Eusko Legebiltzarrerako bozak dira hori bultzatu duten faktoreetako bi.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek duela 44 urte onartu zuten Gernikako Estatutua, eta ia lau hamarkada eta erdi geroago hura dago oraindik ere indarrean. Egunotan, baina, alderdi abertzaleek estatutu hura berritzeko eta, horrekin batera, estatus politiko berri batera jauzi egiteko abagunea dela aldarrikatu dute. Hori ahalbildetu duen testuingurua aztertu dute Iker Iraola eta Arantxa Elizondo EHUko irakasleek.

2016-2020ko legealdiaren bigarren erdian, estatus politiko berriaren inguruko eztabaidak susperraldi bat izan zuen Eusko Legebiltzarrean, baina legealdi berriarekin ezerezean geratu zen eztabaida. EAJren eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzako gobernu akordioak ez zion estatus berri bati erreferentziarik egin, eta Eusko Legebiltzarrean ez da urrats esanguratsurik egin ordutik. Iraolaren esanetan, azken urteetan eztabaidan agertu eta desagertu ibili da gaia.

Ikusi gehiago: Estatutuaren urtemugak autogobernuari buruzko eskaerak azaleratu ditu

Orain, baina, agenda politikoaren arretagunera egin du salto. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk estatus berriaren inguruko eztabaidari heltzeko beharra adierazi zuen Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran, nahiz eta gehitu legealdi bukaera ez dela horretarako abagune aproposa. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, koalizioaren konferentzia politikoan nabarmendu zuen estatus politikoaren inguruan «adostasun zabal bat» osatzeko unea dela.

Gaia eztabaida politikora itzuli izanaren oinarrian zenbait aldagai daude, eta Iraolak Eusko Legebiltzarrerako bozak nabarmendu ditu horien artean: «Agian, lehentasunezko gaiak sozialak izango dira —Osakidetzaren eta gizarte zerbitzuen egoera—, baina honek ere garrantzia badauka, batez ere, EH Bilduren eta EAJren arteko lehian». Eta, testuinguru horretan, eztabaida politikoa Euskal Herrira gerturatzeko elementu bat dela azaldu du.

Eztabaidaren kokapena

Ideia horrekin bat egin du Elizondok ere. Haren hitzetan, azken bizpahiru urteetan, esparru autonomikoari gailendu zaio Espainiako politikagintza, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi eta eragileen artean ere, eta autogobernuaren gaia agendan kokatzeak protagonismoa Eusko Legebiltzarrera zuzendu dezake.

Halere, Urkulluk gaia jorratzeko izaniko modua estatuari begirakoa dela iruditzen zaio Elizondori: «Aldatu egin du fokua, aldebiko harremanen bidera, eta ez aktore autonomikoen arteko eztabaidara». Eta hori, Sanchezen inbestiduraren harira izan ditzaketen negoziazioekin lotu du, baita alderdi abertzaleek Espainiako gobernabidean izan dezaketen rolean zein rol horrek Eusko Legebiltzarreko bozetan izan dezakeen eraginean ere. «Berriro ere, estatuko politikak hartu duen lehentasun hori».

Hortik aurrera, ikusteko dago noraino helduko zaion estatus berriaren gaiari. Iraolak alderdiek izan ditzaketen interesekin lotu du hori, unean unekoak, baina baita sakonagoak ere. EH Bilduren kasuan, azaldu du koalizioak erabakitzeko eskubidea «zentrora» eramatea izango duela xedeetako bat. Kontrara, uste du PSE-EEk estatutu berria egungoa «berritzeko» elementu gisa planteatzen duela, eta, beraz, ez duela «pizgarririk» gaiari heltzeko: «Badaki estatus politikoaren inguruko eztabaida irekitzen bada, ezinezkoa dela erabakitzeko eskubidea, nazio aitortza eta nazio izaera eztabaidatik kanpo uztea». Hala, Iraolak adierazi du ikusi beharko dela alderdiak igaro ote daitezkeen, eta nola, erabakitzeko eskubidea «modu abstraktuan» jorratzetik lege batean ezartzera.

Nafarroan, bestela

Nafarroako testuingurua bestelakoa da. Parlamentuak herenegun onartu zuen Foru Hobekuntza aztertzeko eta berritzeko lantaldea osatzea, baina bestelako eztabaida bat espero da bertan. Iraolaren esanetan, «aurrerapauso handia» da abertzaleentzat, Nafarroak «subjektu politiko» gisa izan behar denaren inguruan eztabaidatzeko aukera eman dezakeelako. Baina uste du sozialistei ez dakarkiela Eusko Legebiltzarreko eztabaidak adina arazo, ez delako erdigunean kokatuko erabakitzeko eskubidea.

Ricardo Feliu NUPeko irakaslea, berriz, «eszeptikoa» da lantaldeak eman dezakeenarekin. Izan ere, uste du PSNk «inolako konbentzimendurik» gabe onartu duela hura osatzea, gobernu akordioak hala eskatzen ziolako soilik. Hala, bi aukera ikusten ditu, balizko erreforma baten nolakotasunaren arabera. Haren ustez, aukera posible bat da 2010ekoa bezalako erreforma bat bilatzea, «bigarren mailako» zenbait elementu berrituta: «Orduan ez ziren ukitu eskuduntzak, eskubide sozialak eta muinean Nafarroak Espainiako estatuan izan beharreko estatusa».

Halere, NUPeko irakaslearen ustez, egungo testuinguruak antz gehiago du 2003-2007ko legealdiko erreforma saiakerarena. Ibarretxe Planaren eta Kataluniako Estatutua berritzeko eztabaidaren garaiak ziren, eta Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko ponentzia bat eratu zen. Han, baina, ez zen akordiorik egin. «Hogei urte geroago antzeko eszenatoki batean gaude. Lurralde auzia mahai gainean dago, eta interes alderdikoiak zein sakonagoak nahasten dira». Hala, ez du uste testuinguru horretan «erreforma sakonik» egin daitekeenik. Hasteko, PPk adierazi baitu Espainiako Senatuko gehiengoa baliatuko duela halakorik geldiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.