Italiak %40ko zerga jarri die bankuei, eta oinarrizko errenta kendu du

Melonik urtebetean 10.000 milioi euro inguru bildu nahi ditu bi neurriekin, martxan jarri duen zerga erreformak eragingo dion zuloa estaltzeko. Finantza erakundeak «ezustean» harrapatu ditu

Meloni gobernuburua eta Salvini lehen ministrordea, ministroen kontseilu batean. FABIO FRUSTACI / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Italiako eskuin muturreko gobernuak gerra deklaratu die bankuei eta pobreei. Batetik, iragarri du %40ko zerga jarriko diela bankuen ezohiko irabaziei, eta, bestetik, baliabide gutxien duten herritarrentzako oinarrizko errenta kentzen hasi da. Neurriokin, martxan jarri duen zerga erreformak eragingo dion zuloa estali nahi du. Izan ere, Italia pilatzen ari den defizitak ezbaian jarri du Europako funtsen tramitazioa, eta Bruselari aurkeztutako plana aldatu behar izan du.

Gobernuak 2023. urtera mugatuko du zerga berezia. Letra txikia argitzea falta da, baina zehaztu du bankuek ordaindu beharreko zenbatekoak ez duela gaindituko finantza erakundearen ondare garbiaren %25. Gobernuak 2.000-3.000 milioi euro biltzea aurreikusten du. Eta «interes tasen igoera dela-eta kaltetutako hipotekadunak eta enpresak laguntzeko eta herritarren karga fiskala murrizteko» erabiliko du dirua.

Neurria oporren aurreko azken bileran iragarri du, ezustean. Dena den, Giorgia Meloni gobernuburuak ohartarazia zuen halako erabaki bat har zezakeela, bankuek maileguak emateko interesak handitu dituztelako, baina ez, ordea, herritarren gordailuen interesak. «Hilabeteetan behin eta berriz esan dugu interes tasak igotzeko EBZren estrategia okerra dela; erabaki hau saihetsezina izan da», adierazi du Antonio Tajani Atzerri ministroak. «Berdintasun sozialeko neurri bat da», gaineratu du Matteo Salvini lehen ministrordeak.

Estatuaren «metadona»

Melonik bere hauteskunde programan egindako beste promesetako bat bete ondoren iritsi da bankuen aurkako neurria. Egunotan, gobernua telefono mezu bidez abisatzen ari zaie ehunka milaka familiari aurki oinarrizko errenta jasotzeari utziko diotela.

Ekainean 2,1 milioi pertsonak jaso zuten —biztanleriaren %4,7—, milioi bat etxetan. Horietatik bi herenak baino gehiago —1,5 milioi biztanle— hegoaldean bizi dira. Laguntza hilean 560 euro ingurukoa da batez beste familia bakoitzeko, eta iaz gobernuak 8.000 milioi euro jarri zituen, eta 28.000 milioi indarrean denetik.

5 Izar Mugimenduko Giuseppe Conteren gobernuak abiarazi zuen 2019an. Oposizioan zegoela, Melonik «estatuaren metadona» gisa izendatu zuen, ez duelakoan enplegua bilatzera bultzatzen. Herritarrik txiroenak laguntzeko helburua du. Eta baldintza hauek bete behar dira: Europako herritarra izatea eta gutxienez hamar urte eman izana Italian bizitzen—azkenengo biak jarraian—, 30.000 eurotik beherako higiezin ondarea eta 6.000 eurotik beherako finantza ondarea izatea, eta diru sarrerak urtean 9.360 eurotik gorakoak ez izatea.

Gaur egun laguntza jasotzen dutenek urtearen amaierara arte luzatu ahal izango dute baldin eta udaletako gizarte zerbitzuek beren gain hartzen badute. Gobernuak uste badu lan egiteko moduan daudela eta 6.000 eurotik beherako diru sarrerak badituzte, 350 euro emango dizkie urtebetez, lan prestakuntzako ikastaroetarako.

Meloniren asmoa da oraingo laguntza beste batekin ordezkatzea hurrengo urtean, eta baldintza hauek jartzea: urtean 9.300 eurotik beherako diru sarrerak eta 6.000 eurotik beherako ondarea izatea, eta gutxienez adingabe batekin, desgaitasunen bat duen batekin edo 60 urtetik gorako batekin bizitzea.

Herritar askok eta oposizioak kritika eta protestak eginez hartu dute gobernuaren erabakia. «Pobreziaren aurkako gerra egin beharrean, gobernu honek pobreen aurkako gerra egiten du», adierazi du Elly Schlein Alderdi Demokratikoko idazkari eta oposizioko buruak. Egunotan, herritarrak ere kalera atera dira protesta egitera, batez ere herrialdearen hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.