Izurrian zahar etxeetan izandako hilgarritasuna langile ratioekin lotu dute

COVID-19ak zahar etxeetan eragindako hilgarritasun tasa «altua» jaso dute Eusko Jaurlaritzaren txosten batean. Artolazabalek eredua defendatu du legebiltzarrean: «Sistemak ondo funtzionatu du»

Beatriz Artolazabal sailburua, Eusko Legebiltzarreko pleno aretoan, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurriak hilgarritasun tasa «altua» utzi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan: kutsatutako bost adinekotik bat zendu zen gaitzaren ondorioz. Kutsatze eta heriotza horien inguruko datuak bildu ditu Eusko Jaurlaritzak txosten batean, eta hilgarritasun tasaren eta zentroetako langile kopuruaren arteko lotura berretsi du: «COVID-19aren ondorioz egoitzetan gertatu diren heriotzak aztertzean kontuan eduki behar da eragin handia dutela arreta ratio txikiek (arduraldi osoko langileak erabiltzaileko)». Beatriz Artolazabal Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, baina, txostenaren ondorioak ez dira hain argiak: «Sistemak ondo funtzionatu zuen».

Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo sailburua, hain zuzen, COVID-19ko heriotza tasa adinekoen egoitzetan 2020-2021 azterlanaren berri ematen, EH Bilduk eskatuta. Txostenean bildutako datuen arabera, 2020ko martxotik 2021eko irailera bitartean, zentrootan bizi ziren 8.377 pertsona kutsatu ziren koronabirusarekin (egoiliarren %34), eta 1.680 hil ziren gaitzaren ondorioz, zuzenean edo zeharka; hau da, %20. Halere, kutsatzeek eta heriotzek behera egin zuten pandemiak aurrera egin ahala: lehen olatuan, 65 urtetik gorako kutsatuen %46 zahar etxeetan bizi ziren; bigarren olatuan, %15era jaitsi zen portzentajea, eta 2021eko otsailaren ostean, %3ra.

«Egoitzek azkar erreakzionatu behar izan zuten, eta irmo ziurta dezakegu prebentzio neurriak eraginkorrak izan zirela kutsatzeak eragozteko; bilakaera horrek, gainera, txertaketaren eragin positiboa adierazten du», nabarmendu du Artolazabalek. Datuei erreparatuta, azaldu du lehen olatuan gogorren jotako egoitzetan izan zituztela emaitzarik onenak prebentzio neurriek: «Haiek egokitu ziren hobekien».

Txostenak, era berean, hilgarritasun tasa handiagoa atzeman du zentro publikoetan 2021ean; arrazoietan sakontzea gomendatu du, baina iradoki du bi aldagaik baldintzatu dutela hori: egoitza handiagoak direla eta egoiliar mendekoagoak jasotzen dituztela. Hala, zahar etxeen eredua babestu du sailburuak: «Sistemak ondo funtzionatu du. Egoitza handietan izan zen inpaktu dramatikoena hasieran, baina azkarrago erreakzionatu zuten, eta eraginkorrago. Hilgarritasun handiagoak lotura du egoiliarren zaurgarritasunarekin, baina ez zentroen titulartasunarekin».

Edonola ere, ezaugarri diferenteak dituzten zentroen arteko datuak alderatzean, aldagai esanguratsua da langile ratioena, txostenean diotenez. Egoiliar bakoitzeko behargin gutxiago zituzten zahar etxeetan ez zen hainbeste nabaritu heriotzen beheranzko joera: «Arreta ratio txikiko egoitzetan, 2021eko hilgarritasun tasa 2019koa baino 4,9 puntu portzentual handiagoa izan zen; ratio ertainekoetan 0,89 puntu handiagoa izan zen, eta ratio handikoetan, 1,97 puntu handiagoa. Ezbairik gabe, hori oso garrantzitsua da zentro moten araberako hilgarritasun tasen diferentziak aztertzeko».

Ratioen dekretu berria

Artolazabalek, ordea, ez ditu ratioak aipatu lehen mintzaldian, Jaurlaritzak arlo horretan duen eskumen nagusietako bat den arren. Izan ere, kritika gogorrak egin zizkioten gobernuak 2019ko udan onartutako dekretuari, langileen ratioak ez zetozelakoan bat mendekotasun handia duten egoiliarren arretarekin, eta pandemiaren harira araua berraztertzea adostu zuten Legebiltzarrean.

Alderdiek galdetuta, sailburuak jakinarazi du dekretu berria 2023ko lehen hiruhilekoan onartzea espero duela, baina ukatu egin du langile kopurua arazo bat dela: «Dekretua ona zen, anbiziotsua azpiegituren eta arreta indibidualizatuaren ikuspegitik, baina berraztertu egin behar zela ikusi genuen. Dena den, entitateekin egiten ari garen lanean, familiek ez dituzte eskatu ratio handiagoak, baizik arreta eredua aldatzea kalitatearen ikuspegitik: taldeak askotariko diziplinatakoak izatea».

Txostenarekin eta ratioen auziarekin lotuta, EH Bilduk egin dizkio kritikarik gogorrenak Artolazabali. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak aurpegiratu dio azterlana isilpean gordetzea: «Maiatzekoa da, uztailean egin zen publiko; oso zorrotza da, baina Jaurlaritzak ez du adierazpenik egin honi buruz, ez dugu ezer jakin. Agian, hilgarritasun aldagaien artean badaudelako zuen esku daudenak: baliabide gehiago jartzea». Artolazabalek zahar etxeetako langileei adierazitako esker ona ratio handiagoekin demostratzeko eskatu dio: «Zaintza krisi betean gaude, Berdintasun sailburu ere bazara, eta zure sailaren barruan dauden hainbat elementu zentralak dira kalitatezko arreta eta lan baldintza duinak bermatzeko».

Laura Garrido PPko eledunak ere leporatu dio «berandu» datorrela dekretua: «EAEn beti izan gara eredugarriak gizarte zerbitzuetan; ezin gara konformatu esatearekin gauzak ez direla beste erkidegoetan bezain txarto joan, zorrotzagoak izan behar dugu».

Elkarrekin Podemos-IUko ordezkari Isabel Gonzalezek, berriz,«egia, justizia eta erreparazioa» galdegin du egoiliarrentzat, senideentzat eta langileentzat: «Datuak ikusita, oraindik ere zahar etxeetako murruen barruan gertatzen denari begiratu behar diogu. Hitz egin behar dugu egoiliarren bakartzeaz, gainezka dauden langileez, eta irabaziak bizitzaren gainetik jartzen dituzten enpresez». Erantzun egin dio Artolazabalek: «Zahar etxeetan ez dago murrurik; horiek kartzeletan daude. Egoitzetan ez dira pertsonak zokoratzen; kalitatez eta berotasunez zainduak dira. Zentroren batean haien eskubideak urratzen badira, joan Fiskaltzara eta salatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.